Jaurlaritzak gauerdian indargabetuko du alarma egoera

Urkullu lehendakariak gaur goizean sinatu du larrialdi egoeran hartutako neurriak bertan behera utziko dituen dekretua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bihartik aurrera ezarriko da «normaltasun berria».

Herritarrak paseoan, Donostiako Ondarreta hondartza alboan. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 18a
12:45
Entzun

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman du albistea: «Ia ehun eguneko salbuespen egoeraren ostean, normaltasun berria bihar hasiko da Euskadin». Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean sinatu du alarma egoera amaitutzat ematen duen dekretua, eta, beraz, indargabetu egin ditu Jaurlaritzak zein Espainiako Gobernuak «salbuespen egoeraren testuinguruan» hartutako neurriak.

Osasun Sailak Jaurlaritzako sailburuei gaur aurkeztu dien txostenak dioenez, «osasun eta epidemiologia egoera ikusita, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gainditutzat jo daiteke hirugarren fasea». Ondorioz, Lakuak berriz bere esku izango ditu Gernikako Estatutuak arautzen dituen eskumenak, eta gauerdian zabalduko da Bizkaiaren eta Kantabriaren arteko muga.

«Normaltasun berria», berriz, Nekane Murga Osasun sailburuak sinatutako agindu batek arautuko du: hortxe zehaztuko dituzte etapa berriko prebentzio, zaintza eta kontrol neurriak. Erkorekak azaldu duenez, agindu horrek «Euskadiri egokitutako araudi propio bat» ezarriko du, eta «garrantzitsu» iritzi dio aurrerantzean ere neurriak eta norbanakoen ardura mantentzeari, «birusa oraindik ere gurekin dagoelako».

Baina herritarrentzat zer esan nahi du «normaltasun berrian» sartzeak? Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak erantzun dio galdera horri, Biziberri planak biltzen dituen neurriak azalduz: «Bihar igaroko gara errealitate berrira, baina ez normaltasun osora. Hilabete batzuetan, gutxienez, mugak izango ditugu».

Besteak beste, bihartik aurrera ere maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da gune itxietan eta garraio publikoan —100 eurorainoko isunak ezar ditzakete ez janzteagatik—; pertsonen arteko distantziak metro eta erdikoa izan beharko du; eta leku itxien okupazioa gehienez ere %60koa izango da. Ez hori bakarrik: ostalaritzan eta dendetan ez da gehienezko jende kopururik izango, baina metro eta erdiko distantzia bermatu beharko da, eta haur parkeak zabalduko dira, baina ume bakoitzak bermatua izan beharko du lau metro karratuko gune bat.

Horrela, beste hamaika zehaztapen biltzen ditu planak, eta %60ko muga errespetatu beharko da jarduera gehienetan: jarduera kulturaletan eserita egon beharko da, aurrez zehaztutako eserlekuan; kirol ikuskizunetan, %60ko muga egongo da, eta gehienez mila lagun egon ahalko dira —Tapiak ez du zehaztu zer gertatuko den futbol partidekin—; eta diskotekak zabaltzea posible izango da, baina dantzarako pistarik gabe.

Datuak, egoeraren erakusgarri

Murgak, berriz, datuen inguruan jardun du gaur ere: «Bizi dugun egoera onaren erakusgarri dira». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste pertsona bat hil zen atzo koronabirusaren ondorioz, eta egin ziren 3.377 PCR probek hamar positibo antzeman zituzten. Osasun sailburuaren iritziz, «Euskadi prest dago bihartik aurrera normaltasun berrira igarotzeko», nahiz eta aitortu duen joan-etorriak areagotzeak zaildu egin dezakeela kutsatzeen jarraipena eta kontrola: «Hau da bidea; Osakidetzak gaitasuna handia du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.