Nafarroan igandean indargabetuko dute alarma egoera

Larunbat gauerdian hasiko da «normaltasun berria». Besteak beste, haur parkeak, eguneko zentroak eta eskolak ireki ahalko dituzte, eta gehienezko edukierak, oro har, %75ekoak izango dira.

Maria Txibite eta Santos Indurain gaurko agerraldian, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 19a
15:19
Entzun

Hego Euskal Herriko beste lurraldeetara baino 48 ordu geroago helduko da «normaltasun berria» Nafarroara. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak gaur onartu du igandetik aurrerako fasea arautuko duen dekretua, eta larunbat gauerdian sartuko da indarrean.

Nafarroan, besteak beste, haur parkeak, eguneko zentroak eta eskolak ireki ahalko dituzte; gehienezko edukierak, oro har, %75ekoak izango dira; tabernetako terrazek %100ean funtzionatu ahalko dute, metro eta erdiko segurtasun tartea bermatzen bada; eta udaleku irekiak baimendu dituzte —itxiak ez—. Maskara oraindik ere derrigorrezkoa izango da metro eta erdiko tartea gorde ezin denean. Gobernuak bihar edo etzi argitaratuko du neurria Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Txibitek argi utzi du etorkizuna ez dela izango pandemia baino lehenagokoa bezalakoa: «Birusak hor jarraitzen du, eta, txertoa iritsi arte gutxienez, neurriak errespetatu beharko ditugu». Mugikortasuna lehenago ez baimentzearen arrazoia osasun irizpideak betetzea izan dela adierazi du lehendakariak, «aurreko fase guztietan egin dugun bezala».

Nafarroan normaltasun osoa berreskuratuko ez duten erakusle izango dira, besteak beste, festak; Gobernuak jai guztiak debekatzea erabaki du —baita sanferminak ere—, «kutsatze foku berriak sor ditzaketelako». Santos Indurain Osasun Kontseilariaren iritziz, «festarik onenak 2021ekoak izango dira, normaltasunean egingo ditugunak», eta ziurtzat jo du herritarrek «aisialdirako beste jarduera batzuk asmatuko» dituztela. Diskotekak, berriz, zabaltzea baimendu dute, baina dantzalekurik gabe.

Neurri berriak

Aurrerantzean hartu beharreko beste neurri batzuk ere xehatu ditu gobernuak: beilatokietan ezingo da izurri aurreko edukieraren %50 baino gehiago bete, eta gurtza eremuetan, %75ekoa izango da muga. Txikizkako merkataritzan ere ezingo da gainditu %75eko edukiera, eta merkataritza zentroetan, %50ekoa.

Ostalaritzari dagokionez, lokalen barneko edukiera lehengoaren %75 izango da, eta kontsumitzaileek barran eta mahaietan hartu ahal izango dituzte jan-edanak. Terrazak, berriz, osorik zabaldu ahalko dituzte, baina ezingo dira 25 lagunetik gorako taldeak sortu.

 

%75ekoa izango da muga elkarte gastronomikoetan, zinema aretoetan, antzokietan, zirkuetan, museoetan eta liburutegietan ere. Gida batekin egindako bisita eta jardueretan, 25 lagun elkartuko dira gehienera. Kanpoaldean eginiko jardueretarako, %75eko aforoa eta 1.000 pertsonako muga ezarri dute.

Kirola ere egin ahal izango da taldean; kalean, ezingo dira 25 pertsona baino gehiago elkartu, eta leku itxietan denean, horien aforoa %75ekoa izango da gehienez. Materiala ezingo da konpartitu, eta eremu komunetarako nahitaezkoa izango da maskara. Edukiera bera izango da igerilekuetan, eta aurrerantzean ez da txandarik hartu beharko, baina lekua egokitu beharko da jendearen arteko distantzia ziurtatzeko.

Gaueko irteerarik ez haurrentzat

Baimenduta egongo da haurren aisialdirako jarduerak antolatzea, ohiko taldeen %75ek eta gehienez 250 umek parte hartuta; leku itxietan bada, edukiera %50era murriztu beharko da, eta 150 haur batu ahalko dira asko jota. Gainera, debekatuta egongo dira haur eta nerabeen taldekako kanpaldiak eta gaua etxetik kanpo igarotzea eragiten duten irteerak.

Adinekoen eguneko zentroetan, berriro hasiko dira lanean, edukieraren %75 gainditu gabe. Erretiratuen klubak ere berriro zabaldu ahalko dira, %75eko edukieratik behera beti ere. Zahar etxeetan, bisitak eta irteerak baimentzen jarraituko dute, baina irteera horiek modu progresiboan antolatu beharko dituzte. Haur eskola pribatuak %75eko edukiera beteta zabaldu ahal izango dira, ratioak mugatuta.

Ibilgailu pribatuetan, eserleku guztiak joan daitezke okupatuta; gauza bera garraio publikoan. Bi kasuetan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, salbuespen batekin; ibilgailuan doazen guztiak etxe berean bizitzea.

Itxaropen mezua

Itxaropenerako mezua ere zabaldu du Indurainek, baina kontuz ibiltzeko eskatu du: «Ez dugu ahaztu behar zer igaro dugun. Lehen, kaleak husten eta ospitaleak betetzen ari ginen, eta, orain, alderantziz».

Dekretu berriari esker, gainera, herritarrek igandean berreskuratuko dute Euskal Herri osoan joan-etorriak egiteko askatasuna, ia ehun eguneko debekuaren ostean.

11 hildako Hegoaldean

Datuei dagokienez, Hego Euskal Herrian azken 60 egunetan COVID-19aren PCR proban positibo emandako beste pertsona bat hil zen atzo; hala ere, Nafarroako Gobernuak jakinarazitako datuetan atzo emandako kopurua baino hamar hildako gehiago daude, aurreko egunetakoak seguru asko. Proba horrek berak atzemandako kasu berriak, berriz, 21 dira: 11 Bizkaian, zazpi Nafarroan, bi Araban eta bakarra Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.