"Euskal herritaren mugimendu bat" sortzearen alde agertu da Garrido

Atzo irabazi zituen Ahal Dugu-ko buru izateko bozketa. Ezkerreko gobernu bat eratzearen alde mintzatu da koordinatzaile gisara egin duen lehen agerraldian..

Pilar Garrido, atzo, barne prozesuaren emaitzen berri emateko agerraldian. EFE
2020ko ekainaren 20a
11:27
Entzun

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko koordinatzaile gisara hitz egin du lehen aldiz gaur goizean Pilar Garridok. Atzo amaitu zen alderdiko burua aukeratzeko prozesua eta botoen %84arekin gailendu da (1.371 boto). Idazkari nagusia kargua zena, aurrerantzean koordinatzaile kargua izango da, eta gisa horretan euskal herritar mugimendu bat sortzearen alde mintzatu da gaur.

Garridok eskerrak eman dizkie militanteei prozesuan parte hartzeagatik, eta alderdia indartsuagoa eta barneratzaileagoa egiteaz mintzatu da, "pertsona guztiek lekua izan dezaten". Beharrezkotzat jo du "jokaleku politikoa ostikoz jotzeko euskal herritar mugimendu indartsu bat sortzea".

Bere hitzetan espazio politikoan azken 40 urteetan izan diren indar politikoek ez dute jokaleku hori aldatu nahi izan, "edo ez dute jakin aldatzen", "batzuk konfortetik ez ateratzeagatik eta beste batzuk etsi duenaren lekua hartu dutelako". Horren aurrean aldarrikatu du Ahal Dugu ahal izatearen indar politikoa dela, eta euskal herritarren mugimendu horren sorreran lagunduko duela.

Garridok gaineratu du euskal gizartea ezkerrerako joera duela, eta hori islatu behar dela krisitik "elkatasunez eta justizia sozialaz" aterako duen ezkerreko gobernu batean. Unidas Podemosek Madrilen lortu duela esan du Garridok. "Eta Euskadin ere egin dezakegu, Ahal Dugu-k osatzen duen alternatiba badago. Urkulluk, Revillak eta Feijook ordezkatzen duten ereduak ez du ordezkatzen euskal gizartea".

Horretarako hainbat eragileekin aliantzak josiko dituztela esan du, sozialak, sindikalak, enpresarialak eta kulturalak, tartean, Denekin hitz egingo dutela azpimarratu du. "Euskal gizartea batuta, antolatuta eta ahaldunduta behar dugu boterea erakundeen barrutik eta kanpotik hartuko duena".

Zubiak zuen izena bere hautagaitzak eta berarekin zihoazen zerrendan Miren Gorrotxategi lehendakarigaia, Asun Merinero Bizkaiko batzarkide ohia eta David Soto Irungo zinegotzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.