Oroimen historikoa

Bi makiren gorpuzkiak atera dituzte Gazteluberrin

Lekukotasunen arabera, 1944. urtean hildako frankismoaren aurkako bi borrokalari dira. Aranzadiko teknikariak aritu dira indusketa egiten.

Aita-semeak dira, ustez, frankistek Gazteluberrin izenik gabe lurperatuak. Baten alkandorak berreskuratu dute. NAFARROAKO GOBERNUA
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 20a
17:51
Entzun

Izenik gabe lurperatuta zeuden Gazteluberriko (Nafarroa) hilerrian. Inguruan jasotako lekukotasunen arabera, aita-semeak lirateke, frankismoaren kontrako borrokan sasian ibilitakoak, eta 1944. urtean hilak.

Nafarroako Memoriaren Institutuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak aritu dira elkarlanean, borrokalarion gorpuzkiak berreskuratzeko. Hezurren ondoan, arkatz bat eta hainbat jantziren hondakinak agertu dira.

Institutuak aurtengorako duen egitasmoko lehen deshobiratzea da. Izan ere, ez da lan erraza izan, izurriak eragindako larrialdi egoera dela eta. Hainbat indusketa bertan behera utzi behar izan dituzte.

Frankismoaren krimenen inguruan lan egiten duten erakundeak indusketa ikusten egon dira gaur, baita Nafarroako Gobernuko kide Ana Ollo eta Gazteluberriko alkate Jose Hernandez Aristu. Azken horrek esan duenez, oroigarri bat jarriko dute hobian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.