Izenik gabe lurperatuta zeuden Gazteluberriko (Nafarroa) hilerrian. Inguruan jasotako lekukotasunen arabera, aita-semeak lirateke, frankismoaren kontrako borrokan sasian ibilitakoak, eta 1944. urtean hilak.
Nafarroako Memoriaren Institutuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak aritu dira elkarlanean, borrokalarion gorpuzkiak berreskuratzeko. Hezurren ondoan, arkatz bat eta hainbat jantziren hondakinak agertu dira.
Institutuak aurtengorako duen egitasmoko lehen deshobiratzea da. Izan ere, ez da lan erraza izan, izurriak eragindako larrialdi egoera dela eta. Hainbat indusketa bertan behera utzi behar izan dituzte.
Frankismoaren krimenen inguruan lan egiten duten erakundeak indusketa ikusten egon dira gaur, baita Nafarroako Gobernuko kide Ana Ollo eta Gazteluberriko alkate Jose Hernandez Aristu. Azken horrek esan duenez, oroigarri bat jarriko dute hobian.