EUSKO LEGEBILTZARRERAKO BOZAK

Jasone Agirreren ustez, «ez dute balio» krisiari aurre egiteko «betiko errezetek»

EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburuaren arabera, zerga erreforma bat behar da, «bakoitzak duenaren arabera egin dezan ekarpena»: «Ezinezkoa da enpresa eta aberastasun handiek gizarteari dagokiona eman gabe jarraitzea».

Jasone Agirre EH Bilduko kidea, 2019ko abenduko ekitaldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2020ko ekainaren 24a
13:00
Entzun

Koronabirusak ekar dezakeen krisiaren aurrean Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak adierazi du EH Bilduk «ez duela onartuko murrizketa bakar bat ere arlo sozialean». Eusko Jaurlaritzak iragarri du langabezia tasa %13tik gorakoa izango dela, baina, Agirreren ustez, horren aurrean «ez dute betiko errezetek balio, ezta 2008ko krisialdian aplikatu ziren neurriek ere».

«EAJko bozeramaile esanguratsuek eta Urkulluk berak murrizketak egiteko beharra iradoki dute. Argi eta garbi hitz egiten dute sakrifizioez. Baina ez dute entzun eta eztabaidatu nahi herri honetako baliabide publikoak handitzeko aukerez», salatu du Agirrek. Haren ustez, zerga erreforma bat behar da, «lehenbailehen», «bakoitzak duenaren arabera egin dezan ekarpena».

EH Bilduren iritziz, COVID-19ak erakutsi du «dauzkagunak baino zerbitzu publiko indartsuagoak behar ditugula, giza baliabide eta baliabide material gehiago dituen osasun eta hezkuntza bat, nazioartean lehiatzeko gaitutako eta egokitutako industria bat, gizarte errealitatera egokitzen den zaintza politika bat ezartzeko baliabideak...».

Sindikatuak eta eragile sozialek ohartarazi dute murrizketak egiten ari direla datorren ikasturteari begira, Agirreren hitzetan. EH Bildu ez dago horien alde: «Hezkuntzan, osasunean, industria politiketan, berrikuntzan eta garapenean, zaintzan inbertitzeko unea da». Agirrek salatu du «errentagarritasun sozialik gabeko azpiegitura faraonikoetan» xahutzen dela diru publikoa. Iñigo Urkulluri eskatu dio «zintzoa» izateko: «Urkulluk ezin die gezurra esan herritarrei, eta argi azaldu behar die murrizketak ezarri behar dituela, murrizketak egiten hasi delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.