Biktimak

Egiari Zor fundazioak estatuaren «zigorgabetasuna» salatu du

Ane Muguruzak eta Begoña Galdeanok kritikatu dutenez, Kongresuak GAL ez ikertzeko hartutako erabakiak urratu egiten du biktimek «egia jakiteko» duten eskubidea.

Ane Muguruza Egiari Zor fundazioko kidea. LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 24a
17:32
Entzun

Espainiako Kongresuak GAL ikertzeko batzorde bat eratzeari uko egin izanak sumindura eragin dio estatuko hainbat biktima batzen dituen Egiari Zor fundazioari. Ane Muguruza eta Begoña Galdeano fundazioko kideek gaur arratsaldean prentsaurrekoan salatu dutenez, erabaki hori «oso larria» da, eta GALen biktimek «egia jakiteko» duten eskubidea urratzen du. «Gure ustez, zuzenbide estatuaren eta demokraziaren bermatzaile deiturikoek duten zigorgabetasunaren beste adibide bat da», adierazi dute.

Atzo, Espainiako Kongresuko Mahaiak baztertu egin zuen Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak GALen izandako ardurari buruzko ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria, PSOEren, PPren eta Voxen kontrako botoei esker. Muguruzaren eta Galdeanoren ustez, erabaki horrek erakusten du estatuaren giza eskubideen urraketak estaltzeko «isiltasun ituna» indarrean dagoela. «Egiak bahituta dirau, indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Lege frankistak inposatzen duen isiltasunaren pean».

Ildo horretatik, Sekretu Ofizialen Legea indargabetzeko eta sekretupean dauden agiriak desklasifikatzeko eskatu dute, GALen hilketei eta erantzukizunei buruzko informazioa ezagutu ahal izateko. Egiari Zor fundazioko kideek azpimarratu dutenez,  «funtsezkoa» da estatuak erantzukizunak bere gain hartzea «memoria demokratikoaren eraikuntza» posible izan dadin.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.