Bartzelonako hondakin uretan askoz lehenagoko koronabirus arrastoak topatu dituzte

Otsail bukaeran agertu ziren, ofizialki, aurreneko COVID-19 kasuak Herrialde Katalanetan, Euskal Herrian bezalatsu, baina, Bartzelonako Unibertsitateko ikerketa baten arabera, urtarril hasierarako koronabirusa zabaltzen hasia zegoen, eta hondakin uretan topatu dituzten lehen-lehen arrastoak 2019ko martxokoak dira.

COVID-19ari aurre egiteko txertoa lortzeko ikerketetako bat. RONALD WITTEK / EFE
mikel p ansa
2020ko ekainaren 26a
14:12
Entzun

Bartzelonako Unibertsitatearen ikerketak hankaz gora jar dezake koronabirusaren kronologia. Hiriko hondakin uren lagin zaharrak ikertzen aritu dira unibertsitateko ikerlariak, eta ondorioztatu dute uste zen baino askoz lehenago zabaltzen hasia zegoela birusa.

Kronologia ofizialak dio 2019ko abendu hasieran agertu zela koronabirusak kutsatutako aurreneko gaixoa, Wuhanen (Txina). Europako aurreneko kasua Frantzian agertu zen, Bordelen, 2020ko urtarril bukaeran. Baina Frantzian ere ezbaian dago data hori.

Birusa zabaldu eta gerora egindako ikerketa baten arabera, abendu bukaeran hildako gaixo batek ere COVID-19a zuen; ospitaleetan gordetako laginak berriro aztertzerakoan konturatu ziren zitekeena zela koronabirusa uste baino lehenago hedatu izana Europan. Bartzelonako ikerketa berri honek hipotesia indartuko luke, baina oraingoz hipotesiak dira.

Gorotzaren eta hondakin uren alerta

Ezagun da gorotzetan COVID-19aren arrasto ugari pilatzen direla, eta arrasto horiek hondakin uretara iristen direla ere jakina da. Hainbat herrialdetan hasiak dira hondakin urak ikertzen, gaitzaren zabalpenari buruzko adierazle bat izan daitekeelakoan. Alerta gisa ere balio dezake, hondakin uretan presentzia handituz gero gaitza zabaltzen ari den seinale izan bailiteke. Hego Euskal Herrian ere hasi dira era horretako ikerketak egiten.

Bartzelonan halako ikerketa bat egin dute beraz. Apirilaren 13az geroztik, astero aritu dira ur araztegietan laginak hartzen. Bartzelonako Unibertsitateko Biologia katedradun Albert Boschek koordinatu du lana, eta azaldu du argi ikusi dutela gaitzaren hedapenak eta hondakin uretan agertutako SARS-CoV-2 birusaren presentziak erabat batera doazela. Adierazle sendoa dela, alegia.

Azkeneko asteetan laginak soilik ez, koronabirusa ustez agertu aurreko laginak ere aztertzen aritu dira. Eta hor izan dute ezustekorik handiena: 2020ko urtarril hasieratik 2020ko martxo hasierarako hondakin uretan SARS-CoV-2 birusaren genomaren presentzia gero eta handiagoa egon zela sumatu dute. Horrek esan nahiko luke, gutxi gorabehera, uste zen baino hilabete eta erdi lehenago koronabirusa zabaltzen hasia zela Bartzelonan.

Ikertzaileek ondorioztatu dute garai hartan gaixotu ziren gehienei gripea diagnostikatuko zitzaiela, eta horrela pasatuko zirela oharkabean, koronabirusaren probak ez baitziren egiten hasi otsail bukaera arte. Boschek hala azaldu du: «COVID-19ak kutsatutakoei gripe diagnostiko bat egingo zitzaien lehen arretan, eta horrela hedapen komunitarioa gertatu zen, osasun publikoko neurriak hartzen hasi aurretik. Bartzelonako kasuan, SARS-CoV-2aren hedapena hilabete lehenago antzemateak lagunduko zuen pandemiari erantzun hobeago bat ematen».

2019ko martxoaren 12an lehen aldiz

Ikertzaileak ez ziren horretan gelditu, ordea. 2018ko urtarriletik 2019ko abendura bitarteko lagin batzuk ere hartu eta aztertu zituzten —izoztuta gordeta zeuzkan Aguas de Barcelona enpresak—. Harrigarriena lagin horietan agertu da: 2019ko martxoan aurkitu dituzte koronabirusaren aurreneko arrastoak hondakin uretan, ahulak ziren arren.

Horrek esan nahiko luke Wuhanen gaitza ofizialki agertu baino zortzi-bederatzi hilabete lehenago bazegoela koronabirusaren arrasto bat Bartzelonan. Ikertzaileek azaldu dute Bartzelonan bidaiari asko izaten direla, turistak zein profesionalak, eta horrek esplikatuko lukeela gaitza bertara horrez goiz iristea, baina munduko beste leku askotan ere gertatu izango dela hori.

Ikerketari buruzko zalantzarik ez du Boschek: «[2018ko eta 2019ko laginetan] Proba guztiak negatiboak izan ziren, bat izan ezik: 2019ko martxoaren 12koa. Horretan, SARS-CoV-2aren maila oso txikia zen, baina PCR bidez positibo eman zuen, oso argi, eta gainera bi itu desberdin erabilita». Ikerketa medikorako aldizkari ezagun batera igorri dute azterketa, eta biltegi batean zabaldu dute oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.