Euskal presoak

Espetxe politikaren bilakaera aztertzeko behatokia sortu dute

Foro Sozial Iraunkorraren bultzadaz eratutako guneak lehen txostena aurkeztu du.

Foro Sozialeko kideak, Bilboko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 30a
13:26
Entzun

Motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren behatokia sortu du Foro Sozial Iraunkorrak, espetxe politikaren bilakaeraren «jarraipena» egiteko eta horri buruzko «informazio garden eta zuzena» emateko. Foro Sozialeko kide Agus Hernanek eta Teresa Todak esan dutenez, espero dute behatokia «tresna eraginkorra» izango dela espetxe politikaren aldaketa lortzeko lanean.

Behatokiak txostena argitaratuko du sei hilabetean behin, eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan egindako agerraldian lehenengoa aurkeztu dute. Presoen egoeraren inguruko datu eguneratuak emateaz gain, txostenean badago Etxerat elkarteak egindako azterketa bat COVIC-19aren pandemiak espetxeetan izan duen eraginaz, eta Valentziako Unibertsitateko (Herrialde Katalanak) Zigor Zuzenbideko irakasle Javier Mira Benaventek analisi bat ere badakar, presoen gizarteratzeari buruzkoa.

«Espetxe politikaren aldaketaren aldeko partida irabazita dago euskal gizarteetan, alderdi politikoetan, sindikatuetan eta instituzioetan», esan du Teresa Todak. «Ez da horrela izan, ordea, praktikan partida hori jokatzen den eremuan, errealitaterik gordinena bizi den tokian; Espainiako Estatuan». Horretan ere eragin nahi du behatokiak, eta, horregatik, txostena igorriko Espainiako instituzio eta eragile ugariri.

Argilunez beteriko egoera

Hernanek aztertu du espetxe politikak azken hilabeteetan izan duen bilakaera, eta esan du «argilunak» daudela egoeran. Gogora ekarri du oraindik 154 preso lehen graduan sailkatuta daudela, eta 191 Euskal Herritik urrunen dauden espetxeetan daudela, hots, Galizian, Herrialde Katalanetan, Andaluzian eta Murtzian (Espainia). Baina, beste aldetik, 44 preso bigarren eta hirugarren gradura aldatu dituzte, horietatik 9k espetxetik ateratzeko baimena dute eta beste 39 «zentzuzko epe batean» bigarren gradura alda daitezke.

Hernanek esan duenez, pandemiaren kontra hartutako neurriek «sakondu» egin dute presoak gerturatzeko beharrari buruzko eztabaida, preso asko bisitarik gabe utzi dituelako eta arazoa agerian laga duelako. Horregatik, «keinu bat» eskatu die Espainiako agintariei: Galizian, Herrialde Katalanetan, Andaluzian eta Murtzian dauden presoak Euskal Herrira gerturatzea.

Hernanen aburuz, keinu horrek euskal gizartearen gehiengoaren borondateari erantzungo lioke, eta, gainera, orain arte egindako urrats «apalek» presoen senideengan eragin duten «frustrazioa» arintzeko ere balioko luke. «Ez dugu ahaztu behar presoen auzia konpontzeak eragin positiboa duela bizikidetza demokratikoan», esan du Hernanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.