Koronabirusa

Hauteskunde Batzordeak bihar aztertuko du Ordiziako egoera

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatu egingo dute. Beste taberna bat itxi dute, langile batek «positibo ahula» eman duela eta.

Arantxa Iraola - Jon Ordoñez Garmendia
2020ko uztailaren 8a
12:43
Entzun

Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi du Ordizian egunotan koronabirus kasuak detektatzeko egin dituzten 1.692 testetan 28 positibo atzeman dituztela, eta izurriaren oldarraldi horri dagozkion 48 kasu daudela denera.  «Gaur beste 350 test inguru egingo ditugu», adierazi du: «Agertuko dira kasu gehiago». Hala ere, azaldu du oraindik ez dela inor agertu osasunez larri dagoena. Hauteskunde Batzordea bihar goizean elkartuko da Ordiziako egoera aztertzeko eta erabakiak hartzeko.

Arduratuta daudela onartu du Jaurlaritzako ordezkariak, eta Ordizian, esaterako, derrigortu egingo dutela maskaren erabilera: «Kalean eta espazio itxi publikoetan beti erabili beharko da». Taberna gune batean izan zuten sorburua kasuok, eta, horregatik, «aisialdi eremuarekin» lotutako neurriak ere hartuko dituzte, Murgak esan duenez. Ostatuek bezeroen erdiak besterik ezingo dute hartu, barran ezingo da ezer hartu, eta jendeak eserita egon beharko du tabernetan. Terrazetan, halaber, zorrotz kontrolatu beharko dira distantziak. Horiez gainera beste neurririk ez dutela hartuko esan du: «Konfinamendurik ez da behar».

Ordiziako elkarte eta antzekoetan ere bete beharko dira tabernetarako ezarri dituzten neurriak. Ordutegia ere ezarri diete denei: 23:30erako itxi beharko dituzte. Gazteen lokalei dagokienez, halakoetan ezingo da inor ibili.

Bilera egin zuten atzo Jaurlaritzako agintariek inguruko beste hainbat udaletako ordezkariekin ere, baina, oraingoz, muga horiek ezarriko dituen araubidea Ordizian bakarrik bete beharko dela adierazi du Murgak. «Neurriak Ordiziara mugatuko dira; beharrezkoa ikusten bada, zabaltzea ez da baztertzen». Oraingoz beste herrietan «nabarmentzeko moduko transmisiorik ez» dagoela esan du, ordea. Bileran, Ordiziakoekin batera, Beasain, Lazkao eta Idiazabalgo ordezkariek parte hartu zuten. Kezkatuta daude herri horietan ere izurriak inguruetan zer oldarraldi izango ote duen.

Igandeko bozetara begira, prebentzio neurriak ezarrita daudela azaldu du Osasun sailburuak, eta ez dela eragozpenik egongo Ordizian botoa ematera joateko. Gainera, esan du kutsatu guztiak ez direla herri horretan bizi, sakabanatuta daudela.

Pertsonak bakartzeko hotel bat irekita daukatela esan du, eta lekuak badirela libre. «Hotel horrek asteak daramatza martxan. Orain arte tokia egon da. Betetzen bada, gehiago ireki beharko dira. Etxean bakartu ezin direnei beti ematen zaie aukera hara joateko». Bizkaian dagoela zehaztu du.

Datuak eguneratzean guztira gaur beste 31 kasu zenbatu dituztela onartu du Murgak; hemeretzi Gipuzkoan, zortzi Araban eta lau Bizkaian. Dena dela, esan du soilik Ordizian dagoela «aparteko neurriak» hartzeko moduko kasu kopurua: gainerakoetan aski dela oinarrizko prebentzio neurriekin jarraitzea. Biztanleria osoari ohartarazi dio, hala ere, gaiarekin adi ibiltzeko. «Herritar guztien laguntza behar da birusa ez transmititzeko».

Beste taberna bat, itxita

Gaur goizean beste taberna bat itxi dute Ordizian, orain arte itxi dituztenekin zerikusirik ez duen beste bat, laugarrena, beste kale batean. BERRIAk jakin duenez, horko zerbitzari batek positibo eman du, eta igandeaz geroztik harekin harreman zuzena izan dutenei konfinatzeko eskatu diete. «Positibo ahula» dela esan dio BERRIAri tabernareb jabeak. Erantsi duenez, zerbitzari horri esan diote posible dela Ordiziako fokua sortu aurretik egotea kutsatuta. Langilea etxean dago, osasunez ondo.

Positibo eman duen langilea asteburuan ez zen lanean izan, eta astelehenean lau orduz aritu zen lanean maskararekin. Tabernako sukaldariarekin jardun zen, eta hark negatibo eman du PCR proban. Tabernaren jabea gaur joan da probak egitera, eta taberna ixtea erabaki du, bere kabuz.

Eragina inguruan ere

Ordizian ez ezik, inguruko herrietan ere eragina izaten ari da fokua. BERRIAk jakin duenez, Beasaingo CAF enpresan, esaterako, erabaki dute aldi baterako «aurreko fase batera atzera» egitea. Horrek eragina izango du langileen egunerokoan: bilerak egiteko gelak itxi egingo dituzte, eta telematikoki egin beharko dituzte; kafea hartzeko makinak ezingo dituzte erabili; dutxak itxiko dizkiete, eta jantokiko lokalak ere bai; eta salmenta makinetan ura soilik salduko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu