Positibo bat Gasteizko gimnasio batean, eta beste bat Baionako erietxe batean

Baionako Belharra erietxean kasu bat topatu dute, eta ikerketa zabal bat jarri dute martxan jatorria argitzeko. Zirujau bat kanpoan kutsatu dela uste dute.

Gasteizko Mendizorrotza igerilekuak pandemia garaiko udarako prestatzen. Irudian, langile bat belardian markak egiten. RAUL BOGAJO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 10a
10:17
Entzun

Arabako hiriburuko gimnasio bateko ikasle batek positiboa eman du PCR proban. Harekin kirolean ibilitakoak aztertzen aritu dira azken orduetan. Borroka arteen eskoletan parte hartu zuen kutsatuak.

Ez dute gimnasioa itxi, kutsatuaren ikaskideen artean ez dutelako beste kasurik atzeman. Edonola ere, kirol guneko arduradunek idatzi dute protokolo guztiak martxan jarri dituztela, segurtasunez aritzeko lanean.

Baionako Belharra klinikan kasu bat atzeman dute. Hango zirujau bat da kutsatutakoa, eta gutxienez laurehun lankide aztertu dituzte. Erietxearen iturrien arabera, guztiek negatibo eman dute. Astelehenean hasi zuten test kanpaina, birusaren zirkulazioaren mapa egiteko. Erietxeko zuzendaritzak ondorioztatu duenez, kanpoan kutsatuko zen zirujaua. Edonola ere, kezka adierazi dute, oporrekin asko handitzen delako Lapurdiko kostaldeko populazioa. Badaezpada ere, erietxeak murriztu egin du han ingresatuta daudenen senideak laguntzera sartzeko aukera. Bisitak debekatuta daude.

Beste hainbat agerraldi

Gasteiz izan da koronabirusak kalterik handiena egin duen hirietako bat izurriaren hasieratik beretik. Izan ere, martxoan atzeman zituzten 1.190 kasuetatik ia erdiak (502) han aurkitu zituzten. Parekatzeko, Bilbon garai berean 83 pertsonak eman zuten positibo, eta Basaurin, 71k. Beste herri eta hirietan, gehienez, hogeina kasu inguru zeuden. Erreportaje honetan azaldu ditugu izurriaren lehen oldearen nondik norakoak.

Gasteizkoez gain, aste honetan agerraldiak sortu dira beste hainbat tokitan.

Uztailaren 6an eskatu zieten herritarrei PCR probak egiteko Ordizian (Gipuzkoa). Uste dutenez, ekainaren 27az geroztik zebilen birusa hango Etxezarreta kaleko ostatuetan. Asteazkenerako koronabirus kasuak detektatzeko 1.692 test egin zituzten, eta 28 positibo atzeman zituzten. Atzo baieztatu zuten agerraldian 58 kasu zeudela herrian.

COVID-19aren bi agerraldi izan dira Nafarroan azken orduetan. Santos Indurain Nafarroako Gobernuaren Osasun kontseilariak atzo jakinarazi zuen Tuterako agerraldian 23 pertsonak positibo eman dutela, eta Iruñekoan, bostek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.