58 dira Ordiziako agerraldiarekin lotutako kasuak

Positibo emandakoek ezingo dute bozkatu Ordizian. Bai, ordea, haien kontaktu zuzenek. Araban beste foku bat izan den ikertzen ari da Osasun Saila, azken orduetan bederatzi kasu atzeman ostean.

Osasun langile bat pertsona bati PCR proba egiten, herenegun, Ordizian. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi - Irati Urdalleta Lete
2020ko uztailaren 9a
11:12
Entzun

Ordiziako (Gipuzkoa) fokuaren jarraipen batzordea gaur goizean bildu da Zumarragako ospitalean (Gipuzkoa), eta, bileraren ostean, COVID-19aren inguruko azken datuen berri eman du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Azken 24 orduetan, ez da heriotzarik erregistratu, baina 30 kasu atzeman dituzte PCR bidez: hamasei Gipuzkoan, bederatzi Araban eta bost Bizkaian. Gipuzkoan atzemandako kasu berrietatik hamabi lotuta daude Ordiziako agerraldiarekin; horien erdiak aurrez positibo emandako herritarrekin kontaktu zuzena izandakoak dira. Denera, 58 dira foku horrekin lotuta agertu diren kasuak, 35 astelehenetik, eta «baliteke hurrengo egunetan ere kasu gehiago atzematea», Murgaren esanetan.

Astelehenetik, 2.300 PCR proba egin dituzte Ordizian, eta 2.200 probaren emaitzak jaso dituzte, horietatik 35 positiboak. Murgak adierazi du, ordea, Ordiziako agerraldiarekin lotutako kasu guztiak ez direla herri hartan atzeman. Izan ere, azaldu du positibo eman dutenen erdiak inguru bizi direla han, eta Gipuzkoan ez ezik badirela foku harekin lotutako kasuak beste lurraldeetan ere: «Bizkaian, bai; Araban, ezin dut esan». Besteak beste, Itsasondon eta Tolosan (Gipuzkoa) harekin lotutako kasuak daudela baieztatu du. Halere, Osasun sailburuak gaurko datuen berri eman aurretik, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du fokua «oso identifikatuta» dagoela, eta ez dela beste herri batzuetara zabaldu, «kasu puntualak» egon daitezkeen arren. Lehendakariaren esanetan, azken horiek ez dira «kontuan hartzeko» modukoak.

Ordizian indarrean daude zenbait neurri: besteak beste, maskara nahitaez erabil beharra eta ostalaritza establezimenduen edukiera mugatuta egotea. Jada ezarritakoez gain, neurri gehiago ezartzea baztertu du gaur Murgak, esaterako, konfinamendua: «Ez dago daturik beharrezko neurri bat dela esateko». Halere, PCR probak egiteko ezarri dituzten karpak hor utziko dituzte, gutxienez bihar arte.

Igandeko hauteskundeei begira, berriz, positibo emandakoek ezingo dute bozkatu, baina bai horiekin zuzeneko harremana izan dutenek. Etxetik bozkalekura irteteko aukera izango dute, eta zuzenean itzuli beharko dute etxera. Horiek, ordea, ezingo dira hauteskunde mahaietako kide izan. Ordiziako alkate Adur Ezenarrok ohartarazi du beraiek ez direla horrek eragin ditzakeen ondorioen erantzuleak izango, eta jakinarazi du Hauteskunde Batzordeari helarazi diotela euren kezka.

Eskoriatzan, bi positibo

Ordiziatik kanpo, Araban atzemandako kasu berriak gehitu egin direnez, lurralde hartan beste foku bat ote dagoen ikertzen ari da Osasun Saila. Izan ere, baieztatutako positiboen erdiak inguru atzo Gasteizen atzemandakoekin zuzenean lotuta daude. Halere, Jaurlaritzak baztertu egin du maskaren nahitaezko erabilera Ordiziatik kanpo aplikatzea. «Egoera epidemiologiako baloratuz joan behar dugu, eta ea nola betetzen diren jada ezarritako neurriak», adierazi du Murgak, eta ezarrita dauden neurriak betetzeko beharra azpimarratu du: esaterako, metro eta erdiko distantzia fisikoa uztea.

Eskoriatzan (Gipuzkoa), berriz, bi pertsonak eman dute positibo, eta horrek kezka eragin du herrian. Badaezpada, ostatu batzuk itxi dituzte, eta bihar umeak ez dira udalekuetara joango. Hala ere, udalak jakinarazi du Osakidetzarekin harremanetan dagoela eta, osasun zerbitzuak adierazi duenez, hartu beharreko neurri guztiak hartzen ari direla: «Oraingoz, ez da protokolo berezirik ezarri, baina azpimarratu behar da garrantzitsuena gutariko bakoitzaren ardura dela, norberak hartu beharreko neurriak hartzea, hau da, distantzia soziala mantendu eta eskuak sarri garbitu». Lasaitasun mezua zabaldu du udalak.

Neurriak areagotzen ari dira beste udalerri batzuetan ere. Tolosan, esaterako, udalak esan du maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela metro eta erdiko distantzia gordetzea ezinezkoa denean, baina une oro erabiltzea gomendatu du: «Zaintza eta kontrol lanak areagotuko dira kalean zein establezimenduetan herritarrek neurriak errespetatzen dituztela ziurtatzeko». Beasaingo Udalak eta herriko ostalariek, berriz, erabaki dute tabernetako edukiera erdira mugatzea, nahitaez eserita kontsumitu behar izatea eta asteburuetan gehienez ordu biak arte zabaltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.