Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, lau hilabete. Neguaren azken hondarra, eta udaberri guztia. Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du Euskal Herria, eta bizimoduak astindu ditu. Pandemiaren lehen olatuaren balantzea egin du BERRIAk, hemezortzi grafiko eta hamazazpi galdera hauekin.

Bi erizain, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia) maiatzaren 6an, 55 egun gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zela ospatzen. ANDONI LUBAKI / FOKU
mikel p ansa
2020ko uztailaren 4a
00:37
Entzun
Klikatu artikulu grafiko interaktibo hauetan kopuru zehatzak ikusteko.

 

Martxoaren hasieratik ekainaren 30era, BERRIAk egunero berritu ditu grafiko interaktibo hauek, erakusteko koronabirusaren pandemia zer-nolako eragina izaten ari zen Euskal Herrian eta Munduan, eta jakiteko zein zen momentu bakoitzeko egoera. Lau hilabete izan dira, otsailaren 28ko gauean Euskal Herriko lehendabiziko bi kasu positiboak agertu zirenetik. Maiatzerako pandemiaren daturik okerrenak pasatzen hasiak ziren, eta ekainean konfinamendua bukatu zuen Euskal Herriak.

Gaitza eta Euskal Herria beste fase batean sartu dira orain, eta udan grafiko horiek eguneratzeari utzi dio BERRIAk; tokiko agerraldiak pizten ari dira orain, eta unean uneko egoeraren araberako azterketa egingo du aurrerantzean. Lau hilabete hauek, halere, aukera ematen dute pandemiaren lehen olatuaren balantzea egiteko eta galdera batzuk erantzuteko.

Zenbat heriotza eragin ditu koronabirusak Euskal Herrian?

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, instituzioek zabaldutako datu ofizialen arabera, 2.152 gaixo hil dira COVID-19aren ondorioz Euskal Herri osoan; 55 eserlekuko 39 autobus beteko lituzkete. Dena den, zalantzan dago datu hori, PCR azterketa bat egin eta horretan positibo eman ondoren 60 eguneko epean hil direnak soilik agertzen direlako estatistika ofizialetan, eta beren etxean, zahar etxeetan eta erietxeetan inolako testik egin gabe hil direlako gaixo asko. Ehunka gehiago izan daitezke koronabirusaren eraginez hildakoak, beraz. Eusko Jaurlaritzak esana du ikertu egingo duela zein den datu erreala, eta uztailean hasi da alderatzen hilabeteotan hil diren pertsona guztien heriotza aktak eta historia klinikoak.

Heriotzetan alde handia nabaritu al da aurreko urteetatik?

Bai, nabarmena. Batez ere, martxo erditik aurrera eta apirilean. Maiatzean, gutxitu egin dira heriotzak, eta ekainean, gehitu: egun batzuetan, normalak diren heriotza kopuruen batezbestekoen azpitik ere bai. Baina martxoko eta apirileko heriotza kopuruak normalak izan ohi diren datuen oso gainetik ibili dira. INE Espainiako Estatistika Institutuak biltzen ditu hildako pertsona guztien datuak, erregistro zibiletako aktak erabiliz. Martxoaren 30etik apirilaren 5erako astean jo zuten goia heriotza kopuruek —Gipuzkoan, astebete geroago—. Azpiko grafikoan ikus liteke 2010etik 2020ko uztailaren 5 arte astez aste zenbat pertsona hil diren Hego Euskal Herrian.

Non izan du eraginik handiena?

Koronabirusak ez du eragin bera izan probintzia eta eskualde guztietan, eta hori agerikoa da grafikoetan ere. Araban eta Nafarroan, gaitzak gogorren jo zuen garaian, bikoiztu egin zen normalean izaten den heriotza kopurua. Bizkaian, zerbait txikiagoa izan da heriotzen tasa, eta Gipuzkoan, are txikiagoa. Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan, berriz, hamar hildakoren berri soilik eman dute, eta intzidentzia oso eskasa izan da, baina datu ofizialik ez dago.

Hainbeste hildako izan da beste inoiz?

Azpiko hiru grafikoek argi erakusten dute ezetz: hainbeste heriotza izan den beste martxorik eta beste apirilik ez da gertatu azkeneko berrogei urteotan, Hego Euskal Herrian: 2020ko martxoa bezalakorik ez da izan, eta 2020ko apirila bezalakorik ere ez. Estatistika zerbitzuek bere estrapolazioak egiten dituzte, kalkulatzeko zenbat heriotza gertatuko diren egun, aste, hilabete eta sasoi bakoitzean, eta ustez hil behar zutenak baino askoz pertsona gehiago hil dira bi hilabete horietan. Maiatzeko datua bestelakoa da: azkeneko urteetako joerara itzuli da heriotzen kopurua, eta, are gehiago, espero baino heriotza batzuk gutxiago gertatu direla ere suma liteke.

Hondarribiko (Gipuzkoa) Juan Sebastian Elkano hostala, apirilaren 15ean. Iheslariak hartu ditu krisi garaian.
Hondarribiko (Gipuzkoa) Juan Sebastian Elkano hostala, apirilaren 15ean. Iheslariak hartu ditu krisi garaian. ANDONI LUBAKI / FOKU

 

Zenbat heriotza gehiago izan litezke?

Beste datu iturri batzuk aintzat hartzen badira, txosten ofizialetan ageri direnak baino 500 bat heriotza gehiago eragin ditu SARS-CoV-2 birusak lau hilabete hauetan. Guztira, 2.600-2.700 bat hildako lirateke, hortaz. Erregistro zibiletako datuak aztertuta, eta azkeneko lau urteetan garai horretan gertatu diren heriotzen batezbestekoak kalkulatuta, datu historikoen arabera espero izatekoak ziren baino 500 bat pertsona gehiago hil dira martxoaren 2tik maiatzaren 10erako asteen artean, Hego Euskal Herrian. Baina, oraingoz, hipotesiak baizik ezin dira egin koronabirusaren heriotzen kopuru totalari buruz.

Edozein moduz, agerikoa da maiatzaren 10etik aurrera —urteko hogeigarren astetik aurrera— asko urritu dela heriotzen kopurua, azpiko grafikoak ere erakusten duenez, eta ekainean koronabirusak eragindako heriotzarik gabeko bost egun izan dira —martxoaren 11tik maiatzaren 31ra, egun bakarra izan da heriotzarik gabea—. Kontrara, apirileko lehen hogei egunetan eguneko 55 heriotza baino gehiago eragin ditu koronabirusak. Hau izan da heriotzen bilakaera egunez egun:

Eta atzerriko datuekin konparatuta?

Munduko heriotza tasarik handienetakoa dauka Euskal Herriak. Ekainaren 30 arteko datuekin, San Marinok du heriotza tasarik handiena (123,8 hildako 100.000 biztanleko). Haren atzetik, Belgikak (84,1) eta Kataluniak (74,4) dituzte heriotza tasarik handienak. Segidan heldu da Euskal Herria: 67,9 pertsona hil dira 100.000 biztanleko. Atzetik ditu Erresuma Batua (64,4), Espainia (59,5), Italia (57,5), Suedia (52,3), Frantzia (45,6), Amerikako Estatu Batuak (39,3) eta Herbehereak (35,7). Salbuespenen bat bada tartean, baina hasieran konfinamendu neurriak baztertu zituzten herrialdeak edo horiek ezartzerako gaitza zabalduegi zuten herrialdeak ageri dira zerrenda horretan goreneko lekuetan, eta Euskal Herria laugarren postuan dago.

Biztanleen arabera kalkulatzen du heriotza tasa BERRIAk, munduko herrialdeen arteko konparazioa neurri berarekin egin ahal izateko. Izan ere, kasu positiboak atzemateko baliabideak eta prozedurak ez dira berak herrialde guztietan, eta ezin da heriotza tasa kalkulatu kasu positiboen arabera, emaitza ez litzatekeelako konparagarria izango. Azpiko grafikoak erakusten ditu herrialde horietako batzuen arteko diferentziak:

Euskal Herrian, Arabak izan du heriotza portzentajerik larriena. Pandemiak gehien estutu dituen munduko beste hiru eskualdetako datuekin alderatuta ageri dira Hego Euskal Herriko lau probintzietako heriotza tasak azpiko grafikoan. Maiatzaren 20tik aurrera ezinezkoa izan da datuak segurtasunez lantzea, Eusko Jaurlaritzak aldatu egin zituelako herrialdez herrialdeko datuen lanketa xeheak.

Ipar Euskal Herria ez al da existitzen?

Estatistika ofizialetan ez behintzat. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, koronabirusak Hegoaldean baino intzidentzia txikiagoa izan du lehen olatuan, baina ez dago hiru probintzia horien datu ofizialik. BERRIAk Baionako ospitaleari datuak eskatu zizkion zuzenean, baina zentroak erantzun zien ez zuela baimenik datu horiek emateko. ARS osasun agentziari eta INSEE estatistika institutuari ere eskatu zizkion datuak, eta departamenduaz beheragoko datuak ematea ezinezkoa dela erantzun zioten kazeta honi.

Hala ere, apirilaren 27an jakin zen Baionako erietxean gutxienez hamar lagun hil direla; horietatik bi Landetakoak (Okzitania) ziren, eta, hortaz, gutxienez zortzi euskal herritar hil dira Lapurdin koronabirusaren eraginez. Prefetak jakinarazi zuen 127 gaixo artatu dituztela erietxe horretan, apirilaren 27 arte. Atharratzen (Zuberoa) sortu zen beste foku bat, baina Zuberoako eta Nafarroa Behereko gaixo gehienak Paueko ospitaleetara (Okzitania) eramaten dituzte; Zuberoako bi gaixo hil ziren han, martxoan. Hortaz, gutxienez hamar euskal herritar hil dira Ipar Euskal Herrian.

Fisioteraupeta bat koronabirusarekin gaixotutako pertsona bat artatzen Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia), maiatzaren 12an.
Fisioterapeuta bat, koronabirusarekin gaixotutako pertsona bat artatzen, Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia), maiatzaren 12an. ANDONI LUBAKI / FOKU

 

Eta zahar etxeetan zer gertatu da?

Koronabirusarekin hil diren pertsona guztien %40 inguru zahar etxeetako egoiliarrak ziren —antzeko joera izan da Europa guztian—. Gaitzak zentro horietan eragin du triskantzarik handiena. Ez da egoitza guztietara iritsi, baina iritsi denetan heriotzak aise eragin ditu. Guztira, martxoaren 1etik ekainaren 30era, zahar etxeetako 868 egoiliar hil dira gaitzaren eraginez, baina susmoa da askoz gehiago direla. Nafarroako Gobernuak esana du zentro horietako 164 adineko hil direla koronabirusaren antzeko sintomekin, baina PCR probarik egin gabe; Bizkaiako Foru Aldundiak, berriz, egoera berean 32 egoiliar hil direla aipatu du. Hegoaldeko beste bi probintzietako daturik eduki gabe ere, gutxienez 200 heriotza gehiago lirateke, beraz. Egoitzetako langileek eta beste aditu askok salatu dute sistema oso hauskorra dela zaharren egoitzena, eta berandu erreparatu zitzaiola haietan nozitzen ari ziren egoerari.

Zenbat egoiliar kutsatu dira zahar etxeetan?

Ekainean zahar etxe guztietan desagertu da koronabirusa, eta instituzioek adierazi dute zentroak gaitzetik «libre» gelditu direla. Datuak eman dituzte: Gipuzkoan, egoiliarren %10 inguru kutsatu dira; Bizkaian, %15 inguru; eta Araban, %17 inguru. Nafarroak ez du argitu guztira zenbat egoiliar gaixotu diren lau hilabete hauetan. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago kasu honetan ere. Zentro horietako langileei buruzko datu xeherik ere ezin da atera, Bizkaiko Foru Aldundiak soilik eman duelako kutsatutako langileen datua modu iraunkorrean.

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, Bizkaiko zentroetan pilatu da heriotza gehien: 292 —zahar etxeetan koronabirusaren ondorioz hildako guztien %33,6—. Nafarroako egoitzetan ere gogor jo du gaitzak, eta 268 hildako utzi ditu (%30,9). Gipuzkoako zentroetan 168 hil dira (%19,4), eta Arabakoetan, 140 (%16,1). Zahar etxeetako heriotzen bi herenak apirilean gertatu dira; hilabete beltza izan dute, azpiko grafikoak erakusten duenez.

Nola eragin die adinekoei?

Birusa zabaltzen hasi zenetik zabaldu zen, aldi berean, koronabirus honek batez ere adinekoei eragiten ziela. Ez dela egia seinalatu dute instituzioek, behin eta berriro; gazteak ere gaixotzen ditu, eta kutsatze kateen sorburu izan litezke asintomatikoak diren gaixoak. Kontuz ibiltzeko eskatu dute. Egia da, hala ere, adineko jendearen artean eragin duela COVID-19ak heriotza gehien. Eusko Jaurlaritzak eman ditu kutsatzeen eta heriotzen datuak adinaren arabera bereizita, eta nabari da adinean aurrera egin ahala kalte handiagoa eragiteko arriskua duela gaitzak. Hiru probintzia horietan, koronabirusak hildako guztien %90 inguruk 70 urte baino gehiago zituzten.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaitza diagnostikatu dieten 60 urte baino gutxiagoko gaixoen %1 baino gutxiago hil dira. 60 eta 69 urte artekoetatik, ordea, %3,9 hil dira; 70 eta 79 urte artekoetatik, %13,5; 80 eta 89 urte artekoetatik, %24,5; eta 90 urtez gorakoetatik, %31,4. Erregistro zibiletako datuek ere iradokitzen dute gauza bera, beste era batera: Hego Euskal Herrian, heriotza kopuruak %50 inguru egin du gora 65 urtez gorakoen artean, eta hori baino gazteagoen artean, berriz, askoz gutxiago hazi da heriotza kopurua (%18). Heriotza arrazoi guztiak daude zenbatuta estatistika horretan, baina sumatzekoa da koronabirusak izan duen eragina.

Zenbateko eragina izan du ospitaleetan?

Oro har, handia, baina eskualdearen eta zentroaren arabera diferenteak izan dira egoerak. Gasteizko, Iruñeko eta Bilboko erietxe batzuetan izan dute intzidentziarik handiena —Txagorritxun, adibidez—, baina beste zentro batzuetan ere sentitu dute. Eta koronabirusagatik zuzenean arazo gutxien izan duten zentroetan ere goitik behera berrantolatu behar izan dituzte lanak, txandak, espazioak, zereginak... Osagileek beren burua babesteko tresnak falta izan dituzte krisiaren hasieran, eta stocka urria izan da zenbait momentutan, baita gerora ere. Zentro jakinetan momentu batzuetan larri ibili diren arren, gainezka egin gabe igaro dute lehen olatua erietxeek, kanpaina ospitalerik eta halakorik ezartzeko beharrik gabe behintzat. Nolanahi ere, koronabirusak ondorio larriagoak eragin ditzake sendatze prozesuan edo, are, sendatu eta gero ere, eta ospitaleetan adi daude horrekin.

Eta ZIUetan?

Hego Euskal Herrian, martxoaren 31n jo zuen goia erietxeetako egoerak. Egun hartan, 2.818 pertsona zeuden koronabirusaren eraginez ospitaleratuta. Baina egoerarik larrienak ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan izan zituzten: apirilaren 4an, 325 gaixo zaintzen ari ziren gune horietan, eta, erietxe askotan, gune bereziak antolatzen aritu ziren ZIU horiek gainezka egin ez zezaten. Egonaldiak asko luza litezke ZIUetan, eta haietatik ondorio larriekin atera dira gaixo asko, bizirik, baina larri. Ez da egonaldi atsegina izan askorentzat.

Azpiko grafikoak erakusten du nola kutsatzeak oso azkar zabaldu ziren eta zeinen azkar bete ziren ospitaleetako oheak eta ZIUak, eta, aldi berean, zenbat luzatzen ari den ondoren horiek husteko prozesua. Gailurrera azkar iritsi ziren erietxeak, baina jaistea luzeagoa suertatzen ari zaie. Halere, ekainetik aurrera egoera egonkorragoa dute erietxeetan, eta ZIUetan hamar pertsona baino gutxiago daude ekainaren 26az geroztik:

Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia), baliabide gehiago eskatzeko osagileen protesta, ekainaren 5ean.
Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) baliabide gehiago eskatzeko asmoz osagileek egin zuten protesta, ekainaren 5ean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

 

Zer herritan izan da hildako gehien?

Nafarroako Gobernuak ez du eman hildakoen daturik herrika, baina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bai. Azpiko taulan ikus litezke herriz herri erregistratu diren heriotzak, eta baita herri horietan zenbat kasu positibo agertu diren ere, martxoaren 1etik ekainaren 29 arte. Biztanle gehiago dituztenez, Bilbon (360) eta Gasteizen (319) izan da hildako gehien. Baina Donostiaren (74) aurretik badira bi herri, biztanle gutxiago izan arren: Barakaldo (90) eta Basauri (75), eta horrek adierazten du Gipuzkoan zenbateraino izan den txikiagoa koronabirusaren intzidentzia. Horien ostean, Bizkaiko hiri batzuetan izan dute hildako gehien: Getxon (40), Galdakaon (32), Santurtzin (31), Sestaon (30), Erandion (21), Ermuan (21)... Gipuzkoako herri batzuk ere badira zerrendaren goiko parte horretan: Arrasate (37), Eibar (24), Ordizia (24), Zarautz (23), Tolosa (20)... Baina biztanle gehien duten herrietako batzuetan —Irun, Errenteria...— hildako gutxiago izan dituzte. Araban, Gasteizen ostean, Agurain da hildako gehien duen herria (14). Ikusi edo bilatu herri guztietako datuak azpiko taulan:

Zer eskualdetan zabaldu da gehien?

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, biek eman dituzte osasun eremu bakoitzean detektatutako kasu positiboen datuak, eta horiekin posible da Hego Euskal Herriko mapa osatzea, ikusteko koronabirusa non zabaldu den gehien. Lurraldea banatu eta antolatzeko modu bat dira osasun eremuak. Administrazioek multzoetan banatzen dituzte herritarrak (gutxi gorabehera, 10.000 eta 35.000 pertsona arteko multzoak izan litezke, lekuaren eta ezaugarrien arabera), eta erreferentziazko osasun zentro baten arabera antolatzen dituzte. Hego Euskal Herria 193 osasun eremutan banatua dago. Azpiko mapan ikus liteke osasun eremu bakoitzean zenbat kasu positibo atzeman dituzten, eta zenbatekoa izan den intzidentzia tasa —eremu horretako biztanleetatik zer portzentaje kutsatu den—, ekainaren 29 arteko datuekin.

Mapak argi erakusten du: Gasteiz eta Trebiñu aldean eta Iruñerrian eta Nafarroako ekialdean izan du gaitzak intzidentziarik handien. Osasun eremu horietan pilatu dira kasu positibo asko. Baina Bilboko eremu batzuetan, Basaurin, Barakaldon eta Bilbo inguruetan ere intzidentzia nabarmena izan du gaitzak. Gipuzkoan, kontrara, eskualde askotan oso positibo portzentaje txikiak izan dituzte konparazioz.

 

Zenbat pertsona kutsatu dira?

Hego Euskal Herriko biztanleen %4,4 inguru, maiatz erdialdera kaleratu zuten seroprebalentziaren aurreneko ikerketaren arabera. Horrek esan nahi du 127.000 herritarri aurkitu zizkietela COVID-19aren aurkako antigorputzak —maiatz erdian egin zuten lehen azterketa—. Bestela ere esplika liteke: momentu hartan detektatuta zeudenak baino bost aldiz kasu positibo gehiago dira horiek. Horrek esan nahi du kutsatutako bost pertsonako bakarra detektatu duela osasun sistemak. Horretan ere badira aldeak lurraldeen arabera: Araban, herritarren %7,2ri atzeman zizkieten antigorputzak; Nafarroan, %5,8ri; Bizkaian, %3,8ri; eta Gipuzkoan, %2,8ri. Uztail hasieran eman dute bigarren seroprebalentzia ikerketaren berri, eta oso gutxi aldatu da: Hegoaldeko biztanleen %4,3ri atzeman dizkiete antigorputzak.

Gaitza zabaltzen hasi zenean, kutsatzen ari zen jendearen kopurua zen erreferentziazko ia datu bakarra, eta denbora behar izan zen konturatzeko administrazioak ez zuela behar adina baliabiderik gaixotzen ari ziren pertsona guztiei testak egiteko —ez baliabide teknikorik, ez materialik, ez pertsonalik—. Denbora behar izan zen jabetzeko ospitaleetako datuak eta hildakoenak fidagarriagoak eta zehatzagoak zirela gaitzaren bilakaera zein zen jakiteko. Hortaz, atzemandako kasu positiboen datua erlatibizatu egin da gerora, ezagun baita osasun sistema ez dela gai positibo diren kasu guztiak garaiz atzemateko. Hala ere, adierazle esanguratsua da.

Ekainetik aurrera, asko urritu dira PCR testen bidez atzemandako gaixo berrien kopuruak, eta ospitaleratuenak ere bai. Batezbestekoa esanguratsua da: eguneko 14,6 kasu positibo agertu ziren Hegoaldean. Gaitzaren olatua pasatuta, orain agerraldi edo foku lokalak pizten dira. Ekainean, zortzi kutsatze kate sortu dira: Txagorritxuko (Gasteiz) eta Basurtuko (Bilbo) erietxeetan bana, Jesusen Zaintzaileen Bilboko egoitzan beste bat (Basurtukoari lotuta), Arrasateko Aita Menni erietxean beste bat, Iruñerrian familia giroan beste bat, Malerreka-Bortzirietan beste bat, eta Orioko (Gipuzkoa) familia eta lagunarte batean beste bat. Orion 21 lagun kutsatu dira, eta Basurtun, 45. Ekain bukaeran eta uztail hasieran, beste foku larri bat agertu da, Ordizian (Gipuzkoa), dagoeneko 58 bat pertsona kutsatu dituena, eta gaitza inguruko eta kanpoko beste herri batzuetara ere zabaldu duena. Eta uztail hasieran, beste bi foku sortu dira Nafarroan, Iruñerrian bat eta Tuteran beste bat, 23 lagun kutsatu dituena ezkontza baten ospakizunean.

Noiz pasatu zen gailurra?

Zer daturi edo estatistikari begiratzen zaion, erantzuna ezberdina da. Ospitaleek gailurra jo zuten martxoaren bukaeran eta apirileko lehen astean, baina ordura arte martxo guztian izan zuten lana gailur hori bezain astuna izan zen. Heriotzen datuei begiratzen bazaie, ordea, apirilak aurrera egin eta maiatzean sartu art,e ez da gailurra nabarmenago apaldu, eta maiatzean ere gorabehera askoko egunak izan dira.

Herrialdeen arabera ere aldatzen da gailurra: Arabaren kasuan, martxoaren 9tik apirilaren 26ra izan zituzten heriotza kopuru ezohikoak; Nafarroan, maiatzaren 3 arte luzatzen da epe hori; Bizkaian, berriz, maiatzaren 10 arte; eta Gipuzkoako kasua ezberdina da, heriotza datu ezohikoak, batez ere, martxoaren 23tik aurrera hasi zirelako pilatzen. Zahar etxeen kasuan, apirilean izan dute heriotza ugari, eta, gero, ekain erditsura arte ez dute haizea hartu.

Lau hilabete hauetan egunez eguneko datuak eman dituzte instituzioek eta hedabideek, eta batzuetan perspektiba falta izan da gaitzaren bilakaera zein zen atzemateko. Azpiko grafiko honek hamalau egunean pilatutako datuak biltzen ditu, eta erakusten du ez direla berdinak izan heriotzen erritmoa eta kutsatze erritmoa —ZIUetako okupazioa erreferentzia gisa hartuta—:

Zer gertatu da datuekin?

Administrazioek hutsetik sortu behar izan dute estatistika bat eta azpiegitura oso bat, koronabirusak eragindako pandemiaren jarraipena egiteko datuak bildu eta eman ahal izateko, eta ez dute beti asmatu. Aldaketa ugari egin dituzte, eta modu deskoordinatuan aritu dira instituzio batzuk eta besteak, kasu askotan datu kontraesanezkoak emanez edo behar bezala esplikatu gabeko aldaketak eginez. Hedabideentzat eta herritarrentzat buruhaustea izan da datuen jarraipen txukuna egin ahal izatea, baina, aldi berean, inoiz baino beharrezkoagoa bilakatu da datugintza, egoeraren berri izateko eta emateko.

Espainiako Osasun Ministerioak, adibidez, egun bat berandu eman ditu Hegoaldeko datuak bolada luzean; datuak bildu eta emateko modua finkatu ezinik ibili da erkidegoekin. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hainbat aldaketa egin dituzte, ematen hasitako datu serie batzuk bertan behera utziz eta beste berri batzuk sortuz, adibidez. Jaurlaritzak gehiago landu zituen lurraldeetako datuak hasieran, eta maiatz erditik aurrera utzi egin zion lanketa horri. Kode irekiko formatu eta datu berrerabilgarriak eskura izatea ere kostatu da momentu batzuetan.

Eusko Jaurlaritzak, maiatzaren erdialdera, izan zuen argitu ez duen liskarren bat datu bilketaren inguruan ere. Konfinamendua arintzeko aurreneko fasera pasatzeko, datuak Osasun Ministerioari emateko modua aldatu behar zuen, eta desdoitze batzuk eragin zituen horrek. Esate baterako, heriotzen eta ospitaleratzeen datu serie guztiak berregin zituen hasieratik, baina zentro publikoetako datuak bakarrik aintzat hartuta. Horren eraginez, maiatz erditik aurrera zabaltzen ari den txostenetako datu serieetan 600 bat hildako falta dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, azpiko grafikoak erakusten duenez:

Nafarroako Gobernuak ere izan ditu gorabeherak, kontrara. Hasieran, zentro publikoetan hildakoen datuak soilik ematen zituen, eta zahar etxeetan eta beste ospitale pribatuetan eta hildakoen datuak bereizita ematen zituen, denak batu gabe. Apiril erdian aldatu zuen hori, eta, bat-batean, 79 hildako erantsi zizkion lehengo zerrendari. Kontua da hildakoen datu seriea ez zuela berregin. Jaurlaritzak ekainean ere egin zuen gauza bera: zentro pribatuetan hildako hamabost gaixo gehitu zituen zerrendara, baina datu seriea berregin gabe. Lapurdiko erietxeko hildakoak noiz zendu ziren jakitea, berriz, ezinezkoa da. Kasu horietan guztietan, BERRIAk normalizatu egin ditu datuak, eta aurreko egunetan sakabanatu ditu heriotza horiek, grafikoetan bilakaeraren irudia guztiz distortsionatuko zelako bestela. Kataluniako eta Espainiako datuekin ere izan dituzte halako gorabeherak, baina baita munduko beste bazter askotan ere.

Jaurlaritzak maiatz erdian egin zuen aldaketa handiaren eraginez, herrialdeen datuak eguneratzeko aukera ere galdu zuen kazeta honek, eta, hortaz, Hegoaldeko herrialdeen arteko konparazioa egitea ezinezkoa bihurtu zen maiatz erditik aurrera. Martxoan Jaurlaritzak eta Nafarroak ematen zituzten ospitaleratzeen eta ZIUen egoeraren datuak ere ez ziren sendoak, aldatuz zihoazelako edo egun batzuetan ez zituztelako ematen. Hutsune horiek ere osatu behar izan ditu BERRIAk. Zenbat gaixo osatu diren ere ezin izan da zehaztu momentu batetik aurrera, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua erabiltzen ari ziren irizpideak guztiz bateraezinak zirelako; munduko herrialde askorekin gertatu da gauza bera, bakoitzak irizpide bat darabilelako, eta horrek konparaezin bilakatzen ditu bateko eta besteko grafikoak. Nafarroako Gobernuak, errematatzeko, datu serieak eguneratzeari utzi zion ekainaren 30ean, eta Jaurlaritzak ekaineko asteburuetan datu batzuk eguneratzeari utzi zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.