Iruñeko agerraldian 21 kasu atzeman dituzte

Hego Euskal Herrian, guztira 64 positibo erregistratu dira azken orduetan. Eskoriatzan (Gipuzkoa) PCR proban positibo eman zuen gizonezko bat hilik aurkitu dute etxean.

Iruñerko Nabarreria kalea asteon. IñIGO URIZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko uztailaren 12a
17:26
Entzun

Nafarroako osasun agintariek atzo jakinarazi zuten Iruñean agerraldi bat atzeman zutela, zortzi positibo erregistratu ondoren. Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, dagoeneko 21 dira agerraldi horretako kasuak. Hain zuzen, orain dela astebete Iruñean egindako hamaiketako batekin lotu dituzte positibo horiek. Gobernuak adierazi du askari horretan egon zitezkeen kontaktuak eta ingurukoak ikertzen ari dela, «birusaren transmisio katea» eteteko asmoz.

Tuteran ere agerraldi bat egon zen ezkontza baten ondorioz. Azken orduetan bi kasu gehiago detektatu dituzte agerraldi horretan, eta, gaur-gaurkoz, 36 dira positiboak. Horiez gain, gobernuak ohartarazi du «kutsatze foku mugatuagoak» ere identifikatu dituztela, hala nola Lizarraldean. Guztira, Nafarroan 34 positibo erregistratu dituzte, hildakorik ez da egon eta zaintza berezietako unitatean pertsona bakarra dago.

Eusko Jaurlaritzak ere datuak eman ditu. 28 kasu atzeman dituzte azken orduetan: Araban bi, Bizkaian zortzi, eta Gipuzkoan hemezortzi. Ordiziako (Gipuzkoa) agerraldian, berriz, hiru kasu gehiago identifikatu dituzte, eta dagoeneko 73 dira positibo eman dutenak. Azken positiboetako bat herrian bertan izan da. Hala ere, Jaurlaritzak jakinarazi du hildakorik ez dela egon, eta zaintza berezietako unitatean sei pertsona daudela. Beraz, Hego Euskal Herrian, orotara, goranzko joera dute datuek: 64 izan dira positiboak, herenegun baino sei gehiago.

Eskoriatzan, hildako bat

Eskoriatzan (Gipuzkoa) hiru koronabirus kasu atzeman dira azken egunetan, bertako ostatu bateko bezero batek PCR proban positibo eman ondoren. Etxean hilda aurkitu dute gaur goizean horietako bat. Europa Press agentziak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila positibo horien jarraipena egiten ari da, protokoloari segika, baina gaur ezin izan dira harekin harremanetan jarri. Udaltzaingoa etxera sartu zaio suhiltzaileekin batera, eta hila aurkitu dute gizonezkoa. Auzitegiko medikuak ebatzi du heriotza naturala izan dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.