EITBren inkestaren arabera, EAJk 30 eta 32 eserleku artean lortuko ditu

Gizakerren galdeketak dio EH Bilduk hogei aulki lortuko dituela; PSE-EEk, hamar eta hamabi artean; Elkarrekin Podemosek, zazpi edo zortzi; PP eta Ciudadanosek, lau eta sei artean; eta Voxek, bat edo batere ez.

Iñigo Urkullu kazetariei erantzuten, gaur, Durangon (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 12a
20:20
Entzun

Hauteslekuak ixtearekin batera, Gizaker ikerketa etxeak EITBrentzat eginiko inkestaren lehen emaitzak argitaratu dituzte. Galdeketa horren arabera, EAJk 2016an baino bi edo lau eserleku gehiago eskuratuko ditu (30 eta 32 artean), botoen %39,5 bereganatuta.

EH Bilduk ere bi gehiago lortuko ditu: hogei. Hirugarren indarra izango da PSE-EE, azken hauteskundeetan baino eserleku bat, bi edo hiru gehiagorekin (hamar eta hamabi artean); laugarren, Elkarrekin Podemos, hiru edo lau eserleku galduta (zazpi edo zortzi eskuratuko ditu); bosgarren, PP eta Ciudadanosen koalizioa, PPk 2016an lortutakoak baino hiru eta bost ordezkari gutxiagorekin (lau eta sei artean); eta Voxek ordezkari bat edo bat ere ez du izango, inkestaren arabera.

EITBk azaldu duenez, inkesta ez da gaur hauteslekuetan egindakoa: «Uztailaren 9a eta 12a bitartean egin dute, 3.000 herritarri telefonoz galdetuta; mila lurralde bakoitzeko».

Aldaketa gehien, Araban

Gizakerren arabera, aldaketa gehien Araban izango dira. Han, EAJk eta PSE-EEk, bakoitzak, eserleku bat edo bi gehiago eskuratuko dituzte, eta bat irabaziko du EH Bilduk ere. Elkarrekin Podemosek 2016an baino bat gutxiago lortuko du, eta galtzaile nagusia PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioa izango da: bost eserleku beharrean bi edo hiru lortuko ditu, galdeketaren arabera. VOXek herrialde horretan du ordezkari bat lortzeko aukera bakarra.

Bizkaian, EAJk 11 eserleku lortu zituen 2016an, eta orain ere 11 edo hamabi lortuko dituela dio ikerketa etxeak. EH Bilduk ere lehengo ordezkariak mantenduko ditu, bost, eta hiru edo lau izango ditu PSE-EEk; hiru izan ditu azken legegintzaldian. Elkarrekin Podemosek lau izan ditu, eta aurrerantzean bi edo hiru izango dira. Ikerketaren arabera, bat edo bi eskuratuko ditu PP-Ciudadanosek ere —PPk lehen adina, edo bat gutxiago—.

Gipuzkoan ere aldaketa gutxi izango direla dio EITBrentzat eginiko inkestak: ordezkari bat gehiago ematen die EAJ eta EH Bilduri —hamar eta bederatzi, urrenez urren—, eta lehengo berak PSE-EEri, hiru. Ordezkari bat galduko lukete Elkarrekin Podemosek —hiru beharrean bi— eta PP-Ciudadanosek; bi ditu orain, eta bakarra eskuratuko du gaur.

Emaitza guztiak eta parte hartzea, zenbatu ahala.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.