Vox Eusko Legebiltzarrean sartu da

Boto guztiak zenbatuta, Voxek eserleku bat lortu du Araban. Guztira, 17.517 boto lortu dituzte.

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea, atzo. DAVID AGUILAR / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko uztailaren 12a
21:52
Entzun

ESERLEKUAK

1

BOTOAK

17.517

LEGEBILTZARKIDEA

Araba: Maria Amaia Martinez.

Eskuin muturrak lekua izango du Eusko Legebiltzarrean. Boto guztiak zenbatuta, eserleku bat lortu du Voxek. Horrenbestez, argitu da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako zalantza nagusietako bat. Eskuin muturrak Araban zuen aulki bat lortzeko aukera nagusia, eta hala egin du. Maria Amaia Martinez izango da eskuin muturreko alderdiaren legebiltzarkidea. Guztira, 17.517 boto lortu dituzte; hau da, botoen %1,96. Lurraldez lurralde izandako emaitzei erreparatuz, 8.785 boto (%1,87) lortu dituzte Bizkaian; Araban, 4.722 (%3,80); eta Gipuzkoan, 4.010 (%1,33).

Araban legebiltzarkide bat lortzea «albiste historikoa» dela esan du Santiago Abascal Voxen buruak. Haren hitzetan, «autonomismo erradikalari» aurre egingo diote horrela. Nabarmendu duenez, legebiltzarkide «aske» bat izango dute, eta ez dituzte «traizionatuko» bozka eman dietenak «nazionalistekin» akordioak eginez. Legebiltzarkidea lortzeak «aparteko harrotasuna» eragiten diola ere ziurtatu du Abascalek. EH Bilduko lehendakarigai Maddalen Iriarteren arabera, «albiste oso txarra» da eurentzat nahiz demokraziarentzat Vox Eusko Legebiltzarrean sartu izana.

Lehia estua izatea espero bazen ere, ez da hala izan azkenean: Voxek nahiko ziur eduki du eserlekua zenbaketa hasi denetik. Azken eserlekua dantzan ibili da EAJren eta EH Bilduren artean —azkenean, EAJk lortu du 226 botorengatik—, baina Voxen eserlekua ez da zalantzan egon.

Horrenbestez, hainbat inkestak iragarritakoa bete da. EITBrentzat Gizakerrek uztailaren 9tik 12ra egindako inkestan, esaterako, aulki bat lortzeko aukera ageri da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako botoen %2,3 eurentzat izango zirela aurreikusi du, baita Araban eserlekua lortuko zutela ere. Beraz, ehunekoa bete-betean asmatu ez duen arren, azken emaitza ondo iragarri du.

Eserleku hori lortzeko kanpainak, berriz, hautsak harrotu ditu. Izan ere, Voxek zabaldutako mezuek baino protagonismo handiagoa izan dute herritarren protestek eta Ertzaintzak izandako oldarraldiek. Adibide batzuk ematearren, bost atxilotu izan ziren Barakaldoko (Bizkaia) ekitaldian, eta bina pertsona atxilotu zituzten Donostiako Egia auzoan eta Gasteizen. Gainera, protestak izan ziren, besteak beste, Sestaon (Bizkaia), Donostian eta Oñatin (Gipuzkoa) ere.

Pixkanaka igotzen

Oraindik bazterreko indarra izan arren, Vox gero eta boto gehiago lortzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei erreparatuz gero, Araban soilik aurkeztu zuen hautagaitza, eta ez zuten eserlekurik lortu. Guztira, 771 boto eskuratu zituen; hau da, boto guztien %0,07.

Azken hauteskundeetan igoera nabarmena izan du. Azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan 28.979 boto eskuratu zituen Voxek; hau da botoen %2,46. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako seigarren indarra izan zen. Orduan, Araban, 6.421 boto izan zituen (%3,78); Bizkaian, 15.284 (%2,44); eta Gipuzkoan, 7.274 (%1,91).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.