PSE-EE, EAJrekin gobernu ituna berritzeko gertu

EAJk eskua luzatu dio jada. Sozialisten zuzendaritza arratsaldean bilduko da.

Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaia, atzo. JAVIER ZORRILLA/ EFE
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 13a
12:17
Entzun

EAJk adierazi du jada, Itxaso Atutxa BBB Bizkai Buru Batzarreko presidentearen hitzez, Eusko Legebiltzarraren hurrengo legegintzaldian PSE-EErekin gobernu akordioa berritzeko asmoa dutela. «Kanpainan ez dugu ezkutatu. [Itunak] Ondo funtzionatu du azkeneko lau urteotan», nabarmendu du Atutxak gaur Radio Euskadin. Irrati horretan bertan elkarrizketatu dute Eneko Andueza PSE-EEko legebiltzarkide eta Gipuzkoako zerrendaburua, eta esan du, Idoia Mendia lehendakarigaiak atzo azpimarratutakoaren bidetik, EAJri dagokiola «ekimena» hartzea, hauteskundeak irabazi dituelako, eta PSE-EE prest dagoela «akordiorako, ezberdinen arteko elkarrizketarako». Hala berretsi du PSE-EEren zuzendaritzak, arratsaldean eginiko bileran: «Gobernabiderako posizio funtsezko batean gaude itun subiranista bat osatzen ez bada, EAJ-EH Bildu aliantzarekin».

2016ko bozekin alderatuta, PSE-EEk eserleku bat irabazi du ganberan, eta, bederatzi izan beharrean, hamar izango ditu. Era berean, parlamentuko hirugarren indarra bihurtu da. Dena dela, kontuan hartuta Espainiako Gobernuan agintean dagoela, 2016koetan hondoa jo zuela, ondorengo hauteskundeetan gorantz egin duela, eta inkestek, oro har, bi edo hiru eserleku gehiago ematen zizkiotela, erdi beteta eta erdi hutsik ikusten dute botila. Idoia Mendia lehendakarigaiak atzo gauean esan zuen emaitzak «oso onak» direla, baina aitortu zuen, gainera, «indar handiagoa» edukitzea gustatuko zitzaiela. Abstentzio handiari egotzi zion boto gehiago ez lortu izana.

Gauzak hala, izan Eusko Jaurlaritzan edo oposizioan egoteko, euren burua indartu dutela uste du PSEko zuzendaritzak, eserleku bat gehiago eskuratuta eta hirugarren indarra izatea lortuta. Hala, «ezker ez-nazionalistaren lidergoa» berreskuratu izana ospatu dute.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen garaileen teilatuan utzi nahi izan du pilota PSE-EEren zuzendaritzak, «gobernu indartsu eta egonkor bat osatzeko» bidea hasteko. «Ikusi nahi dugu zer jarrera duten, akordioak lortzeko zer borondate duten, eta negoziazioa nola planteatzen duten», adierazi du aurretik Mendiak ere. Bi indarrek bat egingo balute, gehiengo osoa lortuko lukete Eusko Legebiltzarrean. «Hauxe da egoera, eta helburuak asko aldatu dira», nabarmendu du, halere, Anduezak.

Haren ustez, «zalantzarik gabe» dira «onak» emaitzak, eserleku bat gehiago edukiko dutelako. «Eserleku bat gehiago edukiko dugu, boto portzentajean gora egin dugu [nahiz eta 2016koetan baino boto gutxiago lortu], eta eremu nazionaleko alderdien artean PSE-EE da irabazle argia, PPk eta Podemosek hartu duten danbatekoa ikusita». Galdetu diote ea abagunea aintzat hartuta emaitza hobeak espero zituzten, eta erantzun du «zuhurra» dela beti. «Zirkunstantzia hauetan, halako gauzak gertatu egiten dira».

Elorzaren «hausnarketarako» deia

PSE-EEk hauteskundeetan lortutako emaitzek ez dituzte «espektatibak bete», Odon Elorza PSOEren zuzendaritzako Gardentasun eta Demokrazia Parte Hartzailearen idazkariaren esanetan. Bere Twitter kontuan «hausnarketarako» deia egin du, eta zenbait galdera planteatu ditu. «PSE-EE konformatuko da beste lau urtez EAJrekin koalizioa mantentzearekin gure proiektua ito gabe? Edo estrategia aldaketa batez hausnartu behar dugu, eta euskal gizartearen zerbitzurako egon, oposizio arduratsu eta eraikitzaile bat eginez?».

Elorza Gipuzkoatik Espainian kongresukide denaren hitzei heldu die Anduezak, eta esan du PSE-EE ez dela gobernuetan sartzen «pentsatuz alderdi gisa beretzat onuragarria» izango dela, baizik eta «herritarren onuran pentsatuz». Haren esanetan, PSE-EEren helburua ez da aldatuko: «Hori da jendearen bizi baldintzak hobetzen ahalegintzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.