Emaitzak atalez atal

Hiriburuetan ere EAJ nagusi, eta EH Bildu gora nabarmen

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuek emaitza orokorrak berretsi dituzte. Elkarrekin Podemosek eta PP+Csek kolpe handia hartu dute hiruretan. Barrutiz barruti eta atalez atal, berdea da nagusi.

Hiriburuetan ere EAJ nagusi, eta EH Bildu gora nabarmen
Hiriburuetan ere EAJ nagusi, eta EH Bildu gora nabarmen Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2020ko uztailak 13

Atzoko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen emaitzek aldaketa esanguratsu batzuk izan dituzte duela lau urtekoen aldean. Horren lekuko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan izandako boto mugimenduak. BERRIAren webgune bereziak aukera ematen du emaitzei herriz herri eta atalez atal erreparatzeko, eta horiek agerian utzi dute, besteak beste, PPk Gasteizen izandako beherakada, hiriko barruti gehienetako nagusitasuna galduta. Ordizian (Gipuzkoa), berriz, EH Bilduk EAJ gainditu du. Koalizio abertzaleak nabarmen egin du gora Bizkaiko ezkerraldean eta Zaldibarko zabortegiaren (Gipuzkoa) inguruko herrietan. Kontrara, Voxek botoen %10 baino gehiago eskuratu ditu Gasteizko eta Bilboko Guardia Zibilaren kuartelak kokatuta dauden lekuetan, baita kopuru horietara gerturatu ere Getxoko portuko lehen lerroan; han, PP da nagusi.

Gasteiz

Arabako hiriburua izan da aldaketa nabarmenenak dituzten hirietako bat, duela lau urteko hauteskundeekin konparatuta. EAJk 2016an lortutako boto gehientsuenak mantentzea lortu du (-1.254), eta lau puntu egin du gora, botoen %29,4 lortuta. Halere, datu orokorretan gertatu bezala, EH Bildu izan da gorakada argi bat izan duen alderdi bakarra. Ia 2.600 hautesle gehiagok egin dute koalizio abertzalearen alde, eta, laugarren indar izn ondotik, bigarren postura igaro da, botoen %22,2rekin. PSEk ere gora, ehunekoei dagokienez behintzat (boto bat gutxiago izan dute), botoen %17,8 eskuratuta. Sozialistak hiriko bosgarren alderdia izan ziren botoetan duela lau urte, eta hirugarrena aurten. Horiek euren emaitzak hobetu dituzten alderdiak dira, baina bada kontrako joera izan duenik. Elkarrekin Podemosek ezkerreko indarren artean lortutako nagusitasuna galdu du hirian, bidean %3,8 puntu eta ia 11.000 boto galduta. Halere, atzoko galtzaile nagusia PP+Cs izan zen. 2016ko 27,405 botoetatik, atzoko 11.850etara igaro da: 10,5 puntuko galera. Boto horietako ugari baliteke Voxera joan izana. Eskuin muturreko alderdiak Gasteizen eskuratu ditu Eusko Legebiltzarreko eserlekua eman dioten botoen gehiengoa: 3.822 (%4,2). Guardia Zibilaren kuartela dagoen eremuan, Sansomendi kalean, %11,2ra iritsi dira.

Barrutiz barrutiko emaitzak erakusten dituzten mapei begiratuz gero, PPren beherakada agerian geratzen da. Barruti gehienetan garaipena lortzetik bakar batean irabaztera igaro da: San Kristobal auzoko bigarrenean, Ajuriaenearen inguruetan. Gainera, han 2016an lortutako gehiengo osoa ere galdu du, %16,5eko jaitsierarekin. Popularren esku zeuden barruti horietako gehienak EAJren eskuetara igaro dira, eta beste gutxi batzuk PSEra —duela lau urte bi alderdiak pareko zeuden auzoetan, esaterako, Zaramagan—. 2016ko mapan hiriaren kanpoaldean ageri ziren kolore moreak ere desagertu dira. Elkarrekin Podemosek Salburu eta Zabalgana auzoetan jasotako kolpeak nabarmenak dira, hainbat barrutitan %14tik gorako jaitsierak izan baitituzte. EH Bildu izan da eroriko horren onuradun nagusia. Abertzaleek bederatzi ataletan lortu zuten garaipena 2016an. Atzo, aldiz, 30etan. Aipatutako Salburu eta Zabalgana auzoetan ez ezik, Alde Zaharreko hainbat ataletan ere duela lau urteko nagusitasuna berretsi dute.

2020ko Legebiltzarrerako hauteskundeak Gasteizen:

2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Gasteizen:

Bilbo

Bizkaiko hiriburuan nagusitasunez irabazi ditu bozak EAJk. Jeltzaleek, ordea, ez dute lortu duela lau urteko emaitzak apenas hobetzerik. Botoen %42,6 (+%0,6) eskuratu dute, baina 13.700 boto galduta. Gasteizen bezala, gorakada nabarmenena EH Bildurena izan da: 2.500 hautesle gehiagok egin dute koalizio subiranistaren aldeko hautua, eta botoen %18,4 (+%5,4) eskuratu dute. Ezkerreko alderdien artean bozkatuena izan da, Elkarrekin Podemosi aurre hartuta. Azken horiek, hiriko bosgarren alderdi bozkatuena bilakatu dira, 5,3 puntu erori eta ia 12.000 boto galdu ostean. PSEk ere pasa du. Sozialistak bosgarren alderdia izatetik hirugarrena izatera igaro dira, 2,1 puntuko igoerari esker. Bilboko galtzaile handiena, berriz, PP+Cs izan da, boto kopuruari dagokionez behintzat. Popularrek 14.000 galdu dituzte, %6,5eko jaitsiera. Beraz, ezin esan duela lau urte PP bozkatu zutenen zati handi batek hatu duenik Voxerako bidea. Eskuin muturrak 3.425 boto eskuratu ditu Bilbon, botoen %2,62. Bada, ordea, botoen %10a eskuratu duen atal bat, Salveko Guardia Zibilaren kuartela dagoen lekuan.

Mapa ia monokromatikoa da Bilbokoa, atal bakoitzean irabazi duen alderdiari erreferentzia egiten badiogu. EAJk duela lau urteko nagusitasunari eutsi dio ia auzo denetan. Badu, ordea, duela lau urtekoak baino kolore apur bat gehiago. EH Bilduk duela lau urte garaipena lortutako Alde Zaharreko sei ataletan garaile atera da berriz ere, eta nagusitasun hori zabaldu du beste zazpi ataletara ere, tartean, San Frantzisko auzora. Berdea ez den kolore bakarra Txurdianaga eta Otxarkoaga auzoetan ageri da. Hango lau ataletan garaipena eskuratu du PSEk, EAJren kaltetan.

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Bilbon:

2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Bilbon:

Donostia

EAJk 4,5 puntu egin du gora Gipuzkoako hiriburuan, botoen %37,2 eskuratuta, eta emaitza orokorretan agerian geratu den igoera han ere berretsiz. Duela lau urte EH Bilduk bigarren indarra izatea lortu zuen hiriburu bakarra izan zen Donostia, eta atzokoan ere hala mantendu zen. Gainera, botoen %24,5 eskuratuta egin zuen, 2016an baino 4,8 puntu gehiago. Horrez gain, boto kopuruan gora egin duen (+1.357) indar politiko bakarra izan da. PP izan zen duela lau urte hirugarren alderdi bozkatuena, Ciudadanosek bat izanak, ordea, ez dio balio izan erorikoa ekiditeko. 5.600 boto baino gehiago galdu dituzte, eta bost puntu. Elkarrekin Podemosek ere botoen erdia inguru galdu du Donostian, eta PSEren atzetik geratu dira. Izan ere, sozialistek azken hauteskundeetako boto kopurua mantentzea lortu dute ia (-156), eta bosgarren indarra izatetik hirugarren postura igaro dira. Donostia izan da, gainera, Voxek babes txikiena lortu duen hiriburua. Botoen %2,22 eskuratu du, kopuru hori bikoiztu egiten den arren Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartela kokatuta dagoen lekuan.

Donostian ere berdea da nagusi, baino 2016an baino kolore aldaketa gehiagorekin. Elkarrekin Podemosek galdu egin du Intxaurrondo auzoan garaipena eskuratu zuten hiru ataletan. Gainera, hiruretan zuzenean laugarren postura erorita egin du. EH Bilduk Egia inguruko hainbat ataletan EAJ lehen postutik ateratzea ere lortu du, baita PSE Bidabietako atal batetik ere.

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Donostian:

2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Donostian:

Getxo

Bilboren eta Barakaldoren atzetik, Bizkaiko hiri populatuena da Getxo. EAJk nagusitasunez irabazi ditu han bozak eta duela lau urte lortu ezin izan zuen zerbait egin du. Portuko lehen lerroko ataletako batean garaipena eskuratu dute jeltzaleek, PP+Cs koalizioaren kaltetan. Izan ere, 2016an itsasora ematen duen lehen lerro horretan popularrek eskuratu zuten garaipena atal guztietan, eta oraindik ere alderdi bozkatuena da bertako bizilagun Carlos Iturgaitzena. Getxo izan da, gainera, Voxek Arabatik kanpo emaitza onenak lortu dituen hiria. Eskuin muturrak %3ko langa pasatu du han: 1.115 boto (%3,2). Izan ere, Santiago Abascalek zuzendutako alderdia hirugarren bozkatuena izan da gutxienez sei ataletan, denak portuko lehen lerroan kokatuak. Botoen %5etik gora eskuratu ditu horietan, batean botoen %9,8ra ere iritsita.

Hiriko gainerako ataletan, EAJren berde iluna ageri da indar nagusi bezala. Gainerako alderdien emaitzetan ere alde nabarmenak daude: EH Bildu eta PSE gora, eta PP behera. Duela lau urteko emaitzekin alderatuz gero, aldaketa esanguratsuena EH Bilduren igoera izan da. Bigarren indar bozkatuena izan dira subiranistak, berriz ere PP+Cs-ren kalterako. EH Bilduk botoen %17,3 (+3,6) eskuratu du, koalizio espainolistak baino 0,3 puntu gehiago. Azken horiek 6,5 puntuko jaitsiera izan dute. PSEk botoen %10.3 (+%2,1) eskuratu du, eta Elkarrekin Podemosek %6 (-%4,8).

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Getxon:

Ordizia

Aurreko astean herrian atzeman zen COVID-19 agerraldiak eta Eusko Jaurlaritzak bozei begira hartutako erabakiek eztabaidaren erdian kokatu dute Ordizia (Gipuzkoa), batez ere, guzti horrek parte hartzean izan zezakeen eraginagatik. Abstentzioa, ordea, %44,1ekoa (+9,2) izan da han, batez bestekoa baino txikiagoa. Mapari erreparatuz gero, EH Bildu ordezkatzen duen berde argia da antzematen den kolore bakarra. Horrek aldaketa nabarmena erakusten du 2016ko emaitzekin alderatuta. Orduan, EH Bilduk bi ataletan bakarrik lortu zuen garaipena, eta EAJk gainontzeko guztietan. Atzo, ordea, koalizio abertzaleak buelta eman eta botoen %45,3 (+%11,6) eskuratu zuen, 2.030 boto gehiago eskuratuta. EAJk, aldiz, emaitza orokorretan ez bezala, behera egin du, botoen %32,9 (-%3,1) bereganatuta.

Bi alderdi horietatik urrun dira gainerako guztiak. PSEk 2016ko emaitzei eustea lortu du, botoen %8,5 (-%1) lortuta: 327 boto. Hala, Elkarrekin Podemos pasa dute sozialistek. Moreek 634 boto izatetik 325 lortzera igaro dira: %8,4 (-%5,7). PP+Cs koalizioak ere behera egin du, botoen erdia baino gehiago galduta: %2,9 (%3,3).

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Ordizian:

Zaldibarko zabortegiaren inguruak

Bost hilabete baino gehiago igaro dira Zaldibarko zabortegia amildu, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu zirenetik. Ezbehar hark osasun neurriak hartzera behartu zituen, besteak beste, Zaldibarko, Ermuko (Bizkaia), Eibarko eta Elgetako (Gipuzkoa) herritarrak. Ordutik ugari izan dira Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu duten protestak. Horiek eragina izan dutela dirudi. Izan ere, Eibarren eta Ermuan behera egin dute PSEk eta EAJk; gora, berriz, EH Bilduk. Zaldibarren eta Elgetan, aldiz, aldeak txikiagoak izan dira, duela lau urteko emaitzekin alderatuta.

Ermuan EAJk 500 boto inguru galdu ditu, eta botoen %24,9arekin (-%2,3), baita duela lau urte eskuratutako garaipena ere. Alderdi bozkatuena Jaurlaritzako bestea izan da. PSEk botoen %26,6 eskuratu ditu, baina ez galerarik gabe. Sozialistek 3,2 puntu eta 69 boto galdu dituzte. Behera egin dute PP+Cs eta Elkarrekin Podemosek ere. Botoen %10,1 (-%62) lortu du lehenak, eta %11,9 (-%5,5) bigarrenak. Goraka nabarmen egin duena EH Bildu izan da: 952tik 1.333ra igaro da, hau da, botoen %12tik %21era.

Eibarren ere antzekoa da joera. EAJk ia 500 boto galdu ditu, eta PSEk 300 baino gehiago. Sozialistek hiri hartan inoiz lortu duten boto kopururik txikiena izan da: 2.432. Halere, biek gora egin dute ehunekotan: %33,5 (+%0.9) EAJk, eta %21,7 (+%0,2) PSEk. Ermuan bezala, Eibarren ere EH Bilduk izan du gorakada nabarmenena. Koalizioak botoen %29,9 eskuratu du, duela lau urte baino 7,5 puntu gehiago. Urrun Elkarrekin Podemos (%7,1) eta PP+Cs (%4,3).

Aldaketak apalagoak izan dira Zaldibarren eta Elgetan. Lehenengoan, EH Bilduk EAJ gainditzea lortu du 29 botoko aldearekin. Duela lau urte, jeltzaleek lortu zituzten 30 boto gehiago. Biek egin dute gora, ordea, ehunekoei dagokionez, parte hartzearen beherakadaren eraginez: EH Bilduk %37,7 (+%7,9) eta EAJk %35,4 (+3,5). PSEk ere 2016an lortutako ehunekoari eustea lortu du, 28 boto galdu arren. Esaterako, beherakada handiagoa izan du PPk, 100 botokoa. Elgetan, aldiz, EH Bilduk azken garaipena berretsi du botoen %53,5 (+%7,1) bereganatuta. EAJk, aldiz, 27 boto eta 2,1 puntu galdu ditu.

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Zaldibarren, Eibarren, Elgetan eta Ermuan:

Ezkerraldea

Bizkaiko ezkerraldean dauden hiri nagusietan, Barakaldon, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon, antzeko joera izan dute hauteskundeek. EAJk lortu du garaipena lau hirietan, denetan ere %35etik gora lortuta, baina boto galera handiarekin: 15.577tik 13.162ra igaro da Barakaldon, 8.008tik 6.379ra Portugaleten, 8.722tik 6.806ra Santurtzin eta 4.951etik 3.749ra Sestaon. Azken bi horietan, gainera, ehunekoetan ere behera egin dute jeltzaleek.

Historikoki PSEk emaitza onak lortu izan ditu eremu horretan, baina ez da alderdi hori izan EAJren alde egin zuten hautesleak bereganatu dituena, nahiz eta 2016an EAJk garaipena lortutako Barakaldoko eta Portugaleteko hainbat ataletan irabazi. Sozialistek ere boto andana galdu dute, lau hirietan hiru puntutik gora irabazi arren. Gainera, bigarren indar bozkatuena izateari utzi dio Santurtzin, EH Bilduren mesedetan. Koalizio abertzaleak mapan berde argiago bat agertzea ere lortu du, hiri hartako bost ataletan irabaztea lortu baitu (01 barrutiko lautan eta 04 barrutiko beste batean). Izan ere, koalizio abertzaleak gora egin du nabarmen lau hirietan: Barakaldon 5.057tik 6.211era, Portugaleten 2.654etik 3.156ra, Santurtzin 3.275etik 4.034ra eta Sestaon 1.519tik 2.080ra.

Kolpe latzena Elkarrekin Podemosek jaso du eremuan, lau hirietan ia botoen erdia galduta. Kontuan izan behar da 2016an Barakaldon, Santurtzin eta Sestaon bigarren alderdi bozkatuena izatea lortu zutela. Atzo, Sestaon lortu zuten ehunekorik onena: %12,6 (-%6,9). PPk ere eroriko handia izan du, botoen erdia baino gehiago galduta. Hark utzitako lekua, ordea, ez du Voxek hartu. Eskuin muturrak Barakaldon lortu ditu emaitzarik onenak: 803 boto eta %2,2.

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Ezkerraldean:

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

San Mames zelaia hutsik, Athleticen eta Leganesen arteko partidan, uztailaren 16an. ©Marisol Ramirez / Foku

Athleticeko sei jokalarik positibo eman dute

Berria

PCR probak egin dizkiete futbol jokalariei eta klubetako langileei. Alaveseko hiru jokalariri ere detektatu diete COVID-19 gaitza.

PCR probak egin dizkiete Donostiako Ramuntxo Berri tabernan izandakoei. ©Gorka Rubio / FOKU

Beste 505 positibo izan dira Hego Euskal Herrian

Berria

COVID-19a zuten zazpi pertsona hil dira azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Probak egingo dizkiete Nafarroako egoiliar guztiei irailean.

Maddalen Iriarte prentsaurreko batean, artxiboko irduian. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio konponbide bat emateko lehen arretako zentroen egoerari

Olatz Esteban Ezkati

Eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen arteko elkarlanaren beharra nabarmendu du indar subiranistak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna