Zaldibarko zabortegiko luizia

Zaldibarko zabortegiko buruak atxilotu dituzte

Jose Ignacio Barinaga Zaldibarko zabortegiaren jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxebarria ingeniaria hartu dituzte preso. Ostegunean deklaratuko dute epaitegian.

Zaldibarko zabortegian gertaturikoak argitzeko eskatzeko manifestazioa, uztailaren 4an. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Mikel P. Ansa - Imanol Magro Eizmendi
2020ko uztailaren 21a
19:40
Entzun

Verter Recycling 2002 SM enpresako buruak atxilo hartu zituen Ertzaintzak asteartean: Jose Ignacio Barinaga Egia, enpresaren sortzailea; Arrate Bilbao Barinaga, zabortegiaren kudeatzailea; eta Juan Etxebarria, azpiegituraren ingeniaria. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek BERRIAri astearte iluntzean baieztatu zioten epaile baten aginduz egin dituela Polizia judizialak atxiloketak. Ikerketa ezagutzen duen beste iturri batek asteartean ere adierazi zion kazeta honi epaile baten aginduz egin zituztela atxiloketak. Baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, asteazken eguerdian, BERRIAri jakinarazi dio «soil-soilik Ertzaintzaren polizia operazio batean» atxilotu dituztela, eta ez dakiela zergatik adierazi duen hori Segurtasun Sailak.

Otsailaren 6an kraskatu zen zabortegia, eta milioi erdi bat tona zakar inguru amildu ziren maldan behera, AP-8raino. Hurrengo astean hasi ziren lanean Durangoko epaitegiak. Bi delitu posible ari dira ikertzen, eta kasu bakoitza epaile batek darama: langileen eta pertsonen kontrako deliturik ba ote den ikertzen ari da Durangoko 1. Instrukzio Aretoa, eta ingurumenaren kontrako deliturik ba ote den ikertzen ari da Durangoko 2. Instrukzio Aretoa. EAEko Justizia Auzitegia Nagusiak zehaztu du bi kasuak ikertzen ari diren epaitegi horietako bakar batek ere ez duela atxiloketarik agindu, eta ez direla atxilotuen kargu egingo epailearen aurrera eramaten dituzten arte.

Kasua bi partetan eta bi aretotan zatitzeak bikoizketa batzuk ekarri ditu: esate baterako, lekuko batzuek bi aldiz deklaratu behar izatea; epaile bakoitzaren aurrean bereiz, alegia. Familien abokatuek eskatu izan dute bi kasuak bateratzeko eta epaitegi bakar batean ikertzeko, baina, oraingoz, bide bereizietatik doaz instrukzioak.

Hiru atxilotuak Eibarko komisarian dauzkate, eta espero da ostegunean eramango dituztela epailearen aurrera. Ezustekoa izan dira atxiloketak. BERRIAk jakin duenez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak bisita bat egin behar zuten astearte goizean Zaldibarren, baina bertan behera utzi zuten atxiloketen berri izan zutenean.

Iñaki Arriolak ezaguna du atxilotuetako bat, Jose Ignacio Barinaga, Eibarko alkate zen garaietatik, nahiz eta azaldu izan duen ez dutela harreman esturik. PSE-EEko beste kide batzuk ere gertukoak ditu Barinagak; enpresa batzuetan —Zaldibarko zabortegian bertan— bazkide izan zuen Arriolaren alkate garaiko idazkaria, Javier Sanchez Martinez; Ernesto Martinez de Cabredorekin —orain Uraren Agentziako buru denarekin— ere interes partekatuak izan ditu Barinagak enpresa batzuetan. Harreman horietako batzuk esplikatu zituen BERRIAk artikulu honetan.

Ikertzeko soka luzea

Auzitegien ikerketari buruz apenas zabaldu den ezer bost hilabete hauetan. Ekainean jakin zen Ertzaintzak bukatuak zituela epaileek agindutako instrukzioak, eta «kriminalitate zantzuak» sumatu zituela zabortegiaren kudeaketan. Hortik aurrera, lekukoen eta hedabideen bitartez ezagutu dira zabortegian gertatzen ziren irregulartasun gehienak. Verter Recycling abiadura ikaragarrian hazi zen, eta uste baino lehenago ari zen betetzen: 2022rako ixteko bidean zeuden, nahiz eta 2046 arte jarduteko baimena zuen. Gero eta zabor gehiago hartzen zuen, gainera: azken bi urteetan bakarrik, ordura arteko zabor guztien %43 hartu zituen —milioi erdi tona baino gehiago, urteko—. Zabortegia egiteko gastua azkar amortizatu zuten, eta irabazi garbiak ematen ari zen ia hasieratik.

Jarduera azkar horretan irregulartasun ugari gertatzen zirela zabaldu zuten lekukoek eta hedabideen ikerketek: amiantoa nahasten zutela beste zakarrekin, baimendu gabeko lur eremuak erabiltzen zituztela, Eusko Jaurlaritzak baimendu gabeko zabor klase asko hartzen zituztela... Kamioilari batek BERRIAn kontatu zuen «inork nahi ez zituen hondakinak» hartzen zituztela Verter Recyclingen, batere bereizi gabe askotan. 2019ko ekainean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek egindako ikuskapenean ere agertu ziren irregulartasun batzuk.

Sektoreko langileen artean zuloa deitzen zioten zabortegiari. Oraindik ez da argitu zerk eragin zuen zabortegia amiltzea eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian hartzea. Amildu baino egun batzuk lehenago sumatu zituen arrakala handi batzuk Beltranek; handik gutxira amildu zen maldan behera. Eta ikerketak argitu beharko duen arren, auzitan daude zabortegiak urteetan hartutako paper fabriketako lokatz metak, aditu batzuek uste baitute zabortegiaren egonkortasunari eragin ziezaioketela.

Zabortegiaren hondamendiaren inguruan krisiak pilatu ziren: aire kutsatua, ur lixibiatuak, informazio falta... Eta ezinegon handia sortu zen inguruko herritarren artean. Honela laburbildu zuen BERRIAk krisiaren aurreneko hilabetean zer gertatu zen; Google Earth erabiliz ere esplikatu zituen zabortegiaren inguruan gertatu zirenak. Eta zabortegiari buruzko historia ere bildu zuen kazeta honek, artikulu honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.