Oroimen historikoa

Bi makiren gorpuzkiak atera dituzte Imotzen

1940ko hamarkadan hil zituzten frankismoaren kontrako gerrillariak. Aranzadik egin ditu indusketa lanak.

Frankisten armadak inguratu eta hil zituen borrokalarietako baten kaskezurra. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 27a
12:29
Entzun

Aranzadi zientzia elkartea eta Nafarroako Gobernuaren Memoriaren Institutua indusketa lanetan aritu dira azken egunotan Nafarroako Imozko Goldaratzen, frankistek hildako bi gerrillariren gorpuzkiak lurpetik ateratzeko.

Bi lekutan lurperatu zituzten makiak, 1940ko hamarkadan, baina ez dute zehaztu noiz. Lekukoen arabera, sasian zebiltzan borrokalari antifrankistak inguruko mendietan babesten ziren. Espainiako armada frankistak inguratu egin zuen taldea, eta haietako batzuk hil. Zenbait hobitan lurperatu zituzten. Beste batek, berriz, ihes egin zuen, zaurituta. Egun batzuen buruan, herritarrek haren gorpua topatu zuten eraso lekutik kilometro batzuetara, eta bertan lurperatu zuten.

Goldarazko (Imotz, Nafarroa) bi lekutan topatu dituzte gorpuzkiak. BERRIA

Gorpuzkiak aurkitzeko eta lur azpitik ateratzeko lanetan lagundu dute eskualdeko herritarrek, eta udal ordezkariak presente egon dira, tartean Alfredo Alzueta alkatea, Nafarroako Gobernuak ohar batean zabaldu duenez. Hobietan oroigarriren bat jartzeko asmoa dutela esan dute herritarrek.

Ekainean, beste bi

Aurtengo desobiratze kanpainako bigarren lan arrakastatsua da Memoriaren Institutuarentzat eta Aranzadirentzat. Ekainaren 20an, frankismoaren aurkako bi borrokalari atera zituzten lurpetik; Gazteluberriko hilerrian ehortzirik zeuden, izenik gabe. Inguruan jasotako lekukotasunen arabera, aita-semeak ziren, 1944. urtean hilak. Hezurren ondoan, arkatz bat eta jantzi batzuen hondakinak agertu ziren.

Horiek izan dira institutuaren aurtengo egitasmoan hobitik atera dituzten lehen gorpuzkiak. Izan ere, ez da lan erraza izan aurtengoa, izurriak eragindako larrialdi egoera dela eta. Hainbat indusketa bertan behera utzi behar izan dituzte.

Datozen hilabeteetan lanean jarraitzeko asmoa dute, urte hasieran onartutako desobiratze planari jarraikiz. Orain arte, denera, 113 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte egitasmoa 2015. urtean martxan jarri zutenetik.

Aranzadiko teknikariak, gorpuzkietako bat ateratzen. BERRIA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.