Agoizko langileek 24 orduko itxialdia egingo dute

Alde Zaharreko San Lorentzo elizan egingo dute 24 orduko itxialdia eta baraualdia. Ohartarazi dute ez dutela lantegiaren itxiera erraztuko eta «amaierara arte» borrokatuko direla. Konpainiako buruak ziurtatu du ixteko erabakiak ez duela «atzera-bueltarik».

Gazte bat, itxieraen aurkako afixa batekin, azken egunetako protesta batean
Gazte bat, itxieraen aurkako afixa batekin, azken egunetako protesta batean Iñaki Porto (Efe) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko uztailak 30

Siemens Gamesaren Agoizko fabrikako (Nafarroa) langile talde batek 24 orduko itxialdia hasi du Iruñeko San Lorentzo elizan, eta, denbora horretan, baraualdia egingo dute mobilizazioan parte hartuko dutenek. «Ekainaren 30ean izan genuen lantegia ixteko asmoaren berri; ordutik, erabakia iraultzeko asmoz antolatu gara», azaldu dute prentsaurreko batean.

Lantegia ixteko erabakiaren berri jaso zutenetik, beharginek mobilizazio ugari egin dituzte: bi manifestazio, bata Iruñean eta bestea Agoitzen; 50 ibilgailu baino gehiagoko auto karabana bat egin zuten Agoizko lantegitik Iruñeko erdigunera: oinez joan ziren lantegitik parlamentura, eta bilera ugari egin dituzte, eragile sozialekin, talde politikoekin eta Nafarroako Gobernuarekin, besteak beste.

«Ez gara geldituko», ohartarazi dute. «Ez dugu nahi eta ez dugu onartuko gure etorkizuna eta gure familiena sakrifikatzea, multinazional baten etekinak gizentzen jarraitzeko», azpimarratu dute.

Gogoratu dute Agoizko lantegia «gaztea» dela, «diru publiko asko» inbertitu dela han, eta «inbertsio txiki batekin» aurrera jarrai dezakeela. «Horregatik, eta aitzakiak sinesten ez ditugulako, urrats bat gehiago egitea erabaki dugu, eta 24 orduz giltzaperatuko gara, gure lanpostuen defentsan».

San Lorentzo elizan egingo dute itxialdia. Ostegun honetan hasi dute, eta ostiralean amaituko da, 11:00etan. Ondoren, 11: 30ean, Nafarroako Parlamentura joango dira, azken bi asteetan herritarren artean bildu dituzten sinadurak erregistratzera.

«Enpresari, Nafarroako Gobernuari eta, oro har, herritar guztiei esan nahi diegu multinazional baten politika ozpinduaren eta eskrupulurik gabeko politikaren biktimak garela, eta, diru gehiago irabazteko, ez zaiola axola 239 familiaren bizitza eta ametsak haustea. Dena den, argi izan behar dute amaieraraino borrokatuko garela».

Erabakia berretsi du konpainiak

Andreas Nauen Siemens Gamesako kontseilari delegatuak ziurtatu duenez, Agoizko fabrika ixteko erabakiak ez du «atzera-bueltarik».

Taldearen hirugarren hiruhileko fiskaleko emaitzak aurkezteko prentsaurrekoan —805 milioi euroren galerak izan ditu urritik—, Nauenek esan du lantegia ixtea erabaki aurretik «alternatibarik ba ote zegoen» aztertu zutela, baina ez zutela beste irtenbiderik topatu, langile batzuk birkokatzeko sindikatuei egindako proposamenaz gain.

Nauenek azaldu duenez, konpainiak «norabidea aldatzeko beharra» berretsi du, batez ere onshore edo lehorreko haize erroten negozioan, taldearen galera gehienak hor pilatzen direlako. Eta jakinarazi du enpresak doikuntza gehiago egitea aurreikusten duela; gogoratu du konpainiak lantegi sare «oso handia» duela mundu osoan.

Lurreko haize erroten zifra txarrak gorabehera, kontseilari delegatuak azpimarratu du «tinko» sinesten duela alor horretan, konpainiaren «hiru hanketako bat» delako, offshore-arekin eta zerbitzuekin batera. «Errentagarria izan daitekeen ebidentzia dago. Horri buelta ematea, hobetzea, turbina egokiak egitea eta beharrezkoak ez diren arriskuak saihestea da helburua », azpimarratu du.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Bezeroa: enperadore berria

Imanol Magro Eizmendi

Bezeroek langileen jarduna ebaluatzeko sistemak hedatzen ari dira. Telefono bidezko zerbitzuetan jaio ziren, eta dagoeneko denda fisiko askotan daude. Haien menpe daudenei presio handia eragiten die; adituek diotenez, zerbitzua hobetzeko baino gehiago kontrol erremintak direlako.

Trenasako langileen protesta Beasainen, asteon. ©GORKA RUBIO / FOKU
 ©CLEMENS BILAN /EFE
Turismoaren datuak kaskarrak izan dira irailean Euskal Ekonomiaren Termometroaren arabera. ©JON URBE / FOKU

Ekonomiaren errebotea %15,2koa izan da hirugarren hiruhilekoan

Irune Lasa

BPGaren urte arteko jaitsiera -%7,7ra murriztu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, jarduera ekonomikoak udan izandako erreboteari esker. Enplegua %6,5 urritu da 2019ko hirugarren hiruhilekotik

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna