Agoizko langileek 24 orduko itxialdia egingo dute

Alde Zaharreko San Lorentzo elizan egingo dute 24 orduko itxialdia eta baraualdia. Ohartarazi dute ez dutela lantegiaren itxiera erraztuko eta «amaierara arte» borrokatuko direla. Konpainiako buruak ziurtatu du ixteko erabakiak ez duela «atzera-bueltarik».

Gazte bat, itxieraen aurkako afixa batekin, azken egunetako protesta batean. IñAKI PORTO (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 30a
12:09
Entzun

Siemens Gamesaren Agoizko fabrikako (Nafarroa) langile talde batek 24 orduko itxialdia hasi du Iruñeko San Lorentzo elizan, eta, denbora horretan, baraualdia egingo dute mobilizazioan parte hartuko dutenek. «Ekainaren 30ean izan genuen lantegia ixteko asmoaren berri; ordutik, erabakia iraultzeko asmoz antolatu gara», azaldu dute prentsaurreko batean.

Lantegia ixteko erabakiaren berri jaso zutenetik, beharginek mobilizazio ugari egin dituzte: bi manifestazio, bata Iruñean eta bestea Agoitzen; 50 ibilgailu baino gehiagoko auto karabana bat egin zuten Agoizko lantegitik Iruñeko erdigunera: oinez joan ziren lantegitik parlamentura, eta bilera ugari egin dituzte, eragile sozialekin, talde politikoekin eta Nafarroako Gobernuarekin, besteak beste.

«Ez gara geldituko», ohartarazi dute. «Ez dugu nahi eta ez dugu onartuko gure etorkizuna eta gure familiena sakrifikatzea, multinazional baten etekinak gizentzen jarraitzeko», azpimarratu dute.

Gogoratu dute Agoizko lantegia «gaztea» dela, «diru publiko asko» inbertitu dela han, eta «inbertsio txiki batekin» aurrera jarrai dezakeela. «Horregatik, eta aitzakiak sinesten ez ditugulako, urrats bat gehiago egitea erabaki dugu, eta 24 orduz giltzaperatuko gara, gure lanpostuen defentsan».

San Lorentzo elizan egingo dute itxialdia. Ostegun honetan hasi dute, eta ostiralean amaituko da, 11:00etan. Ondoren, 11: 30ean, Nafarroako Parlamentura joango dira, azken bi asteetan herritarren artean bildu dituzten sinadurak erregistratzera.

«Enpresari, Nafarroako Gobernuari eta, oro har, herritar guztiei esan nahi diegu multinazional baten politika ozpinduaren eta eskrupulurik gabeko politikaren biktimak garela, eta, diru gehiago irabazteko, ez zaiola axola 239 familiaren bizitza eta ametsak haustea. Dena den, argi izan behar dute amaieraraino borrokatuko garela».

Erabakia berretsi du konpainiak

Andreas Nauen Siemens Gamesako kontseilari delegatuak ziurtatu duenez, Agoizko fabrika ixteko erabakiak ez du «atzera-bueltarik».

Taldearen hirugarren hiruhileko fiskaleko emaitzak aurkezteko prentsaurrekoan —805 milioi euroren galerak izan ditu urritik—, Nauenek esan du lantegia ixtea erabaki aurretik «alternatibarik ba ote zegoen» aztertu zutela, baina ez zutela beste irtenbiderik topatu, langile batzuk birkokatzeko sindikatuei egindako proposamenaz gain.

Nauenek azaldu duenez, konpainiak «norabidea aldatzeko beharra» berretsi du, batez ere onshore edo lehorreko haize erroten negozioan, taldearen galera gehienak hor pilatzen direlako. Eta jakinarazi du enpresak doikuntza gehiago egitea aurreikusten duela; gogoratu du konpainiak lantegi sare «oso handia» duela mundu osoan.

Lurreko haize erroten zifra txarrak gorabehera, kontseilari delegatuak azpimarratu du «tinko» sinesten duela alor horretan, konpainiaren «hiru hanketako bat» delako, offshore-arekin eta zerbitzuekin batera. «Errentagarria izan daitekeen ebidentzia dago. Horri buelta ematea, hobetzea, turbina egokiak egitea eta beharrezkoak ez diren arriskuak saihestea da helburua », azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.