Lan gatazkak

Artiumeko langileek greba egingo dute irailean

Lanuzteak hiru egunetan egingo dituzte: 4an, 9an eta 11n. Hilaren 15erako gatazka konpondu ezean greba mugagabea hasiko dutela iragarri dute.

Langileek elkarretaratzea egin zuten atzo museoaren aurrean. ELA
aitor biain
2020ko uztailaren 31
16:51
Entzun

Gasteizko Artium museoko langileek greba egitea erabaki dute. Bisitarien arretarako zerbitzuko langileek protestak gogortzea erabaki dute, horrenbestez. ELA sindikatuak BERRIAri jakinarazi dio gaur arratsaldean erregistratu dutela deialdia, irailerako. Lanuzteak hiru egunetan egingo dituzte: irailaren 4an, 9an eta 11n. Eta aurreratu dute hilaren 15erako lan gatazka konpondu ezean greba mugagabeari ekingo diotela. Datozen egunetan, halere, mobilizazioekin jarraituko dute.

Hamasei langilek osatzen dute bisitarien arretarako zerbitzua. Azpikontratatutako enpresa bateko beharginak dira. Museoko zuzendaritzak, ordea, kontratua berritu nahi du, baina langileek salatu dute adjudikazio berriaren aurrekontua %20 txikiagoa izango dela 2018koaren aldean. ELAren arabera, horrek hainbat lanpostu kentzea ekarriko du, eta lan baldintzak «nabarmen» okertzea. Museoak, ordea, ukatu egin du asmo hori duela, eta esan du zerbitzu orduaren prezioa %5 handiagoa dela duela bi urteko adjudikazioarekin alderatuta. Zuzendaritzak ziurtatu du, halaber, aintzat hartzen duela sektoreko lan hitzarmen kolektiboa.

Langileek atzo egin zuten aurreneko elkarretaratzea museoaren aurrean. «Artium, zuk nahi duzuna, murrizketak eta kaleratzeak» lelopean, dozenaka lagun bildu ziren egoera gaitzesteko. Gaur, berriz, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko kultura diputatuarekin –Artium fundazioko batzordeko presidentea ere bada– bildu dira ELAko ordezkariak, lan gatazkari konponbidea bilatzeko asmoz. Sindikatuko iturrien arabera, bilera ongi joan da; nork bere ikuspuntua azaldu du, baina irailean berriz elkartzekotan geratu dira.

Bitartean, ordea, langileek iragarri dute mobilizazioekin jarraituko dutela, «iragarritako murrizketak egin ez daitezen eta lanpostu guztiak eta zerbitzuaren kalitatea bermatuko dituzten baldintzak berregin daitezen». Gatazka konpondu ezean, grebara joko dute, iragarri bezala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.