Albistea entzun

Euskaldunon Egunkaria

Ateak ireki eta hormak gainditu

Euskaldunon Egunkaria-ren proiektua sorreratik bertatik babestu zuen Joan Mari Torrealdaik, eta Egunkaria Sortzen taldean aritu zen, egitasmoarentzako sostengu bila. Gerora Administrazio Kontseiluko kide gisa Torrealdaik egindako «diplomazia lana» goraipatu dute orduko lankideek.

‘Egunkaria’ aurkezteko agerraldia, 1990ean: Joxemi Zumalabe, Martin Ugalde, Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdai
‘Egunkaria’ aurkezteko agerraldia, 1990ean: Joxemi Zumalabe, Martin Ugalde, Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdai EGUNKARIA Tamaina handiagoan ikusi

Maider Galardi F. Agirre -

2020ko abuztuak 1

«Garaia da. Ordua da. Orain da». Hala zioen Joan Mari Torrealdaik Gaur irekiko ditu ateak dokumentalean (2015), Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraz galdetuta. Erabat sinetsita zegoen euskarazko egunkari nazionala egiteko garaia zela hura: «Eztabaida utzi, eta egin dezagun». Torrealdairen moduan, beste hainbat euskaltzalek ere bat egin zuten proiektuarekin. Tartean izan ziren Imanol Murua Uria kazetari eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Nerea Azurmendi kazetaria, eta Txema Auzmendi kazetari eta jesuita. Gogoan dute 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran egindako lan eskerga. Batzuek erredakzioan, beste batzuek bideragarritasun ekonomikoa antolatzen, eta beste batzuek «diplomazia lanetan». Nagusiki zeregin horretan aritu zen Torrealdai, «pixkanaka horma lodiak hausten eta ateak irekitzen».

1980ko hamarkadaren amaieran, Argia aldizkariaren bueltan sortu zen egunkariaren proiektuaren gaineko gogoeta. Unibertsitatetik irten berria zen orduan Murua, baina Argia-n kolaboratzen zuen ordurako, belaunaldi bereko beste hainbat kazetarirekin batera: «Denbora gutxi generamala, ohartu ginen egunkariaren ideia oso serio hartua zutela, egunkaria martxan jartzeko garaia zela erabakia zutela... Tokatu zitzaigun momentu egokian leku egokian egotea, beste batzuek pentsatu zutena martxan jartzeko». Egunkaria sustatzeko taldean zeuden Pello Zubiria, Iñaki Uria, Josu Landa eta Joxemi Zumalabe bera.

Aldizkariko talde hark, ordea, ondorioztatu zuen beharrezkoa zela talde sustatzaile indartsuago eta zabalago bat sortzea proiektuari babesa emateko, eta, asmo horrekin, 1989ko azaroaren 1ean bilera bat egin zuten Donostian, EKB Euskal Kulturaren Batzarreak deituta. Bertan parte hartu zuen Torrealdaik —Jakineko zuzendaria zen, eta beste zenbait taldekide ere izan ziren bilera hartan—. Hilabete geroago, berriz, Durangoko Azokan, Euskaldunon Egunkaria izango zenaren oinarriak finkatu zituzten, eta 1990eko urtarrilaren 21ean aurkeztu zuten Egunkaria Sortzen taldea, proiektua bultzatzeko ardura hartu zuena: «Hor ikusi zen Torrealdaik hartu zuela protagonismoa. Hor sortu zen proiektu osoaren motorra, gerora Administrazio Kontseilua izan zena: fronte diplomatikoa», nabarmendu du Muruak.

Auzmendi eta Azurmendi, biak izan ziren Egunkaria Sortzen-eko eta Administrazio Kontseiluko kideak. «Garai hartan, emakume gazte batentzat ohorea zen une horiek partekatzea Martin Ugalderekin, Joan Mari Torrealdairekin, Txema Auzmendirekin...», kontatu du Azurmendik. Auzmendi ere oroitzen da Euskal Herriko hainbat herritan ibili zirela eragileetako eta erakundeetako ordezkariekin biltzen, proiektuarentzat babesa lortzeko.

Ate joka eta sostengu bila

Herrietan egunkariaren aldeko batzordeak sortu ziren, baina topatu zituzten hainbat oztopo bidean: «Oso zaila zen garai hartan. Mesfidantza handia zegoen», dio Muruak. «Ustez Torrealdaik gertu zituen euskalgintzako zenbait kideren aldetik ere bai. Berak esaten zuen sinesten zuela erabat gure proiektuan, eta gogorrak egiten zitzaizkiola han eta hemen ikusten zituen mesfidantzak». Oroitarazi du, gainera, Eusko Jaurlaritzak garai hartan bazuela euskarazko egunkari publiko bat sortzeko proiektua, eta talka izan zela hori: «Gu beste proiektua ginen, Jaurlaritzarena ez zena».

Azurmendik uste du «bermea» izan zela prozesuan Torrealdai, Auzmendi, Ugalde eta Zumalabe —beste batzuen artean— alboan edukitzea: «Haien lana erabakigarria izan zen. Hori gabe ere bazuen sinesgarritasuna, baina sendotasuna eta bermea ematen zioten proiektuari». Muruaren ustez, Jakinek zuen «mundu ikuskera» eraman zuten Egunkaria-ra: «Jakinen izpiritu oso irmoa zeukaten: kulturgintzak autonomiarekin jokatu behar zuela. Gurera ekarrita, guk kazetaritza independentea genuen». Ez zuten berehalakoan babes instituzionalik lortu, ordea.

Nolanahi ere, proiektuak ez zuen atzera-bueltarik ordurako. 1990eko uztailaren 15ean jaialdi bat egin zuten Donostiako belodromoan, eta orduan argitaratu zuten zero zenbakia. Handik ia bost hilabetera kaleratu zuten lehen zenbakia, abenduaren 6an. Eta, biharamunean, hurrengoa. Euskaldunon Egunkaria martxan zegoen, horrenbestez.

Bidean nola egin aurrera

Eguneroko martxan batzuk eta ate gehiago irekitzeko asmotan besteak, bidean hasi zen Euskaldunon Egunkaria. «Harrigarria da zer konfiantza ematen ziguten», dio Muruak: «Pentsatzen genuen: ‘Hauek ere gurekin daude’». Azurmendik gehitu du «ongi pentsatutako» proiektua zela Egunkaria-rena, eta Torrealdairen rola nabarmendu du: «Askoren aurretik joateko gaitasuna izan du». 1994an lortu zuten aurrenekoz Jaurlaritzak diru laguntza ematea: «Errekonozimendu txiki bat izan zen», dio Muruak.

Auzmendiren ustez, «konfiantza handia» ematen zuen Torrealdaik: «Bazekien nondik jo, nola egin...». Gerora ere eutsi diote Administrazio Kontseiluan aritu zirenean sortutako harremanari: «Aho zabalik begiratzeko modukoa zen». 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, eta harekin izan zen zeldan Auzmendi. Egun haietan eman zion babesa ere ondo gogoan dauka. Hasieratik bukaeraraino «eskuzabala» izan zen Torrealdai.

JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sheila Fernandez Berri Otxoak taldeko kidea. ©Aritz Loiola / FOKU

«Lanean ari den jende askok ezin du bizitza duina eduki»

Javi West Larrañaga, Bizkaiko Hitza

Ezkerraldeko gizarte eta etxebizitza arazoak salatzeaz gain, konponbidea ematen saiatzen da Berri Otxoak taldea. Langileen arteko prekaritateaz ohartarazi du Sheila Fernandezek: gero eta gehiagok eskatzen diete laguntza.

Isiltasun anitz urratzeko

Isiltasun anitz urratzeko

Edurne Elizondo, Nafarroako Hitza

Nafarroako Gobernuak hitzaldi sorta bat antolatu du suizidioaren auziaz hitz egiteko eta gaia erdigunean jartzeko. Tuteran egin dute lehenengoa, eta azarora bitarte bertze sei izanen dira, Lizarran, Elizondon, Zangozan, Tafallan eta Iruñean.

Agurne Gaubeka, apirilean, Iruñean. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Behatokiak eta Kontseiluak «kezkaz» hartu dute Gorenaren erabakia

Joxerra Senar

Agurne Gaubekaren arabera, bereziki kezkagarria da lan deialdietan euskara eskakizunak «bakarrik» judizializatu nahi izatea, eta horren harira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «sindikatu, eragile eta alderdi batzuk» hartu duten jarrera

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ikasturte hasierako ekitaldian, gaur goizean, Bergaran ©Aritz Loiola / FOKU

Ikastolek «desengainua» hartu dute Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroarekin

Irati Urdalleta Lete

Jokin Bildarratzek egotzi die Ipar Euskal Herrian Parisekin bilera bat lortuta «baikor» daudela, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, «hamaika aldiz» bildu eta adostasunak lortu arren, «desengainua» hartu dutela: «Ulergaitza egiten zait».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...