Jakin

Euskaratik herria egiteko plaza

Ia 60 urteko bidea egin du Torrealdaik Jakinen. Aldizkaria izan dute ikur nagusi, eta Torrealdai bera izan zuen zuzendari 42 urtez, 2014 arte. Haragokoa da, ordea, Jakineko kide historikoen ekarpena eta itzala: itsasargi izan dira hamarkadetan.

2014an erreleboa eman zuten Jakin aldizkarian: Lorea Agirrek hartu zuen zuzendaritza, talde baten babesarekin. JON URBE / FOKU
Ane Eslava.
2020ko abuztuaren 1a
02:21
Entzun

Lekukorik jaso gabe hasi ziren oinez, bidea urratzen. 60 urte baino gehiagoko bidea osatua du Jakinek, nahiz eta urte horietako batzuetan zentsurak isilarazirik egon. Taldearen arima izan da Joan Mari Torrealdai: aldizkariaren zuzendari aritu zen 42 urtez, 2014ra arte, eta Jakin talde historikoko kide izan zen Joseba Intxaustirekin, Joxe Azurmendirekin eta Paulo Agirrebaltzategirekin batera. Jakin fundazioko lehendakaria izan da azken urteotan. Euskaratik herria egitea, kultura ardatz hartuta. Horra Jakinen jomuga. Torrealdairen ekarria ezinbesteko akuilua izan du zeregin horri heltzeko.

Aldizkaria da Jakin, baina hori baino askoz gehiago ere bai. Taldea Arantzazuko santutegiko (Oñati, Gipuzkoa) frantziskotarren inguruan jaio zen, 36ko gerraren ondoren euskarak zeukan babesleku nagusian. «Hango ikasleen kontua izan zen: 1956an Euskaltzaindiaren gerraosteko lehen biltzar irekia izan zen han, eta bertako gazte frantziskotarrek erabaki zuten zerbait egiten hasi behar zutela», gogoratu du Intxaustik. Ordurako prestatu zuten aldizkariaren lehen zenbakia, eta bertan agortu zen. Hori izan zen Jakin-en lehen jaiotza. Beste asko izan baititu, garaian garaira egokituz eta berrasmatuz joan delako. «Urte asko izan dira, gorabehera asko, eta guztiari erantzun behar izan zaio, bide berriak asmatuz», adierazi du Intxaustik.

Torrealdai 1963an sartu zen Jakinen. 2016an Eusko Ikaskuntzarentzat eginiko memorian jaso zuen Jakin «beren plataforma propiotzat» zutela gerraosteko belaunaldiek, eta bera heltzerako «izena eta izana» zituela taldeak. 1967an aldizkariaren zuzendaritza hartu zuen —aritua zen aurrez ere, 1964an—. Hala azaldu zuen egoera: «Jakin zer zen? Mantxeta bat eta harpidetza mordoxka bat. Ez bururik ez gorputzik zuen, ez zuen lantalderik ez egiturarik». Planteamenduak aldatzen hasi ziren: aldizkaria sekularizatu zuten, hiritartu, eta gaiak aldatu zituzten, gizartearen kezkei erantzunez. «Joan Marik komentu eta eliza girotik kanpoko proiekzioa egin zuen», dio Intxaustik. «Ekarpen hori hari zor diogu zuzenean».

Torrealdairen orduko zuzendaritza ez zen luzea izan, ordea: 1969an, Espainiako Gobernuak aldizkaria argitaratzea debekatu zuen. Urte zailak izan ziren. Kanpora jo zuten taldeko kide ugarik —Torrealdai bera Okzitaniako Tolosara joan zen, eta Parisera handik—. Intxaustik hartu zuen lekukoa 1970ean, «lankidetzari segida emateko» ahaleginarekin. Indartu egin zuten taldea, eta bide berriak urratu —besteak beste, handik sortu zen UZEI Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastegia—. Funtsezkoa izan zen Mila eta Pili Larrea ahizpen laguntza. Azpiegiturarekin lagundu zieten, eta beste lan batzuk egin zituzten: «Artikuluak makinaz kopiatu, liburuak argitaratu, bazkideen fitxei jarraipena eman, bidalketak prestatu...», azaldu du Mila Larreak. Ateak ireki zizkien: «Euskal kultura ezagutu eta euskara ondo menperatu genuen».

Torrealdai 1975ean itzuli zen Euskal Herrira, eta Jakinera bildu zen, berriro. Beste bi urte joan ziren, ordea, aldizkariak argitaratzeko baimena jaso arte. Orduan hasi zen Jakin aldizkariaren arorik luzeena, etenaldirik gabekoa, Torrealdairen zuzendaritzapean. «Kultur, pentsamendu eta saio aldizkari kritikoa» izatea jarri zioten helburu Jakin aldizkariari.

1975etik 1977ra, Euskal Herrira itzuli eta Jakin argitaratu gabe egon zen urteetan, beste enkargu bat hartu zen Torrealdaik: Anaitasuna aldizkaria zuzendu zuen. Bizkaiko aldizkari hura «krisitik ateratzeko» zeregina hartu zuten Intxaustik eta biek. Jakin argitaratzeko baimena heldu zitzaienean utzi zuten Anaitasuna-ko lana.

1977tik 2014ra arte jardun zuen Torrealdaik zuzendari. Aurreko urteak zenbatuta, 42 urteko ardura, eta ia 60 urteko bidea Jakinen, aldizkariaren zuzendaritza uztean fundazioaren lehendakaritza hartu baitzuen. Lekukoa Lorea Agirrek hartu zion aldizkarian.

Batasunaren aitzindari

Aldizkaria izan du plaza nagusi Jakinek, baina handik haragokoa da haren ekarpena eta itzala. Euskararen batasunaren aldeko lana da nabarmenetako bat. Batasunaren bidea urratzen aitzindariak izan ziren aldizkarian. «Konbentzituta geunden erabat premiazkoa zela», kontatu du Intxaustik. Ez zen izan, hala ere, taldeko kide historikoek euskalgintzan egindako ekarpen bakarra: UZEI sortzea, Intxaustik euskararen historia sozialaz egindako lanak, Azurmendiren tesia eta argitalpenak, Agirrebaltzategi EKB Euskal Kulturaren Batzarrearen lehendakari jardutea, Torrealdaik liburugintzaz egindako azterketak eta Euskaldunon Egunkaria-n hartutako ardurak...

Euskalgintzaren erdigunean egon zen Jakin taldea. Lan ugari digitalizaturik jarriak dauzkate herritar guztien eskura.

Hamarkada luzeetan egindako bidearen aitortza jaso zuen laukoteak 2018an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Dominarekin: «pentsamenduan, kultur eragiletzan, argitalpengintzan, euskal kulturan eta euskara batuaren eremuan egindako lana» goraipatu zieten. Torrealdaik berak ekitaldian nabarmendu zuen aldizkari irekia egin zutela: «Jakin ez da izan pulpitu, ez katedra. Plaza izan da. Herriko plaza, gogoetaren plaza eta lankidetzarako elkargunea. Horregatik, pentsamenduaren geografia zabaletik hurbildu zaigu jendea». Euskara ardatz gisara hartuta lantzen zuten funtzio hori: «Euskalgintzaren zentraltasuna ez da eslogan hutsa. Gure proposamen nagusia da herrigintzaren eraikuntzan».

JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.