Liburugintza

Ezabaketaren egiaztatzaile

Langile nekaezin baten erretratua erakusten dute Torrealdaik argitaratutako ikerketa lanek. Mugarri dira, esaterako, frankismoko zentsurari buruz idatzitako doktore tesia eta euskal liburugintzaren historiari egindako azterketa.

IMANOL OTEGI / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko abuztuak 1

Liburuzale amorratua izanik ere, edo agian hain justu horregatik, liburugintzaren itzaleko aldean egin zuen ikerketa ibilbidearen parte handi bat Joan Mari Torrealdaik. Idazketari erreparatuz, noski, baina baita ezabaketari ere. Sakoneraino ikertu zuen frankismo sasoiko zentsura aparatua, esaterako, eta barruraino murgildu zen euskararen aurkako debekuen, irainen, aurreiritzien eta ukazioen munduan ere, lehenik El libro negro del euskera (1998) eta gero Asedio al euskera (2018) bildumak osatzeko. Liburugintzaren alde argia ere jorratu zuen, ordea, eta mugarri izan dira, adibidez, euskal liburuaren buelta osoa aztertzeari eskainitako bi lan monumentalak: Euskal Idazleak Gaur (1977) eta Euskal Kultura Gaur (1997). Torrealdai izan zen ordura arte uste eta lanbro zenari metodo soziologiko zehatz eta kontrastatuak aplikatu zizkion lehena, eta, horregatik, haren izena ezinbestekoa da euskal kulturaren ikerketetan. Horrek guztiak bilakatu du «autoritate», Juan Luis Zabala idazle eta kultur kazetariaren hitzetan, eta egindako lan «titanikoa» aitortu dio Mari Jose Olaziregik ere, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Literatura Departamentuko irakasle eta Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan izeneko ikerketa taldeko zuzendariak.

«Nola egin ahal izan zuen hori guztia berak bakarrik?». Behin eta berriz bueltatu da lehen galdera horretara Olaziregi, Torrealdaik egindako lanari buruz hizketan jardun ahala. Zentsurari buruzko lanaz ari da nagusiki, baina ez horretaz soilik: «Erabat hankamotz gelditu da zentsuraren gaia. Inork ez daki berak bezainbeste zentsurari eta zentsoreei buruz».

Hori izan zuen doktore tesirako gaia. 1991n defendatu zuen, Deustuko Unibertsitatean, eta doktore izendatu zuten, cum laude kalifikazioarekin. Ezagun zituen zentsoreak lehenagotik ere. Frankismo betean, haren artikulu bat debekatu zuten lehenik, eta, gero, erabat debekatu zuten hark zuzentzen zuen Jakin aldizkaria argitaratzea ere. Torrealdaik berak azaldu izan duenez, tranpa moduko bat jarri zien zentsurak, eta erori egin ziren. «Gu erregimena zabaltzen ari zelakoan jardun ginen bi urtez, artikulu mota horiek publikatu eta publikatu. Eta zer gertatu zen? Bitartean haiek debekatzeko argudio bila ari zirela. Horren erakusletzat, papertxo bat aurkitu nuen Alcala De Henaresko artxibategian, zera zioena: ‘Darles cuerda para que ellos mismos se ahorquen (utzi soka libre, beren burua urka dezaten)’». Eta, hain zuzen ere, Torrealdai bera jo zuten debeku horien mekanismoak aztertzea izan zuen erronka akademiko nagusietako bat.

Olaziregik eman du lan horren neurria: «Norbait desagertzen denean, beti azpimarratzen da zeinen langilea zen; ba, ez, Torrealdairen kasuan erabili beharreko neurria benetan makroa da». Unibertsitateko irakaslearen hitzetan, «basatia» izan zen Torrealdaik doktore tesirako egindako lana. «1986. eta 1990. urteen artean, Alcala de Henaresko Artxibo Orokorrean sartuta, piztiaren bihotzean, 2.000 espediente aztertu, eta haietako 1.500 sakon ikertu zituen, eta ikusgarria da, are, bi liburukitan banatuta, tesi horrek hartzen duen bolumena bera ere. Horrelako tesiak ez dira egiten. Hori ez du inork egiten orain. Ezinezkoa da».

Urteekin, publiko zabalari hiru liburutan heldu zaio lan akademiko erraldoi hartan bildutako informazioa. 1998an eman zuen argitara lehena: La censura de Franco y los escritores vascos del 98. Hurrengo urtean kaleratu zuen bigarrena, La censura de Franco y el tema vasco izenburupean, eta 2000. urtean heldu zen Artaziak. Euskal Liburuak eta Francoren zentsura (1936-1983) liburua. Edonola ere, tesi osoa argitaratzeko asmoa azaldua du Elkar argitaletxeak.

Gogoan izatekoa da liburugintzaren arloan sustatzaile rola ere eduki duela Torrealdaik: Elkar argitaletxea indartzeko egitasmoan parte hartu zuen 1974an —bi urte lehenago eratu zuten Ipar Euskal Herrian—, eta Elkar fundazioa sortzeko prozesuan aritu zen 1996an —patronatuan egon da ordutik—. Ez ziren urrats bakarrak izan: EIE Euskal Idazleen Elkartea 1969an eratu zuten, eta Torrealdai izan zen lehenbiziko idazkari nagusia.
Eskuzabaltasuna nabarmendu dio Olaziregik Torrealdairi. Hori, hasteko. Lehenago ere bazuten elkarren berri; hitz eginak ziren behin baino gehiagotan, baina Olaziregik gidatutako ikerketa taldeko kideek literaturari eta zentsurari buruzko kongresu bat antolatu zuten 2018an, eta Torrealdairi omenaldia egiteko baliatu zuten, gertuko lagunekin eta hari abisurik eman gabe. «Zeharo hunkitu zen», gogoratu du irakasleak. «Urte luzez bakarrik aritu da alor horretan. Zentsurari buruzko ikerketek ez dute jarraipenik izan euskal akademian. Gure ikerketa taldean, 2016an eta 2017an hasi ginen lan horrekin, eta bien artean ez dago ezer». Eta horregatik haren hunkidura ere omenaldian. «Torrealdaik guk antolatutako kongresuan esan zuen bezala, zentsura ez zen bukatu Francoren heriotzarekin: zentsuraren aparatuak martxan jarraitu zuen 1983ra arte. 1975etik 1983ra arteko tartea ari gara orain ikertzen. Baina haren tesia da guztiaren muina. Lan ikaragarria da».

Hutsune instituzional bat

Gehiago ere bada, ordea. Literaturaren soziologia oso modan zegoen garaian, Robert Escarpit ikerlariaren metodo kuantitatiboa aplikatu zion Torrealdaik euskal liburugintzari, eta horren emaitza dira 1976an argitaratutako Euskal Idazleak Gaur eta handik hogei urtera kaleratutako Euskal Kultura Gaur liburukoteak. Bi lan horietan, ikuspegi zientifikotik aztertu zuen euskal liburugintza zertan zen. Kuantitatiboki. Ehunka idazle elkarrizketatu zituen, jo zuen argitaletxeengana, aztertu zuen merkatua, eta, penaz, baina etorkizuneko ikerlarientzat utzi zuen irakurleari buruz egin beharreko ikerketa. Euskal Herriko liburugintzari buruzko azterketa historikoa ere egin zuen, eta temati eutsi zion gaia ikertzeari gerora ere. Hutsik egin gabe aztertzen, zenbatzen eta interpretatzen zituen urte bakoitzean izandako euskal publikazio guztiak Jakin aldizkarirako.

Eta bueltan berriz Olaziregiren galdera: «Nola egin ahal izan zuen hori dena berak bakarrik?». Eta berriz ere adjektibo bera: «Titanikoa». «Beste herrialdeetan lan hori ministerio baten menpe egoten da, eta atal oso bat egoten da datu horiek batzen eta aztertzen, baina hemen, pertsona bakar batek egiten zuen lan hori, aldizkari baten barruan aztertzeko».

Torrealdairen azterketa horien zehaztasuna laudatu du Juan Luis Zabala idazle eta kultur kazetariak ere. Dioenez, «hutsune instituzional bat» salatzen du Torrealdairen ekimen hark, eta, horregatik, galdera ikur baten pean ikusten du orain etorkizuna. «Egingo al du inork orain Torrealdaik egiten zuen zerrenda? Ordainduko al du orain inork, merezi duen neurrian, lan hori guztia?».

Langile «nekaezina» izan zela dio Zabalak, eta «fidagarritasun handikoa». Haren hitzetan, horrek bilakatu du autoritate, eta horregatik heltzen da orain haren itzala, baita gertu izan ez zutenenganaino ere. «Gazte zela egokitu zitzaion euskara gerraosteko giro ilunetik kulturaren argira zabaltzen hasi zen garaia bizitzea, eta horixe izan du burubide harrezkero. Bide horretan guztiek errespetatu duten erreferentea izan da, neurri handian berak ere errespetu handia erakutsi dielako beti berarekin bat ez zetozenei; are ikuspegi politiko batetik etsai zituenei ere. Dotorezia fisikoarekin guztiz bat egindako dotorezia intelektuala erakutsi du beti, eta amaierara arte eutsi dio horri, guztiz berezkoa zuelako. Eta igarri egiten zitzaion; transmititu egiten zuen».

Kulturaren proletarioa

Olaziregik dioenez, Torrealdaik eskura izan zuen unibertsitatera sartzeko aukera, eta ziur dago lankide «bikaina» izango zela, gainera. Baina ez zuen bide hori hautatu. «Torrealdairen kasuan, euskal kultura dinamizatzeko eta eragiteko egindako lana nabarmendu ohi da, baina arlo akademikoan egindako lana ere aitortzekoa da. Egin zezakeen karrera akademikoa, baina erabaki zuen euskalgintzan eta Jakinekin jarraitzea. Euskal kulturaren langiletzat zuen bere burua. Euskal kulturaren proletariotzat. Eta horixe izan zen».

JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua agerraldi batean. ©Javier Etxezarreta/EFE

Murga: «Hau bigarren olatua da»

Olatz Esteban Ezkati

Azken orduetan nabarmen ugaritu dira kasuak Hego Euskal Herrian: 419 positibo atzeman dituzte, atzo baino 108 gehiago.

Bastidan, mahats bilketa, 2018an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Araban ere PCRak egingo dizkiete sasoikako langileei

Berria

Arabako Errioxan mahats bilketan 2.500 eta 3.000 langile artean ibiltzea espero da, eta Jaurlaritzak baieztatu du aukera hori aztertzen ari direla. Nafarroak sasoikako langileei eginiko lehen proben emaitzak jaso ditu: denek negatibo eman dute.

Azkaineko (lapurdi) eskolako sartzea, itxialdiaren ondotik. ©Guillaume Fauveau

Bidarteko udalekua itxi dute langile batek positibo eman duela eta

Oihana Teyseyre Koskarat

31 haur izan dira kontaktu zuzenean. Udalekua hetsirik egonen da bi egunez gutxienez. Maskara derrigortu dute Bidarten, Ezpeletan, Getarian (Lapurdi) eta Donibane Garazin.

Aguraingo plaza. ©Aritz Loiola/FOKU

Aguraingo Kokolo eta Donostiako Ramuntxo Berri tabernetan izan direnei proba egitera joateko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Agurainen, uztailaren 29tik abuztuaren 2ra han egon zirenei egin die deia; Donostian, berriz, uztailaren 26tik abuztuaren 3ra egondakoei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna