Legebiltzarreko Mahaia osatzeko akordioa erdietsi dute EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek

EAJk presidentetza eta idazkaritza bat eskuratuko lituzke, PSE-EEk lehen presidenteordetza, eta Elkarrekin Podemosek bigarren idazkaritza. EH Bildurentzat izango litzateke lehen idazkaritza.

Azken legealdiko mahaia osatu duten kideak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2020ko abuztuaren 1a
10:10
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Mahaiko postuak banatzeko akordioa erdietsi dute bart EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek. Adostutakoaren arabera, jeltzaleentzat izango dira presidentetza eta lehen idazkaritza, sozialistentzat lehen presidenteordetza, eta koalizio morearentzat bigarren idazkaritza. Gauzak hala, EH Bildurentzat izango litzateke geratzen den eserlekua: bigarren presidenteordetza.

Erabakitakoa gauzatzen bada, EAJk eta Elkarrekin Podemosek azken legealdian izan dituzten kargu berak izango lituzkete. Aldaketa PSE-EEk eta EH Bilduk izan dituzten postuetan egongo litzateke. EH Bilduko Eba Blanco de Angulo izan da lehen presidenteordea legealdi honetan, eta Txarli Prieto bigarrena.

EAJk eman du albistearen berri, komunikatu baten bidez. Idatzian azaldu du mahaiaren «pluraltasuna» bermatzen duela akordioak, uztailaren 12ko hauteskundeetan boto gehien lortu zuten lau alderdiak ordezkatuta egongo direlako. Mahaitik kanpo geratuko dira, beraz, PP+Cs eta Vox.

Adostutakoa erdiesteko, EAJko eta PSE-EEko ordezkariek beharrezko boto kopurua emango diote Elkarrekin Podemosen hautagaitzari, eta, trukean, Miren Gorrotxategi buru duen koalizioak zuri bozkatuko du presidentea eta presidenteordeak hautatzeko bozketetan.

EAJk (31 eserleku), PSE-EEk (10) eta Elkarrekin Podemosek (6) Legebiltzarreko 75 eserlekuetatik 47 dituzte, gehiengo oso argia. Halere, sinatzaileek EH Bilduk akordioari baiezkoa ematea espero dute, «adostasun zabal» horretara gehituta. Koalizio subiranistak 21 ordezkari eskuratu zituen bozetan, eta mahaian bi kide lortzeko asmoa adierazia zuen: lehen presidenteordetza eta idazkaritzetako bat.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.