Albistea entzun

Euskalgintzak agur beroa eman dio Torrealdairi

Askotariko jendeak elkartu ditu Joan Mari Torrealdairen hil kaperak, euskalgintzan hamarkadetan egindako bidearen fruitu. Haren ekimena nabarmendu dute, eta taldean jarduteko zuen gaitasuna. Mina ere bai: Egunkaria ixteak eta torturek eragindako zauria. Legatua lantzea da oraingo erronka.

Garikoitz Goikoetxea -

2020ko abuztuak 3

Goibela da: lainoa sartu du, ezkutaturik daude hain maite zituen mendiak. Grisa da. Isiltasuna da: herriko kaleetatik aparte, muino batean, isiltasuna da hilerria; inguruko ardien zintzarriek soilik ukitzen duten isiltasuna. Eta oroimena da: egun goibel eta isila, Joan Mari Torrealdai gogoratzekoa. Egin duen lana eta utzi duen ondarea eskertzekoa: euskararen, eta euskal kulturaren, eta Euskal Herriaren alde egindako ahalegin nekaezina goraipatzekoa. Egin zioten mina eta ekarri zioten kaltea ez ahaztekoa. Ostiral arratsean hil zen Torrealdai, minbiziarekin, eta Usurbilgo (Gipuzkoa) beilatokian jarri zuten hil kapera larunbat goizean. Askotariko jendeen topaleku izan zen, urteetan erein zuenaren fruitu. Gaur, igandean, 13:00ak arte egongo da irekita beilatokia. Bihar izango da hileta, Usurbilgo elizan, 18:00etan.

Torrealdai 77 urterekin hil da, eta ia 60 urteko ibilbidea egin du euskalgintzan eta kulturgintzan. Forukoa (Bizkaia) zen sortzez, baina haren kultur bizitzan Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa) da mugarria: 12 urterekin sartu zen hango seminarioan, 1954an, eta 1960ko hamarkadaren hasieran murgildu zen Jakin aldizkarian. Azkenera arte aritu da: «Bere gaitasun intelektualarekin egon da azken-azkenera arte, eta oraindik emateko zuen: ez da hilabete azken liburua entregatu zuela. Erabat aktibo zegoen». Lorea Agirreren ahotsa da, Jakin-eko zuzendariarena: orain sei urte eman zion erreleboa Torrealdaik, 42 urtean zeregin horretan jardun ondoren.

Bost urte dira hezur muineko minbizia atzeman ziotela. Urteotan osasun gorabehera bat baino gehiago izan du, baina azken egunetan okertua zen haren egoera. Zaintza aringarriak ezarrita egon da etxean, eta senideak eta lagun gertukoenak agurtu ostean hil da.

Egindakoa eta nolakoa

Hil kaperak erakutsi du hamarkada hauetan zenbateko arrastoa utzi duen, nolako konplizitateak ehundu dituen, zenbateko itzala sortu duen eremu batzuetan eta besteetan. Osasun larrialdiaren eraginez, segurtasun neurriekin ireki dute beilatokia: besarkada eta esku estutze gutxi, aretoan jende kopuruak mugatuta, eta maskara jantzita. Begiradek bete dute besarkada eta ezpainen falta. Bideoa: beilatokiko goizeko irudiak eta adierazpenak.

Denak maskara jantzita. «Baina Joan Mari bera ez zen mozalaren edo maskararen zalea». Hor Iñaki Murua bertsolariaren azalpena. Zentsura izan zuen ikergai nagusietako bat —azken bi liburuak ere horri buruzkoak argitaratu ditu—. Aztertu ez ezik, jasan ere egin zuen: Jakin 1969an isilarazi zuten, Torrealdai zuzendari zela. Zortzi urteko isilaldia izan zen, eta Torrealdairen etena Euskal Herrian: Tolosan (Okzitania) eta Parisen ibili zen ikasketetan. Ez zen Euskal Herriarekiko etena izan, ordea. Jakineko kideek eutsi zioten harremanari, eta Torrealdairen loraldia etorri zen 1975etik aurrera: Jakin, Anaitasuna, Elkar, liburugintzari buruzko lanak... Eta Euskaldunon Egunkaria, 1990ean. Arlo asko. Eta sakon.

Egindako lanaz ez ezik, egiteko moduaz daude akorduan harekin aritu zirenak. Batetik, lan pertsonaletik harago, taldean jarduteko zeukan gaitasuna. «Lantaldeak sortzeko, proiektuak aurrera eramateko eta hori giro onean egiteko ezagutu dudan eredugarriena izan da», nabarmendu du Jakin-eko kazetari Xabier Eizagirrek. «Zuzendari eta kudeatzaile gisa» zeuzkan dohainak goraipatu du Jakineko talde historikoko partaide Paulo Agirrebaltzategik. «Handietan handia galdu dugu».

Katea ere ezaugarri izan du: transmisioa. Olatz Osa, Elkarreko zuzendaria: «Herria ezagutu, maitatu eta eraikitzeko oinarriak oso garbi zituen eta transmititu zizkigun belaunaldi baten izarretako bat izan da». Egunkaria-ko transmisioa du gogoan Imanol Murua Uriak: «Bere ibilbidetik zekarren ikuspegi nazionala, pluraltasuna, kulturgintza politikaren autonomiatik egiteko ia obsesioa... Eskuzabaltasun handiz erakutsi zigun bidea, eta konfiantza eman». Transmisioa ezaugarri izan du lan guztietan, Andoni Sagarna euskaltzainaren arabera: «Intelektual osoa zen: gizarteari emateko gai izan da. Jakin du bere jakinduria aplikatzen Euskal Herriak behar zituen gauzetara».

Eragindako zauria

Euskalgintzan ia 60 urteko ibilia, eta Torrealdaik sektore batzuetako eta besteetako abegia lortu du: haren jokabide eredugarria goraipatu dute. «Harremanetarako dohaina zeukan, gertutasuna, eta horrek asko ekarri dio euskalgintzari: pertsona asko biltzeko ahalmena zuen», nabarmendu du Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok. Pentsamendua eta ekintzailetza, biak ziren Torrealdai, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ustez: «Ametsak behar dira, eta lan egin. Eta horretarako motibatzaile handia izan da».

Euskalgintzaren ispilu, finean. «Hizkuntzaren normalizazioan euskalgintza ardatz dela, hau auzi politikoa dela, eta askotan esan zuena: ezina ekinez egina... Euskalgintzaren balioak islatzen zituen Joan Marik», dio Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Haren ekina goraipatu du Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak: intelektuala ez ezik, «euskaltzale aktibo eta konprometitua» izan dela.

Konpromiso horretan zebilela egin zioten zauria, Egunkaria itxi eta torturatuta. «Sufrimendu injustua» ekarri du gogora Bakartxo Tejeriak, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak. Jonan Fernandezek ere bai, Eusko Jaurlaritzako Bizikidetzako idazkari nagusiak: «Sufritu zuen bere konpromisoagatik, baina duintasun handienez eraman du beti. Erreferentea da». Pairatu zuen kaltea deitoratu du PSE-EEko ordezkari Eneko Anduezak ere: «Injustizia handia izan zen. Asko sufritu zuen. Euskaldunok zor hori ere badaukagu Joan Mari bezalako askorekin». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere ekarri du gogora mina: «Ezagutu zuen Espainiako Estatuaren natura nolakoa den».

Beilatokian izan direnen arteko solasaldietan maiz atera da hizpidera hori: min bidegabea jasan zuela. Izatez, Torrealdaik berak torturarekin lotu du hezur muinean azaldutako minbizia, heriotza ekarri diona. Jakin eta Egunkaria ekarri ditu gogora Agirrebaltzategik: «Euskalgintzak eta kulturgintzak jasandako zapalkuntzaren eta pertsekuzioaren ikur nagusietakoa da Joan Mari».

Goibela da: iluna, euria. Isildu dira ardien zintzarriak muinoan. Badoa eguna. Baina argituko du egunak, legatua lantzeko egunak. «Nahiko nuke eskola liburuetan ikusi haren izena», esan du BERRIAko lehendakari Beatriz Zabalondok. Liburutegi Nazionalaren egitasmoa ere aipatu dute batek baino gehiagok. Agirre: «Gai izango ote gara haren figura errekonozitzeko eta behar duen onarpen eta maila nazionala emateko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Donostian, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Soraluzeko andre bat labankadaz hil dute Benidormeko bere etxean

Jon Ordoñez Garmendia Ion Orzaiz

Emakumearen senarra da susmagarri nagusia: trafiko istripu batean hil da, lehen ikerketen arabera, bere buruaz beste eginda. 2003tik, Euskal Herriko 115 emakume hil dira indarkeria matxistagatik

Lau akusatuk onartu dute abusuak egin izana tutoretzapeko adingabeei

Edurne Begiristain

Sansoheta auziko ahozko epaiketan hamar gizonezko eseri dira akusatuen aulkian adingabeei sexu abusuak egitea egotzita. Sei akusatuk esan dute ez zekitela biktimak adin txikikoak zirela
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Giza historiako krisi larrienean gaude, eta ez dago erantzun proportzionalik»

Maite Asensio Lozano

Tokiko borroken gainetik Euskal Herrian «hegemonia kapitalista ekozidari» aurre egingo dion mugimendu sendo baten premiaz arituko dira, besteak beste, Ekotopaketetan, datorren asteburuan, 'Azken krisia, gure garaia' lelopean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...