Bernardo Atxaga.
IRITZIA

Joan Mari Torrealdai. Bi leku Arantzazun

2020ko abuztuaren 1a
16:47
Entzun

«Aspaldi bizi izan zen norbait izango zara halako batean, eta lurrak gogoratuko zaitu basoek haizea gogoratzen duten moduan. Zure bakeak ez du mugarik izango». Elegia labur hau, poeta suediar batek lagun batentzat idatzia, Joan Mari Torrealdairi dagokio orain. Bizitzan 77 urtez ibili eta gero, Heriotzara abiatu zen herenegun, 2020ko uztailaren 31n. Euskara Jendea doluz dago ordudanik.

Bere garaian, bizi izan zen 77 urte horietako hogeigarrenean-edo, Jorge Oteizarekin gertatu zen Torrealdai Arantzazun. «Nola liteke zu bezalako gizon eder bat fraide egin izatea?», galdetu zion tupustean. Oteizak, iruditzen zait, ez zuen begi bistakoa bakarrik ikusi Torrealdairengan, haren aurpegi klarua edota zein segaila zen, zein lerdena. Aura bat ere antzeman zion, seguruenik ere, halako argitasun bat, eta, konparazioan, kopetilunez betetako gizarte hartan, beti haserre, mikatz, zomorro ibiltzen zen, eta den, jendearen artean, mirari bat irudituko zitzaion: «Nola liteke…?». Zorionez, litekeena zen, eta haren irudia dugu orain beste oroitzapen eztiekin batera gordetzeko. Seguru nago, luzaro gogoratuko dugu denok haren irribarrea.

Bizitzaren hasieratik bukaeraraino, hor hedatzen da gure lurralde nagusia, eguneroko bizitza. Lasai esan dezakegu une honetan, sentimendu goibel guztien gainetik: lurralde zabala izan da Torrealdairena, egun asko etorri zitzaizkion eskura. Ez zen bere ibilbidea azkar batean zapuztu, nola Rikardo Arregirena edo, lehenago, Lizardirena eta Lauaxetarena, eta lanean jardun zuen denbora guztian. Bere eskutik heldu ziren, hartara, hainbat egitasmo eta obra beharrezko, hala JAKIN aldizkaria nola literaturaren azterketa soziologikoak edo El libro negro del euskera eta Asedio al euskera bezalako liburuak, hurrengo belaunaldiek ere, seguru nago, erruz erabiliko dituztenak.

Ez zen ordea bere ibilbidea horretan erabaki, egun arrunt eta lantsuetan. Hala izan balitz, Joan Mari Torrealdaik leku bat, bat bakarrik, izango zuen Arantzazun, eskola hartan koskortutako anaia berezien Goi Aretoan, Salbatore Mitxelena, Bitoriano Gandiaga edo Luis Villasanterekin batera; baina iritsi zen Egunkaria bortxaz itxi zuten eguna, eta, Euskara Jendearen begi harrituen aurrean —ez zen sinestekoa!—, atzeman egin zuten baldarki, gupida gabe, eta, ondoren, urtea joan eta urtea etorri, deskantsurik gabeko egoera batean eduki, Damoklesen ezpatapean. Tortura hotz bat izan zen hori berarentzat, aurrez nozitutako bortxazkoa baino are larriagoa.

Gizaki asko erotu egiten da Botereak kolpea ematen dionean, bizitza gelditu bezala egiten baita harentzat, eta munduak, krudelkeria natural batez, aurrera segitzen baitu kolpatua atzean utzita. Torrealdai ez zen erotu, baina asko sufritu zuen, eta, sufrimenduarekin, bigarren leku bat hartu zuen Arantzazun. Gogoratu eraikinaren frontisa: hantxe dago Oteizaren Pietá, ama bat negarrez seme hila altzoan duela. Irudi horren baitan ere badago orain Joan Mari Torrealdai, ez bakarrik santutegiko Goi Aretoan.

Zehaztuko dira Joan Mari Torrealdairen bizitzako gorabeherak etorkizunean. Orain, ordea, agurraren unea da. Batzuek protestatu egingo dute; beste batzuek, errezatu; nik, berriz, poeta suediarrak lagunarentzat idatzitako elegia hartuko dut berriro aintzat, zeren isiltasunaren hurrengoa iruditzen baitzait, hasperen bat, agur apala, Heriotzaren aurrerako egokiena agian: Aspaldi bizi izan zen norbait zara orain, Torrealdai, eta lurrak, zuk zure mendi botekin mila aldiz ukitu zenuen Euskal Herriko lur honek, basoek haizea gogoratzen duten moduan gogoratuko zaitu luzaro. Zure bakeak ez du mugarik izango.

JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.