Torrealdairen azken mezua: «Bakean joan naiz. Harro nago»

Azken agurra eman diote Joan Mari Torrealdairi Usurbilen. Despedidarako utzitako mezua irakurri dute hiletan: «Harro nago eraiki dudanaz».

Garikoitz Goikoetxea.
2020ko abuztuaren 3a
22:00
Entzun

Horma sendoa, harriz harri eraikia, zimendu sendotik gora jasoa. Usurbilgo elizaren horma sendoa. Dorrearen oinetan, ate ondoan, argazki handi bat, Joan Mari Torrealdairena. Beste horma sendo bat, arloz arlo eraikia eta zimendu sendokoa, joan den ostiralean heriotzak ilundua, 77 urterekin. Haren hileta, Usurbilgo elizan (Gipuzkoa). Horma barru eta kanpo, jendetza handia, aurreko egunetan hil kaperan bezalaxe. Egindako ibilbidea goraipatzeko egunak izan dira, eta utzitako ondarea eskertzekoak, eta jasandako mina ez ahaztekoak. Eta agurrean, soseguzko mezu bat: «Bakean joan naiz, familiaz inguratua, bizitzak eman didan guztiari eskertua. Harro nago eraiki dudanaz».

Horma sendo bat, arantzazko horma bat, aldarean, irudi handitan: Arantzazuko santutegi ataria (Oñati, Gipuzkoa). Arantzazu, Torrealdairen «jaioleku kulturala». Bertako seminarioan sartu zen 1954an, 12 urterekin. Euskal kulturarako bidea izan zitzaion: bertan murgildu zen Jakin taldean, adibidez. Arantzazuk presentzia handia izan du hiletan. Salbatore Mitxelenaren Zuk zer dezu, Arantzazu? kantuaren doinuarekin sartu dituzte errautsak elizara, Beatriz Gorriti alargunaren besoetan, eta Bitoriano Gandiagaren Dezagun argia piztu olerkia kantatuz hasi dute elizkizuna.

Horma sendo bat, askotariko harriz eraikia. Ia 60 urteko bidea utzi du Torrealdaik euskalgintzan eta kulturgintzan, eta haren itzalean sortu eta sendotu dira proiektu ugari. Agurrean izan dira Jakin aldizkariko lankideak, Euskaldunon Egunkaria-koak eta BERRIAkoak, Euskaltzaindikoak eta euskalgintzako beste dozenaka lekutakoak. Belaunaldi berrikoak eta zaharrekoak. Katea da Torrealdai.

Horma sendoa, itzal handikoa, baina harremanetarako gai zena. Ehuna josi du urteotan, eta azkenean ere bai. Erakundeak eta herrigintza bildu ditu, tradizio politiko bateko eta besteko ordezkariak. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, EAJko buru Andoni Ortuzar eta EH Bilduko ordezkari Maddalen Iriarte. Eta beste dozenaka eragile eta taldetako kideak.

Tortura eta gorrotoa
Horma sendoa, baina zauritua, pitzatua. Hezur muineko minbiziak eraman du, duela bost urte atzemandako gaitzak, Egunkaria itxi osteko atxiloaldian jasandako torturarekin lotu zuen minbiziak. «Esaten nuen hezur muineraino min egin zidatela. Hezur muinean agertu zitzaidan minbizia». 2003an eragin zioten zauria, eta odol gorritan eduki zuen 2014ra arte, auzibideak itxi arte. Zauria ez zen itxi. 2015ean azaleratu zen.

Horma pitzatua, baina osorik eutsi ziona. Azken urteetan lanean jarraitu du Torrealdaik, azkenera arte ia —duela hilabete entregatu zuen azken liburua—, nahiz eta «zauri kulturala» ere sortu zioten, agiriak kenduta eta nahasita. «Ez ahaztu»: mezu hori bidali zuen Egunkaria auziaren bukaeran. Ibon Alberdi apaizak horri heldu dio hiletan: «Ahaztea ez da kristaua, baizik eta bakez gogoratzea. Torturak jasan ondoren gorrotorik ez duenak ulertu du hori». Maiz esan du Torrealdaik: mina zuela, ez gorrotorik. Alberdi: «Ez dezagun ahaztu gure herrian hainbatek jasandakoa, baina hori ez bedi izan gorroto iturri».

Horma sendoa, baina eliza dardarka jarri dute hiletan. Lehenik, Manex Torrealdai semeak eta haren bikotekide Kattalin Zubizarretak: Leonard Cohenen Hallelujah-ren bertsio bat egin dute gitarra eta trikititan, eta Mendian gora haritza-ren bat ere bai, Torrealdaik hain gogoko zuen abestia. Garazi Torrealdai alabak eskutitz hunkigarri bat irakurri du ondoren, aitari eskerrak emateko gutuna: «Bukaerara arte egin duzu borroka. Zailtasunen aurrean adorea erakutsi izan duzu beti. Zurekin ikasi dugu adore hitzaren esanahia zein den: kemena, talde lana». Ez da mezu bakarra izan: Torrealdaik berak ere utzi du despedidakoa, alabaren ahotsean irakurria. «Bakean» joan dela esan du, eta «harro» dagoela: «Harro nago eraiki dudanaz, bai familia eta lagunarte mailan, baita euskal kultura eta gizarte mailan ere. Ezin hobea izan dut bizitza, eta eskertua nago guztiz». Senideak eta lagun gertukoenak agurtuta hil zen ostiralean, etxean. «Ezin izan zaituztet zuek guztiok banan-banan agurtu, baina badakit ulertu eta barkatuko didazuela». Bereziki gogoan izan du emaztea: «Azken urteetan nire ondoan tinko eta gogor eutsi dion emakume ausarta. Bera gabe nola jarraitu aurrera... Nire ardatza. Bizitza zor dizut».

Horma sendoa ilundu da. Eliza atarian agurra, jendetzaren artean, Torrealdairen errautsen aurrean: Jon Maia dantzariaren agurra, Mendian gora haritza-ren doinuarekin, eta herria kantuan, Adio laguna eta Behin betiko ahotan. Eta txaloak: bi minututik gorako txalo amaigabeak. Ilundu da horma. Baina zutik dago eginikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.