Monarkiaren aurkako mobilizazioak egin dituzte Hegoaldeko hiribiruetan

Donostian monarkiari buruzko erreferentzia guztiak kentzeko eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak

Igor Susaeta.
2020ko abuztuaren 5a
15:03
Entzun

Mugimendu errepublikanoak deituta, monarkiaren aurkako mobilizazioak egin dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, Borboiak kanpora, monarkia kanpora lelopean. Izan ere, aste honetan jakin denez, Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emerituak alde egin du, eta Espainiatik kanpo biziko da, nahiz eta, besteak beste, Suitzako eta Espainiako fiskaltzak hura ikertzen ari diren ustelkeriarekin lotutako hainbat kasurengatik.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatutako elkarretaratzeekin bat egin dute ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek, baita EH Bildu, Ezker Anitza eta Ahal Dugu indar politikoetakoek ere.

Horren harira, eta Juan Carlos Borboikoak «justiziari ihes» egin diola iritzita, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak adierazpen instituzional bateratu bat erregistratu dute Donostiako Udalean, eskatuz «oro har» monarkiari buruzko erreferentzia guztiak hiritik kentzeko.

Adierazpen hori aurkeztu dute, udalaren hurrengo bozeramaileen batzarrean eztabaidatua eta bozkatua izan dadin. Suitzako eta Espainiako fiskaltzak ustelkeriarekin lotutako hainbat kasurengatik ari dira ikertzen Borboikoa, eta, hori aintzat hartuta, bi indar politikoek nabarmendu dute testuan «beharrezkoa» dela hari «errege» titulua eta «maiestate» izendapena kentzea. Adierazpenak eskatzen du, gainera, Donostiako Udala agertu dadila Espainian ikertua izatearen alde.

EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak udalari eskatu diote ebazpena helaraz diezaiela Espainiako Gobernuari, Kongresuari eta Senatuari.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.