Libano

Gobernuaren dimisioa aurkeztu du Libanoko lehen ministroak

Aurrez beste lau ministroak kargua utzia zuten. Manifestariek parlamentua inguratu dute eta istiluak lehertu dira hirugarren egunez jarraian.

Gobernuaren aurkako protestak Beirutaen, atzo, Libanoko parlamentuaren inguruan. WAEL HAMZEH / EFE
2020ko abuztuaren 10a
12:47
Entzun

Gobernu osoaren dimisioa aurkeztu du Hasan Diab lehen ministroak. «Urrats bat atzera egitea erabaki dugu, herritarren ondoan egon ahal izateko. Era horretan benetako aldaketa eskatzen zutenen nahia betetzen dugu», esan du Diabek telebista publikoan egindako agerraldian.

Diabek gogor kritikatu du «elite politikoa», eta aldaketa saihesteko euren esku dituzten «baliabide zikin guztiak» erabiltzea egotzi dio. «Zenbaitek ez dute ondo ulertu urriaren 17ko iraultza [Saad Hariri lehen ministroaren dimisioa eragin zuena]». Bestetik salatu du Beiruteko portuan izandako leherketa «ustelkeria kronikoaren ondorioa» izan zela. 

Gobernuburuaren agerraldiaren zain, milaka manifestari parlamentuaren egoitza inguratu dute eta sarrera-irteerak moztu dituzte, segurtasun indarrak gerturatu ez daitezen.

Aurrez, Marie-Claude Najm Libanoko Justizia ministroaketa Ghazi Wazni Finantzakoak dimisioa aurkeztu zuten, iragan asteartean hiriburuko portuan gertatutako eztandaren ondorioz. Najm eta Waznik kontatuta, lau ziren orain arte kargua utzi zuten gobernuko ministroak, dimisioa aurkeztu baitzuten atzo bai Damianos Qattar Ingurumen ministroak, bai Manal Abdel Samad Informazio ministroak. Gainera, gutxienez bederatzi parlamentariok ere beren postuak utzi dituzte egundaino.

«Egoera honetan boterean jarraituta ez da funtsezko aldaketarik egingo sisteman, eta ondorioz, ez gara helduko nahi dugun erreformara», adierazi du Najmek ohar batean. Horrez gain, hauteskundeak aurreratzea eskatu du, gainontzeko gobernuko kideei karguak uztera deituz. Informazio ministro ohiak «izugarrizko hondamendiaren ondorioz» kargua uztea erabaki zuela adierazi zuen.

Beirut hiriburuko kaleetan izan diren protesten ondoren datoz dimisioak. Gobernuko eraikinen inguruetara atera ziren manifestatzera larunbat iluntzean, eta atzo jarraitu zuten, gobernu osoaren kargugabetzea eskatuz. Poliziaren eta kaleko jendearen arteko talketan, segurtasun indarrek negar gasa erabili zuten.

Baabda jauregiaren kanpoaldean manifestazioa deitu dute gaur protestariek, Michel Aoun Libanoko presidentearen dimisioa eskatuz. 

Iazko urrian, protestek bultzatuta, Saad Hariri lehen ministroak dimisioa eman zuen haren taldearekin batera. Michel Aoun presidenteak, orduan, Diab jarri zuen gobernuburu eta hark hobekuntza ekonomikoak iragarri zituen. Ez zen hala izan, ordea, eta joan den astearteko leherketarekin batera, protestak areagotu dira.

Giro nahasi horretan, Ghassan el-Khuri epaileak galdeketak hasi ditu, Tony Saliba Estatuko segurtasun burua deituz,  National News Agency-ren arabera. Hogei lagun inguru atxilotu dituzte, orain arte, astearteko eztandaren harira, haien artean Libanoko aduana departamentuko burua eta haren aurrekoa, baita portuko arduradunak ere.

200 hildako baino gehiago utzi ditu portuko eztandak, Marwan Abboud Beiruteko gobernadorearen hitzetan. Dozenaka lagunek desagertuta jarraitzen dutela gehitu du, haietako asko atzerriko langileak. Zenbaki horiei gehitu behar zaie leherketak etxerik gabe utzitako 300.000 herritarrak, eta lana galdu duten beste milaka lagun. Aoun presidentearen gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen hiriburuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.