INGURUMENA

Artikoko izotza 2035. urterako urtu daitekeela ondorioztatu dute

Ikerlariek Artikoan duela 130.000-116.000 urte inguru zer gertatu zen hartu dute oinarritzat. Zientzialarien arabera, izotzaren gainazalean eratzen diren putzuek urtze prozesua azkartzen dute.

Ortzadarra Artikoan. EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko abuztuaren 14a
13:11
Entzun

Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketa batean ondorioztatu dutenez, 2035. urterako Artikoko itsasoko izotza urtu egingo da. Aurkeztutako txostenak oinarritzat hartu du Lurraren azken aro beroan zer gertatu zen —duela 130.000-116.000 urte inguru— eta etorkizunean zer gerta daitekeen. Izan ere, Louise Sime British Antarctic Survey erakundeko modelatzaile eta ikertzaileak adierazi duenez, Lurraren azken aro beroan zer gertatu zen ulertuz gero, zientzialariei askoz errazagoa zaie ulertzea etorkizunean zer gertatuko den.


Groenlandiako izotza urtzen, artxiboko irudi batean. Eric Rignot / EFE

Ikertzaileek jakinarazi dutenez, Lurraren garairik beroenean eguzkiaren eraginez ur putzuak eratu ziren Artikoko izotzaren gainazalean. Putzu horietan eguzkiaren erradiazioa pilatzen zen, eta horrek izotzaren urtze prozesua azkartu zuen.

Izotzaren gainazal zuriak eguzki izpiak islatzen ditu, baina, hura urtzean, izpiak ezin dira islatu, eta itsasoko urak xurgatu egiten ditu. Ondorioz, ura berotu egiten da, eta ur horrek izotz gehiago urtzen du. Etorkizunean berriro ere hori gertatzen bada, Artikoko itsasoko izotza datozen hamarkadetan urtu egingo dela kalkulatu dute ikertzaileek.


Hartz zuri bat, izotz zati baten gainean, harrapakina jaten. Comm Photo / EFE

Izotza urtzea kaltegarria izan daiteke planetako iparraldeko faunarentzat; izan ere, izotzak ekosistema polarretako hainbat bizimodu mantentzen ditu. Esate baterako, ikerketa baten arabera, klima aldaketaren eraginez izotza urtuz doanez, hartz zuriak 2.100. urterako gal daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.