Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezartzeko asmoa du

Urkullu jarduneko lehendakaria litzateke batzorde bereziaren burua berriro ere, eta aukera izango luke jendea bakartzeko eta joan-etorriak mugatzeko. Murgak eta Tapiak agerraldi bat egingo dute bihar, hartuko dituzten neurriak esplikatzeko.

Nekane Murga, atzo, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. MIGUEL TOñA / EFE
Andoni Imaz.
2020ko abuztuaren 14a
20:34
Entzun

Koronabirusaren kutsatzeen datuek duela hilabete batzuetako kopuruen itxura hartu dute azken egunetan, eta Eusko Jaurlaritzak lehengoratu egin nahi du birusaren hedatzeari eusteko ezohiko plana. Zenbait hedabidek aurreratu dutenez, jarduneko gobernuak erabaki du datorren asteleheneko EAEko aldizkari ofizialean argitaratzea atzera osasun larrialdia ezarriko duen neurria.

Bihar eguerdian agerraldi bat egingo dute Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia jarduneko Garapen Ekonomia sailburuak, birusaren hedatzeari aurre egiteko hartuko dituzten neurrien xehetasunak azaltzeko.

PCR probak eginda atzemandako positiboen kopurua asko hazi da asteon. Azken orduetan, beste 618 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian; gehienak, Bizkaian: 292. Araban, 112; Gipuzkoan, 92; eta Nafarroan, 108. Datu horiek egunez egun izan duten bilakaera jaso du BERRIAk grafiko interaktibo sorta batean.

Murgak joan den astean adierazi zuen pandemiaren «bigarren olatua» iritsia zela Euskal Herrira, eta, ordutik, datuek okerrera egin dute. Esan zuen egungo egoera ezin dela konparatu martxokoarekin, kasuen igoera apalagoa delako orain, baina nabarmendu zuen birusaren eragina ez dela «gutxietsi» behar. Hori esan zuen egunean, hilaren 7an, 419 positibo detektatu zituzten Hegoaldean; atzo, 651.

Osasun larrialdia ezarriz gero, Eusko Jaurlaritzak agindu ahal izango du herritarrak etxean konfinatzeko, eta moldatu ahal izango ditu ekintza batzuk, baita zerbitzuen erabilerak ere. Alegia, lehendakariak eskumena izango du herritarren joan-etorriak murrizteko eta jendea bakartzeko.

Kutsatuen areagotzeak are gehiago estutu du osasun etxeetako egoera. Bizkaiko anbulatorio bateko mediku batek BERRIAri adierazi zion «lan gainkargarekin» dabiltzala, eta egoera «lehertzeko zorian» dagoela. Haserre hitz egin zuen: «Osasun sistema lehertzear dago, eta, langileok eztanda egiten dugunean, hau pikutara joango da. Benetan, oso gaizki tratatzen gaituzte. Jendea behar dugu, lehenbailehen. Ezin dugu gehiago itxaron».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.