Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileak ezarriko ditu pilaketarik ez sortzeko

Tapia jarduneko sailburuak adierazi du «agertoki berri bat» iritsiko dela, eta osasun larrialdia ezartzeak ez duela esan nahi iragan hilabeteetako neurriak hartuko dituztenik. Jendea ez pilatzeko, edukiera murriztuko dute zenbait lekutan, eta ordutegiak mugatuko dituzte.

Murga eta Tapia jarduneko sailburuak, gaur, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. JAVIER ZORRILLA / EFE
Andoni Imaz.
2020ko abuztuaren 15a
13:23
Entzun

Eusko Jaurlaritzak atzo aurreratu zuen astelehenean jarriko dutela indarrean berriro osasun larrialdia, eta Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia jarduneko Ekonomiaren Garapen sailburuak agerraldi bat egin dute gaur xehetasun gehiago emateko. Neurri zehatzak, ordea, asteartean erabakiko dituzte, orduan egingo baitu lehenengo bilera plan berriaz arduratuko den batzorde bereziak. Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria izango da batzordeko burua.

Neurri horietako batzuen berri eman du Tapiak. Edukierak murriztuko dituzte; «inoiz ez hamar pertsona baino gehiago». Azaldu du, ordea, horrek ez diela eragingo leku batzuei —zinema aretoei, besteak beste—, jendea maskara jantzita, eserita eta «modu ordenatuan» egoten baita. Beste batzuetan, aldiz, jendea «gehiago erlaxatzen» da, eta pilaketak sortzen dira. Horiek eragoztea izango da helburua. Ordutegiak mugatuko dituzte ostalaritzan eta garraio publikoan.

Ez da egoera «atsegina», Tapiaren esanetan, baina «atzerapauso bat eman behar da ezinbestean». Murgak eta biek adierazi dute orain arte hartutako neurriek balio izan dutela osasun sistema indartzeko; aztarnarien lana nabarmendu du jarduneko Osasun sailburuak. Azken astean kutsatuen kopurua asko hazi da, ordea, eta datorren asteleheneko EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute berriro osasun larrialdia ezarriko duen araua. Tapiak adierazi du osasun larrialdia ezartzeak ez duela esan nahi iragan hilabeteetan hartu zituzten neurri guztiak hartuko dituztenik, eta errepikatu du jarduneko gobernuak ez duela asmorik herritarrak etxean konfinatzeko.

Hiru helbururi buruz hitz egin du: osasun sistema babestea, gainezka egin ez dezan; beste konfinamendurik ez ezartzea; eta «birusarekin bizitzen ikastea», horretarako eguneroko bizitzako zenbait arlo aldatuta.

Birusaren hedatzeari aurre egiteko tresna bat izango da osasun larrialdia eta hartaz arduratuko den batzordea. «Berme juridiko bat», dagoeneko hartzen ari diren neurriak hartzen jarraitzeko, eta leku batzuetan arau murriztaileagoak ezartzeko, egoera «egunez egun» aztertu ondoren. Batzordeak bi neurri mota erabakiko ditu astearteko bileran: batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiei eragingo dieten neurri murriztaileak; eta bestetik, soilik herri, auzo edo gune batzuei eragingo dietenak. «Egoera hau ez da hilabeterako izango, luze iraungo du, eta neurri horiek konbinatuko ditugu. Neurri dinamikoak izango dira», esan du Tapiak.

Jarduneko Ekonomiaren Garapen sailburuak adierazi du orain arteko bidetik jarraituko dutela. Uztailaren bukaeran, esaterako, Hernaniko (Gipuzkoa) eraikin bateko herritarrak konfinatu zituzten, birusaren agerraldi bat egon zitekeelakoan. Neurri horien «eraginkortasuna frogatuta dago», Tapiaren esanetan.

Atzo baino positibo gehiago

Azken orduetan, 575 positibo atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako PCR probetan: 126 Araban, 378 Bizkaian eta 64 Gipuzkoan. COVID-19 gaitza zuten 31 pertsona ospitaleratu dituzte, eta denera hamahiru gaixo daude zainketa intentsiboetako unitatean. Atzo 8.263 PCR proba egin zituzten; orain arte egun bakarrean egindako test kopururik handiena da, Murgaren arabera.

Jarduneko Osasun sailburuak esan du datuek birusaren igoaldi bat erakusten dutela, eta hori «kezkagarria» dela, nahiz eta martxoan baino motelago ari den zabaltzen eta kasuak ez diren horren larriak izan. «Birusa zahar etxeetara iritsi da berriz, 60 urte baino gehiago dituzten pertsona gehiago ari dira gaixotzen. Egungo neurriek balio izan dute alarma egoeraren ondorenerako, baina oraingo egoerara moldatzen jakin behar dugu», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.