Bortxaz desagertutakoentzat «justizia eta erreparazioa» eskatu du Foro Sozialak

Bortizkeriaz Desagertutako Biktimen Nazioarteko Eguna da etzi, eta Foro Sozialak Eusko Legebiltzarrari eskatu dio bestelako biktimen moduan desagertuak ere aintzat hartzeko. Oraingoz, zazpi kasu dituzte identifikatuta.

Nekane Alzelai eta Tasio Agirrezabalaga Foro Sozialeko kideak, Donostian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Maider Galardi
2020ko abuztuaren 27a
13:48
Entzun

«Euskal gatazkaren auziari lotuta, oraindik 482 kasu daude argitzeko, eta horietatik zazpi dira behartutako desagertzeenak». Tasio Agirrezabalaga Foro Sozialeko kideak eman du datua, Donostian, Nekane Alzelaiekin egindako prentsaurrekoan. Orain arte ahanzturan egondako gatazkaren ondorioei leku egin nahi die Foro Sozialak, eta bortxaz desagertutakoen kasuak argitan eman nahi dituztela jakinarazi dute. 2011z gero, Bortxazko Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da abuztuaren 30a, eta, eguna gertu dela aitzakia hartuta, gaiaren gainean abian jarriko dituzten hainbat jarduera ezagutarazi dituzte.

Besteak beste, Eusko Legebiltzarrari eskatu diote bere egiteko eguna, datorren urtetik hasita: «Gure ustez, ETAren biktima izandako legebiltzarkideekin eta estatuaren indarkeria pairatu dutenekin egiten den moduan, edo torturaren biktimak gogoratzeko egin den bezala, su ontzia jartzeak balio dezake zazpi biktima horiek oroitarazteko eta nolabait aitortzeko«, azaldu du Alzelaik. Foro Sozialak «biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazio eskubidea» aldarrikatu du, eta galdegin du urraketa horiek «maila berean» aitortzeko.

Datorren irailaren 3rako ere jarri dute hitzordua. Internet bidez egingo dute topaketa bat hainbat aditurekin. Desagertzeez arituko dira Nila Heredia Mediku eta aktibista —Boliviako Egiaren Batzordeko presidentea—, Maria Adela argentinarra, Judith Galarza Mexikoko Desagerrarazitako Senideen Elkarteen Latinoamerikako Federazioko idazkari nagusia eta Luz Marina Kolonbiako Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Unitateko zuzendaria.

Oroimenean ez galtzeko

Ikuspegi «integrala» eskatu dute Foro Sozialeko bozeramaileek, eta Egiaren Batzordea martxan jartzeko deia egin dute. Lehentasunen artean, «zailtasun bereziak dituzten kasuak aitortzea eta konpontzea», eta «kasuak argitzea erraztu dezakeen informazioa biltzeko bermea» eskatu diete erakundeei.

Desagertutako zazpiak zeintzuk diren ere zerrendatu dute:

-Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga Coruñako (Galizia) hiru gazteak, Irunen (Gipuzkoa) bizi zirenak, Miarritze eta Donibane Lohitzune (Lapurdi) artean desagertu ziren 1973an.

-Eduardo Moreno Bergaretxe, Pertur, Behobian (Lapurdi) desagertua, 1976ko uztailaren 23an.

-Tomas Hernandez, Hendaian (Lapurdi) desagertua, 1979ko maiatzaren 15ean.

-Jose Miguel Etxeberria Alvarez, Naparra, 1980ko ekainaren 11n desagertua.

-Jean Louis Larre,1983ko abuztuaren 7an desagertua Leonen (Landak, Frantzia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.