Albistea entzun

Gurasoentzako gaixo agiria: Hegoaldean ez eta Iparraldean bai

Espainiako Gobernuak baztertu egin du negatibo ematen duten haurren gurasoei gaixo agiria ematea. Frantziako Gobernuko bozeramaileak, berriz, aurreratu du ikasgela bat edo ikastetxe bat itxi behar izanez gero, ikasleen gurasoek gaixo-agiria jasoko dutela haurraren hezkuntzaz arduratzeko.

Haurrak eskolan, artxiboko irudi batean
Haurrak eskolan, artxiboko irudi batean Aritz Loiola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmedia -

2020ko irailak 2 06:16

Hego Euskal Herrian soilik positibo eman duten haurren gurasoek izango dute gaixo agiria eskatzeko baimena haurra zaintzeko. Espainia Gobernuak baztertu egin du gaixo agiria ematea bakartuta egon behar duten baina PCRan negatibo ematen duten haurren gurasoei. Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuaren bozeramaileak eman zuen atzo albistea; aldiz, umeak positibo ematen duenean, gurasoek eskubide hori izango dute.

Ikasturte hasierara begira, berri kezkagarria izan daiteke; izan ere, bizikidetza talde egonkorretako umeren batek positibo ematen duenean, ikaskideak ere bakartuko dituzte, PCRan negatibo ematen badute ere. Halere, Monterok gogorarazi du laneko ordutegiak malgutzeko plan bat martxan jarri zutela.

Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak joan den astean esan zuen hainbat aukera aztertzen ari zirela COVID-19a dela-eta itxialdia egin behar duten umeen gurasoentzat, haurra zaindu ahal izateko: gurasoei gaixo agiria ematea, baimen ordaindu bat ematea.

Hezkuntzaren ardura oinarri du Parisek gaixo-agiria emateko

Egoera oso bestelakoa izango da Ipar Euskal Herrian. Gabriel Artal Frantziako Gobernuko bozeramaileak atzo France Info irratian esan zuen eman egingo dietela gurasoei gaixo agiria ikasgela bateko edo ikastetxe bateko haurrak konfinatuz gero. «Itxierarik baldin badago, gurasoek gaixo agiria jaso ahal izango dute», aurreratu du. Argudiatu du kasu horretan gurasoek arduratu beharko dutela ikaslearen hezkuntzaz. Ikastetxeko arduradunek eta tokian tokiko agintariek hartuko dute eskola ixteko erabakia.

Atzo hasi zen ikasturtea Ipar Euskal Herrian. Protokolo berezia aplikatuta, baina eskolara itzuli dira Ipar Euskal Herriko ikasleak. Baionako kolegioko langileek salatu dute egoerak okerrera egingo balu ez luketela neurri horiek aldatzeko bide egokirik.

Artalek irratian egin dioten elkarrizketan esan du protokoloa ezarrita dagoela eta hor jasotako neurriek kutsatzeko arriskua «gutxienekora» murriztu dutela. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da irakasleentzat eta 11 urtetik gorako haurrentzat. Artalek dio eskola batean positibo batek sor ditzakeen jokaleku guztiak aztertu dituztela. Gertatuz gero, ikasle hori bakartu egingo dute, eta berarekin egon direnei ere bakartzeko eskatuko zaie. Testak soilik «susmoa» baldin badago egingo dira.

Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak azaldu du hiru aukera dituztela mahai gainean koronabirusaren garapenaren arabera sistema egokitzeko. Ikasleak segurtasun neurriekin eskolan izatea da lehena, atzotik indarrean dena. Konfinatu behar izanez gero, ikasleek etxetik jarraitu beharko dute eskoletan, hainbat modutara. Eta bi horien artean tarteko beste egoera bat suertatzen bada, soilik ikasle batzuk joango lirateke eskolara, ekainean gertatu zen bezala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pertsona bat COVID-19aren aurkako txertoa jasotzen ©Gorka Rubio/ Foku

Osakidetzak iragarri du 30 urtetik gorakoek hirugarren dosia har dezaketela gaurtik

Berria

Baliteke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aste honetan bertan zabaltzea dosi gehigarria 18 urtetik gorakoei ere.

Lanbideren egoitza bat, Bilbon. ©Luis Tejido / EFE

AETek salatu du Lanbideren 585 ikastaroetatik bakarra dela euskarazkoa: euskara ikastaroa

Berria

Gaur Lanbideren webgunean ageri diren 574 ikastaroetan ez dago euskarazkorik. Administrazioan Euskaraz Taldeak Lanbideri eskatu dio «baldintzak» jar ditzala herritarrek halako ikastaroak euskaraz egiteko aukera izan dezaten.

Ostalari bat osasun ziurtagiria egiaztatzen, artxiboko irudian. ©Guillaume Fauveau

Txertaketa agiria onetsi du Frantziako Parlamentuak

Oihana Teyseyre Koskarat

Zenbait diputatuk helegitea ezarri dute Kontseilu Konstituzionalean, eta ostegunean espero da haren erantzuna.

Protokolo berriekin «ikasgela guztiak irekita» ari direla esan du Bildarratzek

Protokolo berriekin «ikasgela guztiak irekita» ari direla esan du Bildarratzek

Arantxa Iraola

Lehengo astean 3.032 ordezkatze «kudeatu» behar izan zituztela esan du: «Egunean seiehun ordezkapen».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.