Eusko Jaurlaritza

Elkarrekin Podemosek «gardentasunik eza» leporatu die EAJri eta PSEri

Maddalen Iriartek «gobernantza eredu alternatiboa» proposatuko du biharko inbestidura saioan.

Pilar Garrido Ahal Duguko koordinatzailea. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 2a
14:13
Entzun

EAJk eta PSEk atzo sinatu zuten datorren legealdirako koalizio gobernurako ituna, eta gaur Elkarrekin Podemosek agerraldi batean salatu du akordio hori «asmo orokorrez» josita dagoela eta dokumentuaren «letra txikia» ezagutaraztea eskatu du. Bihar arte ez da jakinaraziko jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa —Iñigo Urkulluk aurkeztuko du inbestidura saioan— eta horregatik kexu agertu da Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusia. «Gardentasunik gabe»  jardutea aurpegiratu die Jaurlaritzako bazkideei: «Faltan ditut gardentasuna eta argitasuna. Krisialditik irteteko hartuko dituzte neurri zehatzak argi eta garbi azaldu behar dituzte».

EAJk eta PSEk sinatutako gobernu akordioaren mamia ezagutu gabe ere, Garridok uste du «porrot» egin duten politikei eutsiko diela Jaurlaritza berriak. Hori horrela, Ahal Dugu-ko buruak «arduraz» jokatzeko, «anbiguotasunak» alde batera uzteko eta neurri zehatzak hartzeko eskatu dio hurrengo gobernuari. Garridok berretsi du biharko inbestidura saioan ez dituztela babestuko ez Iñigo Urkulluren ez Maddalen Iriarteren hautagaitzak, eta abstenitu egingo direla bi bozketetan: «Hautagaitza batek ere ez ditu betetzen ezkerreko bloke indartsu bat osatzeko baldintzak».

Iriarteren hitzaldia
Hain justu, biharko inbestidura saioan EH Bilduren lehendakarigaiak «bestelako politikak» eta «gobernantza eredu alternatiboa» aldarrikatuko ditu. EH Bilduk ohar batean jakinarazi duenez, Iriartek bere hitzaldian adieraziko du gizarteak «ezkerreko alternatiba politiko sendoa eta sinesgarria» behar duela, eta bere gobernu programa aurkeztuko du osoko bilkura. Programaren lehentasunen artean hauek ezarriko ditu: pandemiak eragindako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egitea eta neurri zehatzak abiatzea osasunean, hezkuntzan, enpleguan, zaintza eta justizia sozialean. Horrekin batera, Iriartek burujabetzaren aldarrikapena ere ahotan izango du.

EH Bilduk iragarri du ordezkaritza zabala bidaliko duela legebiltzarreko saiora. Besteak beste, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia izango da, eta harekin batera Euskal Herri osoko hainbat ordezkari instituzionalak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.