Politika

Otegi: «EAJ-PSEren eredua zaharkitua dago eta jite autoritarioak ditu»

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, atzo agerian geratu zen «ezkerretik eta burujabetzatik» badagoela «lidergoa».

Arnaldo Otegi eta Andoni Ortuzar, atzo, legebiltzarreko saioan. DAVID AGUILAR/ EFE
Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 4a
10:11
Entzun

Atzoko inbestidura saioari buruz mintzatu da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Naiz irrati katean, eta bertan esan du «bi eredu» aurrez aurre egon zirela saio horretan. Alde batetik, EAJren eta PSEren eredu «zaharkitua» ikusi zela uste du: «Termino nazionaletan eta gobernantza ereduan zaharkitua da, eta jite autoritarioak ditu». Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiak, ordea, «eredu alternatiboak» planteatu zituela erakutsi zuen, Otegiren ustez. Bestetik, kritikatu egin du Elkarrekin Podemosen jarrera, hauteskunde kanpainan ezkerreko bloke bat osatzeko aukerak defendatu zituelako, baina atzoko saioan abstenitu egin zelako Iriarteren hautagaitzan. «Iriarte babestuz seinale bat bidaltzen zela esan genien, baina uko egin diote, oraingoz, aukera horri». Hala ere, Otegik uste du «oso argi» geratu dela ezkerretik eta burujabetzatik badagoela alternatiba planteatzen duen «lidergo bat».

Otegik azpimarratu duenez, EH Bilduren lehentasunak dira jendearen osasuna, enplegua eta pandemiaren ondorioei aurre egitea, baina, horrekin batera, burujabetzaren eztabaida ere mahai gainean jarri behar dela uste du. «Guk akordioetarako eskua luzatua izango dugu, baina norabidea aldatu nahi baldin bada eta lehentasunak argi baldin badaude», ohartarazi du. Autogobernu alorrean urratsak egiteko garaia dela iritzi dio Otegik, eta dei egin die EAJri eta PSEri euren akordioa aurkezteko: «Guk gurea jarriko dugu mahai gainean, eta gero, jendeak erabaki dezala». Hala ere, EAJk autogobernu lantaldean egingo duenarekin «esperantza handirik ez» duela esan du EH Bilduko buruak.

Ortuzar, eskua luzatuta

Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak ere hizpide izan du atzoko inbestidura saioa Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Azpimarratu du «zintzoa» dela akordioak lortzeko EAJk oposizioari egin dion eskaera, eta eskaintza horri legealdi osoan eutsiko diotela. «Denon ahaleginak eta lana behar ditugu krisitik ateratzeko, eta gu buru-belarri jarriko gara adostasun handienak lortzeko».

Oposizioko taldeek atzoko inbestidura saioan egindako diskurtsoak «erretorikoak» izan zirela iritzi dio Ortuzarrek, eta alderdiei eskatu die jarreraz aldatzeko. Bereziki EH Bilduren jarrera kritikatu du EAJko buruak: «Espero dut atzokoa EH Bilduren azken propaganda ekitaldia izatea».

EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioak autogobernuari buruz jasotzen duen proposamenaz ere galdetu diote Ortuzarri, bi alderdiek desadostasun adostu gisa hitzartu baitituzte estatutu berriari buruzko proposamenak. Iritzi ezberdinak publikoki defendatzeko askatasuna izango dute bi alderdiek, joan den legealdian bezala. Hala ere, Ortuzarrek zehaztu du EAJk «gidatuko» duela estatutu berria aurrera ateratzeko prozesua, eta «bultzada» emango diola Autogobernu Lantaldearen lanari. Gaineratu duenez, EAJk autogobernuaz duen ikuspegia gobernuko beste bazkidearena baino «aurreratuagoa eta handinahiagoa» da, eta gehiago errespetatzen du gizartearen gehiengoaren borondatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.