Gonzalez Solaren heriotzaren ostean, Grande-Marlaskak esan du espetxeetako suizidioen programa berrikusiko dutela

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak adierazi du suizidioen prebentziorako programan etengabeko hobekuntzak egiten ari direla, eta gehitu du Igor Gonzalezen heriotza aztertu eta programa berrikusiko dutela.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, artxiboko irudi baten. JAVIER LIZóN/EFE
Maria Ortega Zubiate
2020ko irailaren 9a
11:33
Entzun

Mertxe Aizpurua EH Bilduko parlamentariak egindako galderari erantzun dio Grande-Marlaska Barne ministroak. Gonzalezen kasuan bezala eragotz zitekeen heriotzarik berriro gerta ez dadin, ea Espainiako Gobernuak zer egingo duen, horixe galdetu dio Aizpuruak. Grande-Marlaskak suizidioen programa aipatu du, Espainiako Estatuan 2005ean sortu eta 2014an berregituratu zena, «etengabeko aldaketak jasaten» dagoena. Igor Gonzalezen heriotzak aldaketa berriak ekarriko dituela adierazi du ministroak, kasua «aztertu eta ebaluatu» ondoren.

«Noiz ulertuko duzue presoen aferak gatazka izateari utzi behar diola, eta konponbidearen parte izan?», ekin dio Aizpuruak. Espainiako Estatuko espetxeetako euskal presoei «salbuespen politika» ezartzen dietela salatu du, eta «lehenbailehen» deuseztatu behar dela.

Grande-Marlaska ministroa prest azaldu da espetxe politikako suizidioaren prebentzio programetan aldaketak egiteko, baina Espainiako Estatuko espetxe politika «eredugarria» dela ere adierazi du. Ezeztatu egin du Aizpuruak esandakoa, euskal presoek gainontzeko presoen aldean tratu desberdina jasotzen dutela; «presoei banakako tratua ematen zaie, ez kolektiboa. Horren adibide da azken bi urteetan ETAko 90 preso lekualdatu izana».

Behin eta berriz azpimarratu du Espainiako Estatuko espetxe politika «eraginkorra» dela; izan ere, adierazi du estatuko espetxeetako suizidio tasa —5,96 suizidio, 10.000 presoko— Europako Batasuneko gainontzeko estatuetakoa —7,2 suizidio— baino txikiagoa dela.

Giro nahasia Kongresuan

EH Bildu ez da izan euskal presoak gogoan izan dituen alderdi bakarra. Mertxe Aizpuruaren galderaren aurretik, Espainiako eskuineko eta ultraeskuineko alderdiek ere egin dituzte iruzkinak Gonzalezen heriotzaren eta presoen inguruan. Izan ere, Senatuko atzoko sesioan Gorka Elejabarrieta senatariak Aizpuruak Grande-Marlaskari egindako galdera bertsua egin zion Sanchez presidenteari.

Haren erantzunak, Gonzalezen heriotzak «atsekabea» eragin ziola, hautsak harrotu zituen eskuineko alderdietako eserlekuetan; eta gaurko saioko galderen txandan, Teodoro Garcia PPko parlamentariak ironiaz «gogorarazi dio «ETA talde terrorista bat» zela, eta  «ez musika banda bat». VOX alderdi ultraeskuineko buruzagi Santiago Abascalek ere zera esan dio Sanchezi: ez diola emango doluminik «bere inbestidurako konplizeetako baten borondatezko heriotzagatik». Ciudadanoseko Ines Arrimadasek, azkenik, «ETAko borreroen alde jarri beharrean, biktimen alde jartzeko» eskatu dio gobernuari.

Aldaketa garaia

Pedro Sanchezen hitzek bestelako erreakziorik ere sortu dute, ordea: «Mota horretako adierazpenak egin dituen Espainiako presidente bakarra da Sanchez. Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da», adierazi du Maddalen Iriartek ETB1eko Egun on, Euskadi saioan.

Bere alderdikideek bezala, Iriartek esan du Gonzalez Solaren heriotza eragotz zitekeela, eta badela garaia «mendekuan oinarritutako salbuespenezko espetxe politika» alde batera uzteko. Gehitu du, halaber, elkarbizitzan aurrerapausoak emateko, aztertu beharreko gaia dela presoen afera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.