Migratzaileak. Moria

Zutik geratzen zen guztia erre da Moriako kanpamentuan

Lesbosko herritar batzuek errepideak blokeatu dituzte, Moria berreraikitzen hasteko. Migratzaile gehienek kanpamentuaren inguruan jarraitzen dute, aterperik eta edatekorik gabe; Greziako Gobernuak hitzeman du gaur guztiei aterpea emango diela.

Iñaki Agirre, Moria - Paulo Ostolaza -

2020ko irailak 10

Denbora kontua zen. Astearte gauean piztutako suak Moriako kanpamentuaren %70 erre zuen, Freziako Lesbos uhartean, eta bart gauean geratzen zen guztia erre du beste sute batek. Sutetik ihesi, han bizi diren 12.000 errefuxiatuen zati handi batek kanpamentutik alde egin zuen, baina Poliziak errepideak itxi zizkien, eta oraindik ere errepidean daude gehienak.

Ez dute urik eta aterperik, eta krisi humanitarioa gero eta larriagoa da Europako errefuxiatu kanpamenturik handienean. Zaporeak GKEak janaria banatu du gaur goizean; haien arabera, migratzaileak erabat abandonatuta daude. Bestalde, kanpamentua berreraikitzen hasteko, Lesbosko herritar batzuek errepideak blokeatu dituzte kamioi batzuekin, gobernuaren ibilgailuei igarotzen ez uzteko.

Greziako Gobernuak atzo arratsalderako lekualdatu zituen 3.000 migratzaile inguru, eta Notis Mitarakis Migrazio Ministroak hitzeman du migratzaile guztiei jarriko dietela lo egiteko aterpe bat gaur gauerako. Ministerioaren arabera, egunean zehar beharrezkoa den guztia egingo dute migratzaileak «bereziki diseinatutako espazioetara eramateko». Mitarakisek azaldu duenez, hauek dira espazioak: Lesbosera eraman dituzten hiru itsasontzi eta beste kanpamentu batzuetatik eramandako karpa batzuk. Normalean, luzeak izaten dira migratzaileak ontziratzeko prozesuak, eta ikusteko dago konponbide horrek balio izango duen ala ez.

Sei hilabetez itxita

Errefuxiatuak martxoaren 22tik egon dira kanpalekutik atera ezinda, bakartze egoera ezarria dagoelako. Izan ere, egun batzuk lehenago atzeman zuten Lesbos irlako lehen koronabirus kasua, kanpalekutik kanpo. Orduan, gaitzak eragin zitzakeen arriskuez ohartarazi zuten gobernuz kanpoko erakundeek.

Kanpamentuan, 35 koronabirus kasu baieztatu zituzten asteartera arte. Orduan, kanpamentuko arduradunek 125 laguni berrogeialdia ezarri zieten, azalpenik eman gabe; segurtasun indarren jarrerak haserrea piztu zuen, eta protestak sortu zirenean piztu ziren sute txikiak ere kanpalekuko zenbait gunetan.

Mitarakisek xantaia egitea egotzi die errefuxiatuei, eta esan du kanpamentutik atera ditzaten piztu dituztela suak. Azpimarratu du beharrezkoa dela Lesbosen egitura itxi eta seguru bat izatea migratzaileentzat, baina ez dirudi uharteko agintariek hori begi onez ikusten dutenik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Gero eta gaixo gehiago daude ZIUetan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 387 kasu atzeman dituzten Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. 57 gaixo daude ZIUetan hiru lurralde horietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna