Maialen Diazek irabazi du antzerki alorreko Donostia Hiria Kutxa saria

'Herri hura' obragatik saritu dute Diaz. Kontakizunen alorrean, berriz, Mikel Ayllonen 'Zoriontsu izatea erabaki genuen' saritu dute. 

Maialen Diaz antzerkigilea, atxiboko irudi batean. IñIGO URIZ/FOKU
aitor biain
2020ko irailaren 12a
14:18
Entzun

Maialen Diazek irabazi du antzerki alorreko 55. Donostia Hiriko Kutxa literatur saria, Herri hura lanarekin. Hamasei lan aurkeztu dira aurten sariketara, eta horien artean Diazena aukeratu du Mireia Gabilondok, Eneko Olasagastik eta Dorleta Urretabizkaiak osatutako epaimahaiak. 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu Diazek sari gisara.

Iragana gaur egungo begietatik kontatzeko ahalegina eta pertsonaien osaketa nabarmendu ditu epaimahaiak Diazen lanetik. Euskararen goi mailako erabilera eta, bereziki, euskalkiek obrari ematen dioten «aberastasuna» azpimarratu ditu Dorleta Urretabizkaiak, saria emateko ekitaldian. «Antzezlanak emozioak eta sentimenduak eragiteko gaitasuna dauka», adierazi du Urretabizkaiak.

Kontakizunetan, Ayllon
Kontakizunen alorreko sariketara, berriz, 11 lan aurkeztu dira aurten, 2018an baino bi gehiago, eta, horien guztien artean, Mikel Ayllonen Zoriontsu izatea erabaki genuen hautatu du Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Jon Kortazarrek osatutako epaimahaiak. Irabazleak 10.000 euroko saria eta garaikurra jasoko ditu. Epaimahaiak aho batez hautatu du irabazlea. 

«Zoriontasuna bilatzeko hainbat aukera zapuzturen kronika» osatu du Ayllonek liburuan, eta ipuin horietan «nahiaren eta errealitatearen arteko bilakaera koherentziaz eta trebetasunez» egin izana nabarmendu du epaimahaiak. Horrez gainera, testuetan iparraldeko eta hegoaldeko giroak uztartzen asmatu du idazleak, Gorrotxategiren aburuz: «Ipuinak lanbroz bustita bezala datoz; sarritan laino horien geografian murgilarazten du irakurlea, amaiera irekiak eta iradokitzaileak bilatuz. Neurrian esaten du eta neurrian gordetzen du». 

Maitasuna, heriotza, drogak, sexu-generoen gorabeherak, etorkinen bizimodua… askotariko gaiak jorratzen ditu idazleak liburuan. «Teknika narratibo ezberdinak naturaltasunez txertatzen ditu kontakizunean, eta horrek emaitza aberastu egiten du», esan du Gorrotxategik. 

Ayllonek 2015ean kaleratu zuen bere lehen eleberria: Ez tiro egin anbulantziei (Elkar).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.