Hezkuntza

Nafarroako 1.500 ikasle baino gehiago konfinatuta daude

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan izandako gorabeheren berri eman du gobernuak, eta jakinarazi du ikasleen %2,4 daudela etxean, ikaskideren batek positibo emanda. 36 eskolatan daude positiboak.

Ikasgela bat, hutsik. Artxiboko irudia. JON URBE, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko irailaren 15a
09:56
Entzun

Eskolako lehenbiziko asteek berretsi dute ikasturtea erabat ezohikoa izango dela: joan den astetik, tantaka ugaritu dira itxitako ikasgelak eta eskolak; ikasleren edo irakasleren batek PCR proban positibo emanda itxi dituzte. Nafarroako Gobernuak egunotako balantzea egin du: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza soilik hartuta, 1.500 ikasle baino gehiago daude konfinatuta etxean. 61.000 ikasle daude bi irakastaldi horietan, eta, beraz, portzentajean, %2,4 dira konfinatuak. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 36 ikastetxetan dituzte horrelako gorabeherak.

Gobernuak Nafarroako datuak jakinarazi ditu, baina gainerako herrialdeetan ere gisa bereko arazoak dituzte ikastetxeetan. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, joan den ostiralean jakinarazi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 bat ikastetxetan izan direla positiboak. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eman zuen datu hori. Gogoan izatekoa da ikasturtea hasi zenetik lau ikastetxe itxi dituztela Jaurlaritzaren baimenarekin: Gasteizko Katagorri haur eskola, Zaldibarko eskola, Amezketakoa eta Mungiako Bendates ikastetxea.

Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ere ez da, baina egunez egun eman dute itxiera gehiagoren berri. Kasu batzuetan osorik itxi dituzte —adibidez, Angeluko haurtzaindegi bat eta Baionako beste bat, eta Donibane Lohizuneko Oihana ikastolako ama eskola, Biriatuko ikastola, eta Larresoroko eta Larraineko eskolak—; beste batzuetan, berriz, ikasgela jakin batzuk —adibidez, Hendaian eta Basusarrin—.

Bildarratz Jaurlaritzako sailburuak ohartarazi du gorabehera horiek etengabeak izango direla: «Aste batean gela bat itxiko da, eta hurrengoan, beste bat». Nabarmendu du «unean uneko jarraipena» egingo diotela, eta aurrez aurreko eskolei eustea izango dela lehentasuna. Lasaitasuna eskatu du, beraz. Ohartarazi du, gainera, bost kasutik lautan helduek kutsatu dituztela umeak: alegia, kasurik gehienetan kutsatzeak ez direla umeen artekoak izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.