Kolonbia

FARCetik sortutako alderdiak barkamena eskatu die bahiketen biktimei

Honela dio zabaldu duten gutunak: «Bizitza zibilak eman digun lasaitasunean egindako gogoetetan argi ikusi dugu bahiketak akats larri bat izan zirela».

Rodrigo Londoño eta Rodrigo Perez Alzate FARCeko komandante ohiak biktimei buruzko jardunaldi batean, otsailean.
Rodrigo Londoño eta Rodrigo Perez Alzate FARCeko komandante ohiak biktimei buruzko jardunaldi batean, otsailean. Carlos Ortega / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2020ko irailak 15

«Bahiketak akats larri bat izan ziren». Hori aitortu die gaur FARC gerrilla desegin ostean sortu zen alderdi politikoak erakunde armatuaren biktimei, bake akordioa sinatu zutenetik lau urte betetzear direnean. Antolakundeak bost hamarkadaz hartu zuen parte Kolonbiako gatazka armatuan, eta, publikoki, gaur eskatu die barkamena lehen aldiz bahiketen biktima izan zirenei: «Gure fusilak isildu ostean, bizitza zibilak eman digun lasaitasunean egindako gogoetetan argi ikusi dugu bahiketak akats larri bat izan zirela», dio sare sozialetan zabaldu duten gutunak.

Mezuaren sinatzaileak dira FARCeko zuzendaritzako kide izan zirenak, 2016an bake akordioan parte hartu zuten berberak. Biktimei egindako mina aitortzeaz gain, FARCeko kideek esan dute  zilegitasuna eta sinesgarritasuna kendu zietela bahiketek babesten zituzten helburu soziopolitikoei.

Gerrillako kide zirenek azaldu dute «gerra irregularrak» eragindako baldintzen ondorioz egin zituztela ekintza horiek, eta ordutik «lasta bat» izan direla eurentzat: «Orain ulertzen dugu hainbat familiak sufritutakoa, gehien balio duena kendu genielako: askatasuna eta duintasuna».

Lehendik aipatutako guztiaz gain, FARCek adibide bat ere jarri du: gaixo zegoen haur batena, Andres Felipe Perezena, Kolonbiako Armadako kide baten semearena. «Bihotzean ziri bat izango bagenu bezala sentitzen dugu Andres Felipe Perezi entzun ez izana», dio gutunak. Hortaz, Kolonbiako justiziaren aurrean azalpenak emateko konpromisoa berretsi dute, baita Kolonbiako gizartearen aurrean ere, «zeinak sekula baino gehiago eskatzen duen egia eta justizia horrenbeste biolentziagatik».

Akats larriak

Gutuna argitaratu dute Rodrigo Londoño FARCeko presidenteak elkarrizketa batean hainbat gauza aitortu ostean. Han, Londoñok onartu zuen gerrillak 15 urtetik beherako kideak izan zituela, nahiz eta salbuespen bat ziren, eta kasu oso larri batzuetan soilik onartu zuten hori: «Eraildako gurasoen semeak ziren, haiek ere mehatxatuak, eta nora joan ez zutenak; edo muturreko pobrezia pairatzen zuren etxeetakoak». Gehitu zuen bazirela gurasoak euren semeei gerrillara joatea gomendatzen zietenak, han etorkizun hobea izan zezaketelako.

Dena den, Londoñok aitortu zuen akats larriak egin zituztela, eta tartean aipatu zituen adingabeak onartzearena edo abortuak behartzearena. Bake akordioa sinatzeko negoziazioetan, FARCeko kideek onartu zuten euren gain hartzea erakundearen barruan egindako akatsen ardura.

Ez da lehen aldia Londoñok eta beste komandante ohiek egindako ekintzei buruz jardun dutena. Iaz, bahituta izan zuten pertsona baten hautagaitza politikoa ere babestu zuten Nariño departamentuan, Luis Eladio Perezena.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lau gako asintomatikotasunaz

Arantxa Iraola

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Herritar batzuk kalean maskara jantzita, Frantzian. ©CAROLINE BLUMBERG / EFE

Birusaren bigarren oldarraldia

Jone Bastida Alzuru

Kasuek ugaritzen jarraitzen dute munduan, eta hainbat herrialdek neurriak zorrozteko erabakia hartu dute. Israelek joan den ostiralean indarrean sartutako itxialdia gogortu du

Langile batzuk kaleak desinfektatzen, atzo, Azkoienen (Nafarroa). ©Idoia Zabaleta / Foku

Bigarren egunez, 800 kasu baino gehiago atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Osakidetzak jakinarazi du 9 urteko ume bat hil dela, birusa izanda. Positiboek gora egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, ez

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna