Nabarmen ugaritu dira kasuak Hegoaldean

Beste 760 positibo atzeman dituzte azken orduetan, aurreko egunean baino 162 gehiago. 65 gaixo ospitaleratu dituzte, eta, Nafarroan, 82 urteko eri bat hil da koronabirusarekin. Orotara, 67 pertsona daude ZIUn erietxeratuta. Egoiliar bat hil da Errenteriako zahar etxe batean.

PCR probak, Getarian. ANDONI CANELLADA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 16a
12:57
Entzun

Kasu berriek gorakada nabarmena izan dute Hegoaldean. Atzo, Osakidetzak eta Osasunbideak beste 598 positiboren berri eman zuten; azken egunean, berriz, 760 atzeman dituztela jakinarazi dute, hau da, 162 gehiago. Guztira, 12.615 PCR proba egin dituzte azken orduetan.

Lurraldez lurralde, Nafarroan atzeman dute positibo gehien, beste behin. Pixka bat apaldu da kopurua bertan, baina hirurehun kasuren langa gainditu du berriz: 301 kasu detektatu dituzte. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, hiruretan izan da gorakada aurreko eguneko datuekiko: Bizkaian 237 kasu atzeman dituzte, Gipuzkoan 166, eta Araban, aldiz, 46 lagunek eman dute positibo egindako PCR probetan.

65 lagun ospitaleratu dituzte azken orduetan, horietatik 23 Nafarroan, eta 42 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainera, oraintxe bertan 67 eri daude zainketa intentsiboetako unitatean erietxeratuta Hegoaldean.

Halaber, koronabirusarekin eri zen 82 urteko emakumezko bat hil dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak. Azken kasu hori kontuan harturik, lau egunez jarraian izan dira koronabirusarekin lotutako heriotzak Nafarroan. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aste bakarrean 46 pertsona hil dira birusarengatik, zehazki, irailaren 7tik 13ra bitartean. Horiez gain, beste egoiliar baten heriotzaren berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur. Jakinarazi duenez, adineko emakume bat hil da gaur Errenteriako Bihotz Sakratuaren Egoitzan.

 

Bakartzeak Hegoaldeko ikastetxeetan

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak gaurkotu egin ditu azken egunotan ikastetxeetan izandako bakartzeei buruzko datuak. Jakinarazi duenez, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza soilik hartuta, 2.308 ikasle daude konfinatuta oraintxe bertan. Bakartze horiek 111 taldetan dute eragina, eta, beraz, Remirezek argitu du ziklo horietako taldeen %3,15 daudela konfinatuta. Hau da, guztira, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %3,6 dira konfinatuak. Hala eta guztiz ere, presidenteordeak gaineratu du ikastetxeak «inguru segurua» direla irakastaldi horietako ikasleentzat: «Askoz seguruago daude eskolan, kanpoan baino», adierazi du.

EAEn, 59 ikastetxetako 79 ikasgela itxita daude, eta Soraluzeko institutua da erabat itxita dagoen eskola bakarra. Osakidetzaren arabera, guztira 2.800 ikasle inguru daude konfinatuta EAEn.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.