hilberria

Pasoliniren Kristo hil da

Enrique Irazoki Il vangelo secondo Matteo pelikulako protagonista izan zen. Aktore izateaz gain, literatur irakasle ere bazen. 76 urterekin hil da.

2020ko irailaren 16a
15:55
Entzun

Enrique Irazoki hil da (Bartzelona, 1944 - 2020); aktore ez ezik, ekonomialari, xake jokalari eta literatura irakasle ere bazen. Aita euskal herritarra zuen, eta ama, italiarra. 1964an Italiara eginiko bidaia batek, ordea, haren bizitza aldatu zuen. 19 urte besterik ez zuen, eta, ekonomia ikasten ari zela, kide zen Ikasleen Sindikatu Demokratikoarentzako —frankismo garaian legez kanpokoa— babesa lortzeko asmoz jo zuen herrialde hartara. Hala ezagutu zituen, besteak beste, Rafael Alberti eta Vasco Pratolini idazleak, eta batez ere, Pier Paolo Pasolini poeta eta zinema zuzendaria.

Irazokik, gerora, Vanity Fair aldizkariari azaldu zion Pasolinirekin izaniko lehen harremana. «Jesus aurkitu dut, Jesus nire etxean dago», oihukatu omen zuen zuzendariak gaztea ikustean. Artean, sindikatuaren inguruko informazioa ematen hasi zitzaion Irazoki. «Denak  bezala lotsatu ordez, tente jarri nintzen, eta hura nire inguruan bueltak ematen hasi zen», azaldu zuen. Izan ere, prestatzen ari zen pelikulako protagonista ikusi zuen bere aurrean Pasolinik, eta, Irazokik zineman esperientziarik izan ez arren, Il vangelo secondo Matteo (Pasioa Mateoren arabera) filmeko Kristo bihurtu zuen. Askoren ustez, Jesusen bizitza ondoen erakusten duen filma da Pasolinirena.

Irazoki, Pasolinirekin batera, 'Il vangelo secondo Matteo'-ren grabaketan. DOMENICO NOTARANGELO

Gazteak ez zuen aktore izateko bokaziorik, baina pelikularen arrakastak mundu berri baten ateak ireki zizkion, eta, gerora, beste hainbat filmetan ere hartu zuen parte; tartean, Noche de vino tinto (1966), Dante no es únicamente severo (1967).

Zinema utzita, AEBetara jo zuen, literatur ikasketak egitera. Horretarako, besteak beste, Pasoliniren, Jean-Paul Sartreren eta Simone de Beauvoirren gomendiozko gutunak aurkeztu zituen. Hala, literatur irakasle izan zen AEBetan, Mexikon eta Granadan (Espainia). Xakea gustuko zuen, eta jokalarien eta makinen arteko partidak ardatz zituen hainbat txapelketa antolatu zituen, tartean, Vladimir Kramnik munduko txapeldunaren eta Deep Fritz ordenagailuaren arteko partida, 2002an.

Haren azken urteetan, berriz ere zinemara gerturatu zen, eta A la soledad (2008) eta Cenestesia (estreinatu gabea dago) pelikuletan hartu zuen parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.