EH Bildurentzat «positiboa» izan da Iglesiasekin edukitako bilera

Aurrekontuez hitz egiteko bildu dira Espainiako bigarren presidenteordea eta koalizio independentista

Matute, Aizpurua eta Iglesias, gaur, Madrilen. EH BILDU
Igor Susaeta.
2020ko irailaren 16a
15:56
Entzun

Pablo Iglesias eta EH Bilduren diputatu Mertxe Aizpurua eta Oskar Matute Espainiako Gobernuaren aurrekontuez hitz egiteko batzartu dira gaur, Madrilen. Aizpuruaren arabera, «positiboa» izan da: bilera «emankorra». Koalizio subiranistako ordezkariek jakinarazi diote Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeari aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko prest daudela.

Komunikabideen aurrean mintzatu dira behin bilera amaituta, eta Matutek nabarmendu du nagusiki bi eskaera egin dizkiotela Iglesiasi. Batetik, 2012an, gehiengo osoarekin agintean PP zegoenean, onartutako lan erreforma «eraistea»; eta bestetik, espetxe politikan aldaketak bultzatzea.

Aizpuruarentzat, aurrekontuek «aurrerakoiak» izan behar dute, bai ekonomikoki eta bai sozialki. EH Bilduren Kongresuko bozeramailearen esanetan, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak erabaki behar du noren babesa nahi duen aurrekontuak onartzeko. «Izan ere, horren arabera egingo dira politika batzuk edo besteak».  Aizpuruarentzat, bi dira aukerak: «eskuinaren babesa bilatzea, edo inbestidura ahalbidetu zuen blokearen aldeko apustua egitea». Koalizio subiranistako diputatuarentzat, bigarren aukera da euskal gizarteak «behar» duena.

Iglesias UP Unidas Podemoseko liderrak ez du hedabideen aurrean hitz egin, baina gobernuaren iturriek Efe berria agentziari adierazi diotenez, Espainiako bigarren presidenteordeak «egiaztatu» du koalizio independentistak elkarrizketarako «jarrera ona» duela. Iruditzen zaio, gainera, «legealdiaren egonkortasunari» eutsi nahi diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.