Kontu publikoak

Nafarroako Gobernuak ere %2,6ko defizita hitzartu du Espainiarekin

Kalkulatu du %13,5 gutxiago jasoko duela zergen bidez, 538 milioi gutxiago.

Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko bilera bat, artxibo irudian. EFE
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 17a
11:02
Entzun

Nafarroako Gobernuak hiru hamarren igo du bere defizit muga. Uztailaren amaieran, defizita BPGaren %2,3ra iristeko baimena lortu zuen Madrilen, baina orain %2,6ra igo du muga hori. Beraz, Eusko Jaurlaritzak hitzartutako defizit bera izango du Nafarroako Gobernuak ere. «Berri ona da», azaldu du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, eta ziurtatu du egoera aldatuz gero Madril prest legokeela beste muga bat jartzeko.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, zerga bilketaren bilakaerak eta hari buruzko aurreikuspenek aldarazi dute defizit helburua. Izan ere, Ogasun Departamentuak kalkulatu du uste baino 538,6 milioi euro gutxiago jasoko dituela, hau da, 2020ko aurrekontuak dioena baino %13,3 gutxiago. Martxoan, zerga bilketa %20,2 apalduko zela kalkulatu zuen Ogasun Departamentuak, hau da, 818 milioi euroko zuloa izango zuela.

Erorikoa ez da hain handia izango errenta kanpaina uste baino hobea izan delako, eta BEZa eta zerga bereziak ez direlako espero bezala jaitsi.

Defizita zorrarekin, Espainiako Gobernuak emandako laguntzarekin eta iazko aurrekontuetan izandako soberakinekin estaliko du Nafarroako Gobernuak. Horri esker, «urtea bukatu ahal izango dugu murrizketarik gabe eta diru sailak blokeatu gabe», agindu du Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.

Hori bera agindu du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak ere. Oraingoz, Nafarroan baino bilakaera okerragoa du zerga bilketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Abuztura arte, 8.068 milioi jaso dituzte hiru lurralde horietako ogasunek, hau da, iazko lehen zortzi hilabeteetan baino %16,6 gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.