BPGaren %2,3ko defizita izango du helburu Nafarroak, oraingoz

Espainiako eta Nafarroako gobernuek akordioa berrikusiko dute irailean, eta, egoeraren arabera, zifra igo. 16.000 milioiko funtsetik 160 milioi euro jasotzea espero du Txibitek

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, atzo, Parlamentuan. Alboan, lehen planoan, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Lehen urratsa da, hori da garrantzitsuena». Asteazken gauean, Nafarroako eta Espainiako gobernuek hitzartu zuten aurtengo defizitaren helburua barne produktu gordinaren (BPG) %2,3 izango dela, oraingoz. «Akordioa itxita badago ere», atzo Maria Txibite Nafarroako lehendakariak zehaztu zuen berraztertu egingo dutela zifra hori irailean, bilakaera ekonomikoaren arabera. Bi aldeek konpromisoa dute, defizitaren helburua aldatzekotan, betiere «gorantz» aldatzeko. Hartara, zor merkatuetan 490 milioi euroraino finantzatu daiteke oraintxe Nafarroako Gobernua. Txibiteren esanetan, «inor atzean ez uztea eta murrizketarik ez egitea» dute xede.

Parlamentuko Foru Erregimeneko batzordean eman zituen azalpenok Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Haren esanetan, argi gorriak ez dira piztu, baina egoera «kezkagarria» da oso. Gaur bertan, BPGaren bigarren hiruhilekoko datua emango du Elma Saiz Ekonomia kontseilariak, eta datua «ez da ona» izango, Txibitek dioenez.

Konfinamenduak eragina izan du kontsumoan eta zerga bilketan. Ekaina bitarte, iragan urtean epe berean baino 235 milioi euro gutxiago bildu ditu ogasunak (-%15,2). Erorialdia batik bat zeharkako zergetan izar da, 224 milioi euro gutxiago bildu baitira (-%27). Zuzeneko zergetan eta tasetan, aldiz, 6,9 milioi eta 4,4 milioi euro gutxiago, hurrenez hurren.

Hurrengo sei hilabeteei begira, gobernuak aurreikuspen ezkorrak egin ditu. Urte osoan diru sarreren beherakada 818 milioi eurokoa izango dela kalkulatu du, eta horri guztiari gaineratu behar zaio190 milioi euro erabili direla osasun beharrei eta COVID-19ak eragindako kalte ekonomiko eta sozialei aurre egiteko. Horrek guztiak esan nahi du mila milioi euro inguruko desoreka izango duela Nafarroako Gobernuak aurten.

Desoreka handi hori estaltzeko hainbat arnasgune ditu gobernuak. Pandemiak jo aurretik, defizit gabeko aurrekontuak landu zituen gobernuak; orain, berriz,«egoera ekonomikoak erabat irauli denez», %2,3ko defizita helburua izango du, eta 490 milioi euroko finantzaketa lor dezake.

Era berean, COVID-19aren ondorioei aurre egiteko 16.000 milioi euroko funtsa eratu zuen Espainiako Gobernuak, erkidegoen artean banatzeko. Txibiteren arabera, 5.000 milioi euro banaketatik kanpo geratu dira Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, «ogasun propioa» dutelako, eta«bide batetik edo bestetik» likidezia bermatuko dela ziurtatu du.

Gainerako 11.000 milioi euroko poltsatik apurka dirua heltzen ari zaie. Madrilek 88,7 milioi euroko lehen ordainketa bat egin du osasun gastuak finantzatzeko eta azaroan, bigarren ordainketa bat egingo du. «Oraindik ez dute zenbatekoa zehaztu». Halaber, irailean, hezkuntzako gastuei aurre egiteko beste 29,2 milioi helduko dira. Orotara bide horretatik urte amaieran 160 milioi euro inguru kobratzea espero du.

Dena den, zifrek ez dute koadratzen. Defizitaren diruari, Madrildik hel daitekeena, iazko superabiteko 131 milioi euroak edo Tokiko Ogasunen Funtseko 25 milioi euro soberakinak gehituta ere, mila milioi euroko defizita ez da estaltzen. EH Bilduko Adolfo Araizek ohartarazi zuen 250 milioi euro inguru falta direla.

Horren aurrean, Txibitek «lasaitasuna» eskatu zuen: «Aurreikuspenekin ari gara une oro lanean, eta ez dakigu urtea nola itxiko dugun». Autonomoentzako banatu diren laguntzek edo aldi baterako erregulazio espedientean diren langileentzako diru osagarriek jarduera ekonomikoan eragingo duelakoan dago.

Gaineratu du «harreman ona» duela Madrilgo gobernuarekin eta irailean defizita igotzeko aukera egongo dela. «Ezin dugu zorpetu aldebakarreko erabakiak hartuta. Akordio bidez egin behar dugu, eta horregatik eskatzen dut demagogia alde batera uzteko».

Europako Batasuneko Hurrengo Belaunaldia funtseko dirua dirua «datorren urtean» helduko dela ohartarazi du.

Alderdien analisia

Azalpenak entzunda, taldeek ez dute ulertzen zergatik Madrilek Nafarroan 5.000 euroko funtsetik kanpo utzi duen. Navarra Sumako Javier Esparzak gogorarazi du dekretuak berak zehazten duela ohiko finantzaketa sistematik kanpoko laguntza dela, eta Pedro Sanchezen aurrean «txintik ez esatea» aurpegiratu dio Txibiteri. «Baztertu egin gaituzte,ez da posible laguntza zuzenik gabe geratzea. Batzuetan ahotsa altxatu beharra dago».

Geroa Baiko Uxue Barkosek «oharkabean pasa den auzi bati» heldu nahi izan dio. Bere ustez, ez da bidezkoa Nafarroak beste erkidego batzuen zorra pagatzea: «Nafarroa estatuko funts batzuetatik kanpo geratu den honetan, zehaztu egin behar da nola parte hartuko dugun zor horren ordainketan».

EH Bilduk eta Ezkerrak defenditu dute beharrezkoa dela beste zerga erreforma bat diru sarrerak handitzeko: «Bestela murrizketak etorriko dira», ohartarazi du Araizek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.