Gutxitu egin dira egun bakarrean atzemandako kasuak

Beste 793 positibo detektatu dituzte Hegoaldean, aurreko egunean baino 14 gutxiago. Ospitaleratzeek ere behera egin dute: 56 gaixo erietxeratu dituzte azken egunean. Hiru gaixo zendu dira, Nafarroan.

PCR probak, Gurutzetako ospitalean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 18a
12:47
Entzun

Behera egin du Hegoaldean atzemandako kasuen kopuruak. 793 pertsonak eman dute positibo azken egunean egindako probetan, aurreko egunean baino hamalau gutxiagok. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da egun bakarrean egindako PCR proben kopuruak nabarmen egin duela behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: ia 2.000 gutxiago egin dituzte, 9.166 alegia.

Halaber, koronabirusarekin eri ziren hiru adineko zendu dira azken egunean, Nafarroan. Zehazki, 79, 82 eta 90 urtekoak dira hildakoak.

Lurraldeka, Nafarroan detektatu dute kasu berri gehien: zehazki, 274, bezperan baino 46 gehiago. Bizkaian 232 kasu atzeman dituzte, aurreko egunean baino hogei gutxiago. Gipuzkoan, antzeko mantendu da kopurua: 190 erregistratu dituzte, bezperan baino bi gehiago. Araban, berriz, 85 izan dira kasu berriak. Han, kopurua nabarmen apaldu da atzokoarekin alderatuta, 131 izan baitziren.

Ospitaleratzeei dagokienez, erietxeratutako lagun kopuruak behera egin du Hegoaldean. Azken egunean 56 lagun erietxeratu dituzte, 11 gutxiago, bezperako datuekin alderatuta. Horietatik hogei Nafarroan ospitaleratu dituzte, eta 36 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halaber, Osasun Sailak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, oraintxe bertan 71 gaixo daude ZIUetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.